- Baldintzapeko askatasuna
- 25 urte dira Euskal Herrian homosexual, bisexual eta transexualen eskubideen alde lan egiteko lehenengo elkartea sortu zela. Elkarteak sortzeak homosexualitatea naturalago bizi dela adierazten du, orain dela gutxi, elkarterik ez baitzen eta homosexualak bere izaera ezkutatu behar baitzuen.Elkarte asko aritzea ere ez da seinale ona, halere. Oraindik aukera sexual guztiak errespetatzen ez diren seinale baita. Segidako orrietan hogeita bost urte hauetan diskriminazioaren aurka lanean ari diren hainbat elkarteren berri dakarkigu.
- Argia, 2002-10-13, 1871 zbk. # Onintza Irureta eta Andrea Ruiz
Garai batean (orain dela ez hainbeste) homosexuala izatea ezkutatzeko arrazoia zen. Errepresioa gogorra zen, homosexualak gaitzetsiak ziren eta askotxotan jipoituak. Orain, eta beti ere gizarte liberal edo «zibilizatu»etaz ari garela, diskriminazio bide horiek desagertzeko bidean jarri dira. Dena den, oraindik bide luzea dago egiteko, nahiz eta asko aurreratu den. Duela bost urte, urrian bertan, sortu zen Gehitu elkarteko Iñigo Lamarcak orain bizi dugun garai honi «tolerantzia garaia» deitzen dio.Ezkutalekutik ateratzeak beraz, homosexualei (eta baita heterosexualei ere) eskubideen alde lan egiteko antolatzeko lasaitasun handiagoa eman die. Giro berri honi esker Euskal Herrian hainbat elkarte sortu da. Lehena, duela 25 urte sortu zen, EHGAM (Euskal Herriko Gay Askapen Mugimendua) eta azkena martxoan Lapurdin, LGPBI (Lesbian and Gay Pride Biarritz Impact) izeneko elkartea.Hiru alor jorratu ohi dira elkarte hauetan, batzuetan alor guztiak, besteetan bakarra edo bi. Aldarrikapenen alorrean lan asko dago egiteko oraindik. Eskubideen berdintasuna, hezkuntza programak eta testu liburuak berritzea, lan mundua jorratzea dira besteren artean xede. Bestalde, hainbat elkartek zerbitzuak eskaintzen ditu, informazio eta laguntza zerbitzuak homosexualentzat, transexualentzat, bisexualentzat, familiarentzat, lagunentzat. Hirugarren alor batean ere gero eta indar gehiago jartzen da: bilguneen alorrean. Kontua kirol guneak, kultur gunek edo dena delakoak sortzea da homosexualak gizarteko beste esparrutan oraindik lortu ez duten naturaltasunez bizi daitezen, elkar ezagutu dezaten, norberaren estimua landu dezaten eta zergatik ez, ligatzeko aukera izan dezaten.Helburu nagusiak berberak dituzten arren, elkarte hauetako bakoitzak baditu bere ñabardurak. Elkarte guztiak orriotan ez badira ere, batzuen nondik-norakok jaso ditugu, eta patxada gehiagoz EHGAM elkarteko sortzaileetariakoa den Imanol Alvarezekin eta Gehituko sortzaileetarikoa izan zen Iñigo Lamarcarekin aritu gara berriketan.Antonio Kintana, orain EHUko irakaslea, Britainia Handitik etorri berria zen. Hark hango Gay Liberation Front elkartea ezagutzen zuen eta Euskal Herrian ere elkarte bat sortu behar zela uste zuen. Ez zuen harreman askorik Euskal Herrian eta Imanol Alvarez bizkaitarrarengana jo zuen. Elkartearen sorreratik lanean diharduen Alvarezek Kintanari lortu nahi zuena ezinezkoa zela erantzun zion. Hala ere, ilusio berriei atea ixterik ez zegoela-eta laguntzen saiatzea erabaki zuen. Orduan 20 urte zituen Alvarezek. 1976ko azaroan "Anaitasuna" aldizkarira gutun bat bidali zuten Kintanak eta Alvarezek, idatziz gay mugimendua gero eta indartsuagoa zela, gero eta agerikoagoa eta Euskal Herriko komunikabideetan ez zela aipatu ere egiten gai hori. 76ko amaiera hartan biak ari ziren soilik lanean eta Bilbon hasi ziren elkartea sortzeko beharraren berria zabaltzen. Alvarezen harridurarako oso begi onez hartu zuen jendeak ideia eta azkenean, 1977ko urtarrila-otsailean elkartearen aurkezpena egin zuten. Elkarteari EHGAM izena jarri zioten eta siglaren hizki bakoitza oso