- Presoen izaera politikoaren alde martxa bat abiatuko da Fleuryra
- Euskal Preso Politikoen Kolektiboak urtarrilean hasitako borrokaldiari atxikimendua agertzeko antolatu du larunbateko martxa Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, hainbat eragile politiko eta sozialen babesarekin
- Berria, 2005-03-16 # Ainhoa Sarasola, Donostia
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak eta Euskal Herriko hainbat eragilek deituta, martxa izango da Frantziako Fleury-Merogiseko kartzelara, larunbatean. Euskal Preso Politikoen Kolektiboak bere izaera politikoa aldarrikatzeko urtarrilean abiatutako borrokaldiari atxikimendua agertuko diote martxaren bidez. Ekimenean parte hartzera deitu duten eragileen artean daude Abertzaleen Batasuna, Aralar, Batasuna, EAE-ANV, Segi, LAB, EHNE, HIRU, Esait, Herria 2000 Eliza, EHE, Komite Internazionalistak, Askapena, EHGAM, Duina eta Ikasle Abertzaleak.
Iaz Algeciras eta Bapaumeko espetxeetara martxa bana abiatu zen Euskal Herritik, urrunen dauden kartzeletara, hain zuzen. Aurtengoan Fleury-Merogiseko kartzelara, iaz Oihane Errazkin euskal presoa hil zen espetxera abiatuko da. «Euskal presoak, dauden tokian daudela ere, han izango garela aldarrikatu nahi dugu», azaldu zuen Jon Enparantza abokatuak. Martxaren xedea, halaber, euskal presoei elkartasuna helaraztea eta euren aldarrikapenei oihartzuna ematea dela azaldu zuen. «Presoek pairatzen duten isolamendua egun batez apurtzen dugula irudikatuko dugu». Presoek atzo hasitako gose greba mugagabea ere nabarmendu zuen Enparantzak, hauek aurrera daramaten borrokaldiaren harira.- «Sakabanaketak hiltzen ditu euskal herritarrak»
Eragile sozial eta politikoek martxara deituz eginiko idatzia irakurri zuten Mati Iturralde LABeko kideak eta Joxean Agirre preso ohiak, atzo Donostian eginiko agerraldian. Euskal presoen egoera «okerrera» doala esan zuten. «Gero eta argiagoa da euskal preso politikoekin bukatzeko apustua». Hala, iaz sakabanaketa politikak Kepa Miner eta Oihane Errazkin euskal presoak hil egin zituela salatu zuten. Leo Estebanek, Sara Fernandezek eta Karmele Solagurenek ere bizia galdu zuten errepidean, euskal presoak ikustera zihoazela. «Saminak eta tragediaren tamainak ez diote zirrikiturik uzten zalantzari: Estatuen kartzela politikak hiltzen ditu euskal herritarrak». Kartzela politika «indarkeriaren erakusle gorenetakoa» dela iritzi zioten eragileek.
Euskal presoei atzera botatako zigor murrizketak, gaixotasun larriak dituzten presoak kartzelan mantentzea eta bisiten zerrendak murriztea salatzen ditu idatziak, besteak beste. «Eta Zapatero jaunak ez du talante berri izpirik erakutsi jokabidez aldatzeko. Aitzitik, aurrekoen kartzela politika miserable eta zapaltzailea berretsi du». Xedea, euskal preso politikoen izaera politikoa «desagerraraztea» dela iritzi zioten eragileek. Horiek horrela, herritar guztiak larunbateko ekimenean parte hartzera deitu zituzten atzokoan, «Euskal Herriak bere presoekin bat egiten duela eta beraien borroka denon borroka ere badela erakusteko».Segi gazte erakundeak presoen borrokaldi «eredugarriarekin» bat egitera eta larunbateko martxan parte hartzera deitu zuen euskal gazteria.- Deialdiak
- Presoen aldarriekin bat eginez, ekimenak izango dira herrietan:
- Gaur: Bi eguneko gose greba hasiko dute Leioako kanpusean.
- Bihar: Manifestazioa izango da Leioako kanpusean, 12:00etan. Goizean elkarretaratze bat eta hitzaldia ere antolatu dituzte.
- Etzi: Fleuryrako martxa dela-eta, autobusak abiatuko dira herrietatik. Galdakaoko Uriarten elkarretaratzea antolatu dute 19:00etatik 21:00etara.
- Larunbatean: Fleuryko martxa.
- Igandean: Mendi martxak antolatu ditu Etxerat-ek: Orion 8:00etan plazan bilduko dira; Usurbilen 11:00etan, Añorgan 9:45ean Mendizorrotzen, Astigarragan 8:00etan Beheko Plazan, Hernanin 9:00etan Gudarien Plazan eta Lasarten 12:00etan Okendo plazan.