2005/06/13

> Elkarrizketa: XABI VALBUENA > "HOMOFOBIAREN AURKA LAN EGIN NAHI DU BOST AXOLAK"

  • Xabi Valvuena · Bostaxola.com webguneko arduraduna
  • «Homofobiaren aurka lan egin nahi du Bost Axolak»
  • Gara, 2005-06-13
Gay eta lesbianen eskubideen alde ari da lanean Bost Axola gazte elkartea. Taldea orain dela urtebete sortu zen eta bere lehenengo fruitua orain dela egun batzuk aurkeztu zuten: www.bostaxola.com webgunea. Xabi Valbuena da horren arduraduna. Bere esanetan, egitasmo hau gehienbat gazteei dago zuzenduta.

­Nola sortu zen Bost Axola elkartea?
Bost Axolan sartu garenok aldez aurretik beste gay eta lesbianen elkarte batzuetan aritu gara. Beti gazte mugimenduan murgilduta egon gara. Edonola ere, lanean ari ginen elkarteentzat garrantzitsuak ez ginela ikusten genuen, hau da, gay eta lesbianen eskubideen defentsarako elkarte orokorrak ziren eta gazteen arazoak ez ziren beren lehentasun nagusia. Gure ustez, aldiz, lehentasuna gazteak ziren. Ez genuen baimenik jasotzen hainbat ekintza eta jardunaldi antolatzeko edo trabak sortzen ziren aurrekontuak zirela-eta... Hori dela-eta, iazko uda-partean Bost Axola elkartea sortzea erabaki genuen. Azkenik, abenduan Eusko Jaurlaritzaren erregistroan alta ematea lortu genuen. Hortik aurrera, webgunea sortzen eta beste hainbat gauza egiten aritu gara buru-belarri. Edonola ere, oraindik aurrekonturik ez daukagunez ez eta boluntario gehiegirik ere, gauza txikiak egiten ari gara.


­Zein helbururekin jaio zen elkarte hau?
Helburu nagusia homofobiaren aurka lan egitea da. Badakigu homofobiaren aurka lan egitea oso helburu orokorra dela. Horregatik, beste helburu txikiago batzuetan sartzen gara. Adibidez, gay eta lesbiana gazteen laguntzan, aldarrikapenetan, manifestazioetan, hezkuntza arloan... ari gara lanean. Gaur egungo hezkuntzan, esate baterako, ez dago gay eta lesbianen egoera islatuta. Oraindik orain, testu liburuetan bikoteak eta familia aita eta ama dira. Ez dira inoiz bi aita edo bi ama izaten. Egoera hau aldatzen hasi behar dugula uste dugu.


­Zertara bideratzen du bere lana Bost Axolak?
Gure elkartea gazteok eta gazteontzat egina da. Gazteok egin dezakeguna da batez ere kezkatzen gaituena. Ez bakarrik gazteontzat egin dezakegun lanak, baizik eta gazteok beste arlo batzuentzat egin dezakegunak.


­Orain dela gutxi www.BostAxola.com webgunea sortu duzue. Zein asmorekin jaio da web orri hau?
Ikusgarritasuna landu nahi dugu. Badakigu gaur egun Euskal Herrian gay eta lesbianen kontuarekin bi edo hiru elkarte nagusi daudela ­Gehitu, EHGAM eta Hegoak­ eta horiek hartzen dutela leku gehiena. Dena den, talde txiki gehiago badaudela ikusten dugu. Hauek ez dute inolako indarrik, ez baitira ezagunak. Hedabideek beti talde handienetara jotzen dute. Egoera hau dela jakinik, gure lehenengo helburua Interneten zer edo zer nabaria eta erakargarria egitea da. Horretaz gain, elkarren arteko komunikazioa web bidez egin nahi dugu. Bakoitzak jasotzen dituen ideiak, berriak edo argazkiak bidaltzen dizkigu eta guk argitaratu egiten ditugu. Elkarren artean era elektronikoz hitz egiten dugu. Komunikazio mota hau antolatzeko era azkar eta fidagarria da. Era berean, zerbitzuak eskaini nahi ditugu webgunearen bidez. Oraindik ez dago guztiz garatuta, izan ere, pare bat zerbitzu gehiago eskaintzeko lanean ari gara.

­Zer aurkituko du webgunean sartzen denak?
Oso arlo ezberdineko gauzak daude ikusgai. Alde batetik, sexu gidak, gurasoei gay edo lesbiana zarela esateko moduak eta abar aurki daitezke. Bestetik, jendea ezagutzeko foro bat ere badago. Berriak ere lantzen ditugu. Horretaz guztiaz gain, inkestak, aholku-sailak eta abar ere badaude. Gauza asko aurkituko ditu internautak.