ondo hausnartu zela nabarmendu digu Alvarezek. Gay hitza aukeratzeak eta mantentzeak ekarri ditu bere ondorioak. Gay hitzak sorreraz emakumezko zein gizonezko homosexualak biltzen ditu, baina hitza maskulinizatua izan da. Elkartea sortu zenean gay hitzaren pean hainbat emakume homosexualek ezkutatuta geratzen zirenaren sentsazioa zuen eta EHGAM elkartetik at lan egitea erabaki zuten. Beste emakume batzuek elkartean aritzea erabaki zuten. Dena dela, elkartean beti izan dira gutxiengoa emakumeak. Orain, behin baino gehiagotan gay hitza erabili beharrean lesgay ere erabiltzen dute, elkarteko emakumeek oraindik ere gay hitzaren azpian ezkutatuta daudela uste dutelako.- 68ko maiatzaren espiritua
Franco hil berri zen eta baziren urte batzuk 68ko maiatzeko gertaerak jazo zirela. Hurrengo urtean, New Yorken, matxinada bat gertatu zen. Polizia gay eta lesbianen ghettoan sartu zen eta lehenengo aldiz aurre egin zioten. Oraingo gay mugimenduaren korrontearen sorreratzat hartzen da han gertatutakoa. Pariseko eta New Yorkeko berriak nekez eta gutxi gorabehera heldu ziren euskal herritarren belarrietara, bai behintzat Imanol Alvarezenetara. Aldiz, Britainia Handiko kontuak hobeto ezagutzen zituzten eta Katalunian hilabete batzuk besterik ez zituen elkartearekin harremanetan jarri ziren. Ezagutza gutxirekin, zer nahi zuten ondoegi jakin gabe hasi ziren lanean, Maiatzaren 68ko espirituarekin.Frankismoaren aztarnak oraindik bizi-bizirik zeuden. Ez zirudien homosexualen eskubideen aldeko elkarte bat sortzeko garairik egokiena zenik, baina usteak erdia ustel. Hego Euskal Herrian jendea oihukatzeko eta lan egiteko gogoz zegoen eta bazirudien askotan «debekatutakoa=ona» kontzeptua aplikatzen zela. Egoera hark eragin positiboa izan zuen EHGAMen sorreran eta jendeak hausnarketa gehiegirik egiten ez bazuen ere, elkartea ontzat hartu zuen. Alvarezek dioenez, "mesedegarria izan zen egoera hura eta ez dakit esan daitekeen egoera hura baliatzeko aukera izan genuela".- Gorriek eta gayek ez dute sosik merezi
Beti izan ditu izugarrizko arazoak EHGAMek erakunde publikoekin, bai lehen eta baita orain ere. Alderdi politikoen siglekin erlazionatzeko ohitura hori hogeita bost urteetan nabaritu du. Sortutakoan Euskadiko Ezkerrarekin lotu zuten. Elkarteko estatutuak Juan Mari Bandresek idatzi zituen, Francisco Letamendia, «Ortzi», izan zen Madrilgo kongresuan gai hau aipatu zuen lehen diputatua. Ondoren, EMKrekin lotu zituzten. Azken urte dezentetan berriz, HB-EH-Batasuna siglen azpian jarri dituzte. Erakundeetan EAJ egon denean sosik ez dute jaso. Gayak eta gorriak zirela aurpegiratu omen zieten. Gayak baino gehiago gorriak zirela. PSOE bazegoen erakundeetan, Herri Batasunakoak zirela aurpegiratzen zitzaien eta ez zuten sosik jasotzen. Orain diru laguntzak jasotzen dituzte nahiz eta laguntza eskasa den eta kostata lortzen duten.Sortu berritan diru laguntzak eskatzeko ere bakarrak ziren besterik ez baitzen Euskal Herrian. Orain ordea elkarte mordo bat ari da lanean eta erakundeek elkarte guztien artean banatzen dituzte diru laguntza horiek. Elkartea hasieran bakarrik aritu zela esan dugu, gero lesbiana taldeak agertu ziren nahiz eta agertu-desagertu ibili ziren eta Euskal Herriko gune zehatz batzuetan soilik aritzen ziren sarri. Alvarezek azpimarratu digunez, EHGAMek begi onez ikusi zuen elkarte berrien sorrera, nahiz eta askok ez duten hori sinesten. Batetik, elkarte berriak sortzeak EHGAMi bere ildo ideologikoa lantzen segitzeko erraztasuna emango zion. Elkarte hauek helburu berak dituzte, baina ez guztiak, eta metodologiak ere ez dira berak beti. Bestetik, gainerako elkarteekin elkarbanatzen dituzten ekintzak elkarrekin burutzen saiatu dira.Orain, 25 urte