2005/09/02

> Berria: Ezkontza > EUSKAL HERRIKO HOMOSEXUALEN LEHEN EZKONTZA

  • Homosexualitatea: Euskal Herriko homosexualen lehen ezkontza gaur izango da Gasteizen
  • Zenbait gizarte eragilek diote legea aurrerapausoa dela, baina lan asko dagoela egiteko
  • Berria, 2005-09-02 # Anakoz Amenabar, Gasteiz


«Ezkontzak baldintza eta ondorio berak izango ditu ezkontideak sexu berekoak edo ezberdinekoak direnean». Hala erabaki zuen Espainiako Diputatuen Kongresuak iragan ekainaren 30ean. Kode Zibilean eginiko aldaketak izan du dagoeneko isla Hego Euskal Herriko udaletxe eta epaitegietan. Hainbat bikote homosexual hasi dira, jada, ezkontza ospakizunak prestatzen. Gasteizko Udalean izango da, bihar, Euskal Herriko lehendabizikoa.

Beatriz Artolazabal EAJko zinegotzia arduratuko da bihar, Gasteizko Udalean, aurreneko bikotea ezkontzeaz. Artolazabalen ustez, homosexualen ezkontzeko eskubidearen onarpena «aurrerapauso handia» izan da. «Sexu, erlijio edota ideologia aukera bat edo beste dela ere, gizaki guztiok dugun eskubidea da. Bidezkoa dela uste dut».Artolazabalek ezkontzeari uko egiten dioten zinegotzien jarrera «errespetagarria» dela deritzo. «Bakoitza oso libre da bere ideologiaren edo pentsaeraren arabera, eta errespetatu behar dira ezkontza hauek egin nahi ez dituztenak». Gasteizko Udalean, ordea, ez da arazorik izango edozein zinegotzik ezkontzeko: alderdi guztiek onartu zutenez, zinegotziek ezingo dute kontzientzi eragozpenaz baliatu. Ez da iritzi berekoa Sejo Carrascosa, Hiesaren Kontrako Koordinakundeko kidea. Haren arabera, «ez dira batere errespetagarri» ezkontzeari uko egiten dioten zinegotziak. «Hautetsiak dira eta legea bete behar dute, gainontzekoon moduan», gogoratu du. Kasu horretan kontzientzia eragozpena izan daitekeenaren «irakurketa okerra» egiten dela uste du Carrascosak. «Kuriosoa da aldarrikapen aurrerakoia izanik gehien erabili duena sektore kontserbadorea izatea. Ez da errespetatu soldadutzara joan nahi ez izatea eta, aldiz, medikuei errespetatzen zaie askotan abortua egin nahi ez izatea».
  • «Homofobiaren aurpegia», kontrako manifestazioetan

Legea onartzea «aurrerapausoa» izan dela onartu badu ere, «benetako pausoa» gizartean eztabaida sakona sortu izana eta legearen kontra eginiko manifestazioetan «homofobiaren aurpegia» ikusi izana dela nabarmendu du. «Ez da gehiegi poztu behar, asko baitago egiteko oraindik, hezkuntza aldaketaren inguruan eta homofobia errotik kentzearen inguruan».

Boterea dutenek ere «pauso sinbolikoagoak» egin behar dituztela nabarmendu du: «Berdintasuna ez da bakarrik botere kuota, ikusi behar da beharrezkoa den gizon eta emakume kopuru bera betiko gorbata, jantzi eta keinuekin. Beste gauza errealago batzuk zalantzan jarri behar dira».Ildo beretik, eskubide berdintasunaren aldeko borrokan legearen onarpena «garaipen handia» dela uste du EHGAMeko kide Imanol Alvarezek. «Orain kontua da jendeak askatasunez jo beharko lukeela ezkontzera, eta baten batek ezkondu nahi badu oso ondo».Halere, giza harremanak mota askotakoak eta inposiziorik gabekoak diren bitartean denak onesten dituela eta ezkontzea modu bakarra ez dela nabarmendu du Alvarezek. «Aurrerapausoa bada ere, beste ikuspegi sozial globalago batetik ez dakit ezkontzea aurrerapauso izan daitekeen». Bestalde, gizarteak aldaketa hau oraindik ez duela bereganatu nabarmendu du Alvarezek. «Emakume bat ikusita, haren gustukoak gizonak direla pentsatuko dugu, kontrakoa erakusten ez den bitartean. Oraindik gehienok barruan mendeetan jasotako heziketa dugu, eta harreman guztiak heterosexualak direla uste dugu».EHGAMeko kidearen arabera, hezkuntza da bidea. Eskolarena, familiarena eta komunikabideena da ardura nagusia, haren ustez: «Egia da hedabideetan gero eta harreman homosexual gehiago ikusten dela, baina homofobia zama handiko kantak ere badaude ondoan».Gay eta Lesbianen Gasteizko Enfasis elkarteko Begoña Perezek ere ezkontzeko eskubidearen albistea pozik hartu arren, egunerokoan berdintasun bidean oraindik «urteetako lana» badela nabarmendu du. Hala ere, gogoratu du egoera kezkagarria dela familian, lanean eta, batez ere, ikastetxeetan: «Oraindik ere marikoi eta antzekoak dira gehien errepikatzen diren irainak . Gazteek ez dute batere erraza ikastetxeetan sexu aukera onartzea».