elkartean lanean egin dituen Imanol Alvarez gazteen zain dago. Nekez hurbiltzen dira gazteak elkartera. Gizarteko beste esparruetan igarri den bezala eremu honetan ere partaidetzak behera egin duela uste du Alvarezek. Dena den, lekukoa emateko prest dago.Gehituk ez zuen bere sorreran EHGAMek aurkitu zuen egoera bera izan. EHGAM lehena izan zen eta Gehitu sortu zenean Aldarte, Gaytasuna eta lesbianen hainbat elkarte ere abian ziren.1997ko urrian elkartea formalizatu aurretik jada Iñigo Lamarca eta beste 30-35 gizonek izatezko taldea sortua zuten. Aisialdiaren esparruan hasi ziren lanean, batez ere festak antolatzen eta baita Madrildik eta Bartzelonatik etorritako hizlarien bidez hitzaldiren bat edo beste eskainiz. Elkartea sortzeko gogoa bazen, baina taldekideek kontuan hartu zuten jada Euskal Herrian bazirela beste elkarte batzuk lanean. Taldekideek Bartzelonako CGL (Coordinadora Gay-Lesbiana) eta Madrilgo COGAM elkarteak zituzten eredu eta elkarte hauek betetzen zituzten hiru alorrak beraiek nahi bezala batzen zuen talderik Euskal Herrian ez zela uste izan zuten. Hiru alorrak honakoak ziren. Lehena, gay eta lesbianen eskubideen aldarrikapenaren alorra da. Eskubide berdintasunaren oinarripean egin behar zen lan. Asmoa elkarte zabala izatea zen, ideologia guztiek tokia izango zuten gunea. Bigarren alortzat hartu zuten informazio eta laguntza zerbitzuen atala. Zerbitzu hau gay, lesbiana, transexual, bisexualentzat eta baita senide, lagun eta gizarte osoarentzat bideratu nahi zuten.Hirugarren alorra gutxi landuta zegoela iruditu zitzaien. Asmoa aisian eta kultur giroan gay eta lesbianek elkar ezagutzeko gune aproposak sortzea zen. Gay giroko guneak baziren eta orain ere badira (lesbianentzat askoz gutxiago), baina ez nahikoa. Beraz, Gehituk festak, ikastaroak eta bestelako ekitaldiak antolatzea ikusi zuen egokia elkar ezagutza errazago garatu zedin eta barne kezkak errazago agertu zitezen.Elkarteak ez du kasualitatez daukan izena: Gehitu. Zentzu indibidualean, «zenbat eta gehiago izan hobeto» dio Lamarcak eta bestalde, Euskal Herrian lanean ari ziren elkarteak ikusita zerbait gehiago gehitu zezaketela uste zuten. Kideak ez ziren beste elkarteetan aritutakoak, ez zen elkarte baten banaketa izan, baina hala ere mesfidantzak sortu ziren.Dena den, orain, Euskal Herriko elkarteen arteko harremanak estuak ez badira ere une zehatzetan elkarlanean aritzen dira. Ekitaldi puntual horietako bat ekainaren 28ko nazioarteko eguna da. Egun horretan Euskal Herriko hiriburuetan Gehitu eta EHGAM elkarrekin aritzen dira. Elkarte gehiago bildu ziren duela pare bat urte Euskal Herriko Foroa osatu zutenean. Hainbat bilera egin zuten taula errebindikatibo komun bat hitzartu eta ekintza komunak burutzeko. Jarraitzeko dinamikarik ez en sortu, baina pare bat ekitaldi zehatz egin ziren. Orduko Sabin Intxaurraga Justizia sailburuarekin elkartu ziren izatezko bikoteen legearen beharraz aritzeko eta bestalde, gay eta lesbianentzako informazio eta laguntza zerbitzuak modu instituzionalagoan EAErako garatu zitezen. Oraindik Eusko Jaurlaritzak ez du abian jarri zerbitzu hori. Lan mundurako ekimen bat ere egin zuten foro honetan. Enpresari eta sindikatuekin elkartu ziren errebindikazio taula bat erakutsiz. Ekimena horretan geratu zen. Hegoak elkartearekin batera EAEko udaletxeetan izatezko bikoteak izena emateko prestatuta dauden erroldak homosexualen eskura ere uztea eskatu zuten eta baita bikoteei ezkontza zeremonia ospatzeko aukera ematea ere. Ibarretxe lehendakariarekin ere bildu ziren Gehitu eta Hegoak taldea.Iñigo Lamarcaren iritziz duela urte gutxira arte elkarteek batere laguntzarik ez edo izatekotan ere oso diru laguntza gutxi jasotzen zuten. Orain egoera bestelakoa omen da. Gehituk diru laguntzak jasotzen ditu udal, Gipuzkoako Foru Aldundi eta Eusko Jaurlaritzaren eskutik. Programak aurkezten dituzte, hala nola, jardunaldiak, liburuxkak edo «Gehisemua» aldizkaria bera. Harreman ekonomikoez gain harreman politikoak ere garatzen dituzte eta alde horretatik jarrera positiboa dela azpimarratu du Lamarcak. Gertuko harremanak dituzte eta beti atea irekita aurkitu dute. Lamarcak nabarmendu duenez ordea, horrek ez du esan nahi gehiago egin ezin daitekeenik. Bestalde, ez daki jarrera horiek egiaz zintzoak eta barneratuak diren ala «tolerantzia» garai honetan bizi garela-eta politiko zuzena dena egiten duten.Gehituk 200 bat bazkide ditu. 40-50 bat lagun dira boluntarioak edo aktibistak. Gainerakoek, soilik kuota ordaintzen dute, (Euskal Herriko beste elkarteetan ez zen modu horretara lan egiten hasieran behintzat). Mila arrazoirengatik elkartean lanean ez dira aritzen, baina diru iturri garrantzitsua da.Elkarteetara ez da hain erraz hurbiltzen jendea eta homosexualen eskubideen defentsan aritzen den elkartean aritzeak oztopo handiak dakartza. Oraindik ez dago homosexualen egoera "normalizatuta" eta beraz, homosexual askok (elkarteetan heterosexualak ere onartzen dira nahiz eta gutxi izan partaide) beldurra du elkartean lan egiteko. Komunikabideetan agertzeko prest dagoen jendea topatzea are zailagoa da. Gehitun oso gutxi daude prest komunikabideetan agertzeko. Jende gaztearen kasuan Lamarcak 40-50 urteko gurasoen jarrera nabarmendu du. Garai bateko guraso gehienak homofoboak ziren. Oraingoek seme-alaben homosexualitatea onartzen dute baina ez dute publikoki agertzerik nahi ======================================================
Euskal Herriko Gay Askapen Mugimendua. Elkarteak aurkezpen publikoa 1977ko urtarrila-otsailean egin zuen. Helbidea: EHGAM Gipuzkoa: Anoeta Pasealekua, 28 - 20014 Donostia. 1.632 posta kodea - 20080 Donostia. Telefonoa: 900 110111. 943 472617. Faxa: 943 473089. E-posta: ehgam@yahoo.com . Web gunea: birsortzeko asmotan dira [ www.ehgam.org ]. Bilkurak: ostegunero 19:30etatik aurrera. Helburuak: - Helburu teoriko eta ia kimerikoa, gizarte berdintzaile, justu eta askatzailea lortzea da, zeinean sexualitatea ere, askatasun osoz bizi daitekeen. - Errebindikazio guztiak, bakar batean bildu daitezke: aukera sexual jakin bat edukitzeagatik inor ez dadila ez sozialki ez legalki diskriminatua izan. Horretarako neurri asko hartu behar dira, bai lege arloan, hezkuntzan eta baita gizartearen kontzientzian ere. - Homosexual hitza eta heterosexual hitzek definitzen dituzten kategoria ideologikoak baztertu eta sexualitate plural baten barneko aukerak izatea lortu nahi dute. Honela, harreman homosexualak bizitzaren arlo guztietan normaltasun guztiz ikustea lortu nahi da. Bazkideak: EHGAM Gipuzkoak duela gutxi egin du diru kopuru txiki batekin lagundu nahi duten bazkideak lortzeko kanpaina. Baina, normalean egunero lan egin eta kolaboratzaile moduan ari den jendeari dagokionez, ez dago zenbaki finkorik, eta ez dago ezta ere, nork parte hartu dezakeen eta nork ezin duen parte hartu esaten duen araurik. Edozein pertsonari daude irekiak. Zerbitzuak: Informazioa eta laguntza, telefonoz eta egoitzetan. Abokatuak eta psikologoak eskura. Liburutegia, hemeroteka, bideoteka eta dokumentazio zentroa. Giza arloko ekintzak: festak, kanpaldiak, bideo forumak, erakusketak, topaketak, kultur ekintzak, hiesari buruzko prebentzio kanpainak. Hezkuntza zentro eta beste foroetan hitzaldiak. Gazte Gay taldearen bidez gazteak atenditzen dira. Hedabideak: Duela urte dezente, "Gay Hotsa" aldizkaria argitaratzen zen. Espainian aitzindari izan zen. Barne eta finantziazio arazoengatik orain ez da kaleratzen.
Helbidea: EHGAM Bizkaia. Escalinatas de Solokoetxe 4, 48.005 Bilbo. 1667 posta kodea, 48080, Bilbo. 13 posta kodea, 48200, Durango. Telefonoa: 94 4150719. Faxa: 94 4150719. E-posta: ehgam@yahoo.com . Bilkurak: astelehenetan, 20:00etatik aurrera. Txoko Landan (Bilboko EHGAMen egoitza soziala), taberna bezala irekita egon ohi da ostiral, larunbata eta jai bezperetan, gaueko 00:00etatik goizeko 3:00ak arte.
Helbidea: EHGAM Nafarroa. 1157 posta kodea - 31.080 Iruñea. Telefonoa: 948 211173, 948 229149. E-posta: ehgam@yahoo.com . Bilkurak: asteartetan 20:00etatik 22:00etara.
Helbidea: Escalinatas Solokoetxe, 4. 1667 posta kodea - 48.080 Bilbo. Telefonoa: 94 4150719. Faxa: 94 4150719. E-posta: ehgamyahoo.com Bilkurak: ostiraletan, 19:00etatik 21:00etara.
- GEHITU. Euskal Herriko gay eta lesbianen elkartea
1997ko urrian sortu zen. Oraintxe beteko dituzte beraz bost urte. Helbidea: Arrasate kalea 51, 3 esk. 20.005, Donostia. 1345 posta kodea. 20.080, Donostia. Egoitza soziala Donostian dago, baina ordezkaritzak dauzka Gasteizen, Bilbon, Iruñean eta Hendaian. Telefonoa: Administrazio zenbakia: 943 468516. Astelehenetik ostiralera: 10:00-13:00 eta 18:00-20:00. Faxa: 943 468516. E-posta: infogehitu@net . Web gunea: www.gehitu.net . Bilkurak: ez dira egun zehatzetan biltzen, bilera bat prestatzen denean bai. Emakumeak asteazkenetan biltzen dira eta gazteak, larunbatetan. Egoitza egunero dago irekia, ekintza sozialik ez badago ere. Astelehenetik ostiralera: 10:00-13:00 eta 18:00-20:00. Larunbata eta igandea: 18:00-20:00. Helburuak: gay, lesbiana, bisexual eta transexualek dituzten eskubideak oso-osorik ontzat hartuak izatea, euren sexu afektibitatea bizi ahal izateko beharrezkoa baita merezi dituzten duintasun eta berdintasunaz gozatzea eta orientazio sexualean edo nortasun transexualean oinarrituriko gizarte eta lege bazterketari amaiera ematea. Bazkideak: 200 bat bazkide ditu. Hiru kuota mota ordaintzen dituzte bazkideek: ohiko kuota, ikasle eta gazte kuota edota bitartekorik ez dutenen kuota (ez dute ordaintzen). Zerbitzuak: gay, lesbiana eta transexualentzako Infasis izeneko informazio eta sorospen zerbitzua kudeatzen du Gehituk. 902 200 096 telefonoaren bidez, infasisgehitu.net helbidearen bidez edo egoitza nagusian eskaintzen duen atentzio pertsonalizatuaren bidez. Hedabideak: "Gehisemuá" aldizkariak duela urte eta erdi ikusi zuen argia eta hiru hilabetean behin ateratzen da. Gipuzkoan banatzen da eta doan. Kaleko jendeak idatzia eta bereziki hauei zuzenduta dagoen aldizkaria da. Atal finkoak ditu: sexologia, luma heterosexuala, bis a bis, iritzi artikuluak eta elkarrizketak.
Duela zazpi bat urte sortu zen. Lesgaytegia 2000. urtearen bukaeran sortu zen. Elkartea Gaytasuna da, baina Lesgaytegia izeneko egoitzan eta proiektuan hartzen du parte, beste talde batzuekin batera. Gaytasuna elkarteak Lesgaytegia egoitza erabiltzen du eta horretarako egoitzaren alokairua ordaintzen du. Helbidea: Nueva Dentro kalea 16 behea, Gasteiz. Telefonoa: 945 289115. E-posta: lesgaytegia@yahoo.com . Bilkurak: asteartetan 20:00etatik 22:00etara Lesgaytegiako bilera. Asteazkenetan 20:00etatik 22:00etara Gaytasunako bilera. Helburuak: Sexu askapenaren alde lan egiten dute, berdintasuna lortzeko asmoz, agerikotasunaren alde borrokatzen dute, norma heterosexuala hautsi eta kontzientzia soziala sendotzeko. Bazkideak: bi bazkide mota bereizten dira. Gaytasunaren kide direnek ez dute ordaintzen kide izateagatik eta ez dago kopuru finkorik. Lesgaytegiaren kide direnek 6 euro ordaintzen dute hilero eta diru horrekin ordaintzen da egoitzaren alokairua. Gaytasunako kide izan daiteke ezer ordaindu gabe eta Lesgaytegiako kide izan gabe, edo alderantziz, edo bietako kide. Zerbitzuak: liburutegia, aldizkariak, bideoak, hitzaldiak, solasaldiak, erakusketak, bideo forumak, eztabaidak, txangoak, ikastaroak, mahai-inguruaka
- LUMATZA. Lesbianen Taldea
Helbidea: Navarrería 15-1 ezk. 31001 Iruñea eta Marcos Goñi kalea z/g. 31015 Iruñea. Telefonoa: 948 228265.
- ALDARTE. Centro de atención a gays y lesbianas y transexuales del Pais Vasco
1994ko urtarrilean sortu zen, lesbianen mugimenduaren barneko jende multzo baten ekimenez. Helbidea: Berroeta Aldamar kalea 7- 2 ezk. 48001 Bilbo eta Buenavista zentroa, Portugalete. Telefonoa: 94 4237296. Faxa: 94 4237296. E-posta: web@aldarte.org . Web gunea: www.aldarte.org . Bilkurak: Bilbon, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00era. Astelehenetik ostegunera, 17:30- 20:30. Portugaleten, ostegunetan, 17:00-20:00. Helburuak: aukera sexuala kontuan hartu gabe, pertsona guztien berdintasun osoa bultzatzea. Dibertsitate sexuala bultzatzea eta gizartearen onarpena jasotzea. Praktika sexualengatik diskriminatuak izaten diren pertsonei laguntza, elkartasuna, arreta, informazioa eta aholkularitza eskaintzea. Homosexualitatearen inguruan, gizarteko pertsona orori laguntza, aholkularitza eta arreta eskaintzea. Aukera sexualarengatik burutzen diren diskriminazioen aurka borrokatzea. Bazkideak: 317 bazkide. Hauez gain, idatzi (bai eskutitzez eta bai posta elektronikoz), egoitzara joan edo telefonoz deitzen duen edonor atenditzen dute. Joan den urtean, 3.500 kontsulta izan zituzten. Zerbitzuak: dokumentazio zentroa, bideoteka, hemeroteka eta liburutegia. Laguntza eta aholkularitza pertsonala. Laguntza psikologikoa. Informazio legala. Elkarlaguntza taldeak. Emakume taldeak. 40 urte baino gehiagokoen taldeak. Transexualei laguntza eta aholkularitza. Kristau taldeak. Tailer hezitzaileak, hitzaldiak. Aisialdiko ekintzak. Lagun eta senide taldeak.
1997an sortu zen. Ikuspegi progresista eta eraldatzaile batetik espresio eta bizitza afektibo-sexualaren alorrean sakontzeko interesik duten kideek osatzen dute elkartea. EAEn dago antolatua. Helbidea: Maiatzaren 2 kalea, 1-3 ezk. 48003 Bilbo, 10.120 posta kodea, 48080 Bilbo. Telefonoa: 94 4701013. Faxa: 94 4701012. E-posta: info@hegoak.com . Web gunea: www.hegoak.com . Helburuak: - Afektibitatea eta sexualitatea bizitzeko modu berriei buruzko proposamen propio bat egin eta horren inguruan hausnartzea, hori guztia, gizartearen eraldakuntza progresista ikuspegi batetik eginez. - Afektibitate, sexualitate eta elkarbizitzan oinarrituriko homosexualitate, lesbianismo, transexualitate, familia eta harreman eredu berriei buruz epe labur, ertain eta luzean egiteko aldarrikapen markoa egitea. - Gizarte osoari zuzendutako barne eta kanpo lana garatzea, bizitza afektibo-sexualari buruzko askatasun baloreei begira guztion ardura esnatzeko asmoz; eta aldi berean, gure inguruan oraindik gera daitezkeen jarrera sexista, homofobo eta baztertzaileak erradikatzea. - Askatasun afektibo-sexualaren alorrean dabiltzan taldeekin elkarlanean aritzea, direla gay, lesbiana, bisexual, transexual elkarteak. - Indarrean dagoen arautik (heterosexuala eta ezkontzazkoa) aldentzen den aukera afektibo eta sexuala agertzeagatik jasaten den bazterkeriaren aurkako borroka eta salaketa lana egitea. - Hezkuntzak afektibitate eta sexualitatearekin loturik dauden jarreretan jokatzen duen eta jokatu beharko lukeen paperari buruz hausnartzea.
- UGLE. Urolako gay eta lesbianen elkartea
Herritar multzo batek sortua, bailarako Emakumeen Koordinadoraren laguntzaz. Helbidea: 273 posta kodea, 20730, Azpeitia. Helburuak: Urola Kostan bizi diren sei mila gay eta lesbianen gizarteratzea. UGLEk gizarte osoan eztabaida piztu nahi du. Homosexualak izan edo ez, lagunak lotuko dituen elkargune izan nahi du.
2000. urtean sortu zen, EHGAM Nafarroa eta Lumatza Lesbianen Kolektiboaren elkarlanaren ondorioz. Helbidea: Aldapa kalea 3 behea ezk. Iruñea. Telefonoa: 948 229149. E-posta: ehgam.nafarroa@euskalerria.org .
- LGPBI. Lesbian and Gay Pride Biarritz Impact
Ipar Euskal Herrian sortu den gay eta lesbianen lehen egitura da. Egoitza Biarritzen du. 2002ko martxoaren 18an sortu zen eta lehen agerpen publikoa apirilaren 27an egin zuen. Helburuak: bazterketa eta diskriminazio mota guztien aurka borrokatzea, homosexualen, bisexualen eta transexualen eskubideak aldarrikatzea, hiesari eta sexu eritasunei aurrea hartzeko kanpainak egitea eta nazioarteko Lesbian and Gay Pride mugimenduaren lekukoa hartzea Ipar Euskal Herrian.
- Colectivo de Lesbianas Feministas de Gipuzkoa
Helbidea: Duque de Mandas, Alhóndiga Municipal, azken solairua. 20012 Donostia.
- AGERIAN. Colectivo de lesbianas feministas de Bizkaia
Helbidea: Jardines, 6-3 ezk. 48005 Bilbo. Pelota kalea 3. 48001 Bilbo.
Helbidea: Zapateria kalea 39, Gasteiz. Telefonoa: 945 257077. 2000. urtean sortu zen, Aldarte, Gehitu eta Lesbitoria-Gasteiz elkarteen ekimenez. Gasteizko Udalarekin sinatutako hitzarmenari esker, Udalak berak finantzatzen du zerbitzu hau, nahiz eta zerbitzuaren kudeaketa Gehitu elkartearen esku egon. Enfasis ez da beraz, elkartea. Zerbitzuak: udal zerbitzu honek, homosexualitateari buruzko kezka guztiak argitzen ditu, arazo juridikoak saihesteko aholkuak ematen ditu eta beharrezkoa denean arazoak konpontzeko bideak errazten ditu. Sexuari dagozkion zalantzak argitu eta aholkularitza zein laguntza psikologikoa ematen du. Telefono zerbitzuaz gain, biltzeko aukera, liburutegia, bideoteka, laguntza emozionala, irakasle eta ikasleen formakuntza ikastaroak, lege arloko informazioa eta baita kultur kanpainetan parte hartzea eskaintzen du Enfasisek.