2005/04/21

> Laburrak: Argitalpenak > AITOR ARANAREN "GAY HZTEGIA"

  • 'Gay hiztegia' idatzi du Aitor Aranak
  • Urola Kostako HITZA, 2005-04-21

Aitor Arana idazleak Gay hiztegia (Txalaparta) liburua aurkeztu zuen atzo Donostian. Arana legazpiarra da eta Urrestillan bizi da gaur egun. Liburua, «gay eta bisexual euskaldunok geure artean hitz egitean erabiltzen dugun hizkera bereziaren kutxa da funtsean».

> Elkarrizketa: AITOR ARANA > "HETEROSEXUALEN ARTEAN OHARKABEAN HITZ HOMOFOBO ASKO ESATEN DIRA"

  • Aitor Arana · Idazlea
  • «Heterosexualen artean oharkabean hitz homofobo asko esaten dira»
  • 'Gay hiztegia' argitaratu berri du, Euskal Herriko gay giroko hitz, esamolde, talde, film eta liburuak biltzen dituen hiztegia.
  • Berria, 2005-04-21 # Unazi Zubeldia, Donostia
Aitor Aranak (Legazpi, 1963) hamazazpi urte zituenetik dihardu ipuingintzan, haur eta gazte literaturan, helduen eleberrigintzan, itzulpengintzan eta hiztegigintzan. Sarien iturritik edandakoa da, Bilintx, Baporea, Azkue eta Txomin Agirre sariak irabazi baititu, besteak beste. Orain Gay hiztegia hitz eta esamoldeen bildumarekin euskal gay kulturaren normalizazioa, gizartearen onarpena irabazi nahi du.

Nondik nora sortutako proiektua da Gay hiztegia?
EHGAM izan da proiektuaren sortzailea. EHGAMeko fundatzaile historikoetako batek, Imanol Alvarezek, aipatu zidan 80ko hamarkadatik horrelako lan bat bideratu nahian zebiltzala. Eskaintzari baiezkoa eman nion, baina garbi utzita ez nuela lan txiki bat egin nahi.


Eta nola eman diozu gorputza lanari?
Hiztegia bi hanka dituen umea da. Alde batetik iturri bibliografikoak erabili ditut, Ramon Etxezarretaren Hiztegi erotikoa, Iñigo Lamarka eta Iñaki Mendigurenen lanak... Bestetik, elkarrizketen bidez lortu dut informazioa. Bikotekide euskalduna duten zazpi gay euskaldunek onartu zidaten elkarrizketa egitea, eta horrek hiztegia asko aberastu du. Pena dut, ez dudalako emakumerik lortu hiztegian hitz lesbikoak argitaratzeko unean.


Askok zalantzan jartzen dute euskal gay hizkera. Hiztegi honek erakutsi du, ordea, euskal gay hizkera badela.
Hitz egiten den neurrian, euskal gay hizkera badago. Egia da euskal gay munduan, gizartean gertatzen den moduan, euskara minoritarioa dela. Baina lan honetan, esaterako, 1.322 hitz eta esamolde bildu ditugu, eta garbi dago espainierazko gay hizkerak duen indarrik ez badu ere, euskal gay hizkera erabiltzen dela. Donostian, Urumea inguruan, esaterako, gay ugari ibiltzen dira ligatu nahian; horri errekamari lanetan ibiltzea deitzen zaio. Garbi dago, beraz, hizkera propio bat baduela.

Gay hiztegia, hala ere, ez da hiztegi soila, ez da ohiko hiztegia.
Ez, nik ez nuen nahi hiztegi soila izatea, ez nuen egin nahi gay hizkeraren hitz eta adjektibo zerrenda hutsa. Nahi nuen euskal gay hizkeraren, euskal gay kulturaren kutxa moduko bat izatea. Horretarako sartu ditut hitz, adjektibo, eta esamoldeez gain, Euskal Herriko probintzietan eratu diren gay eta lesbianismoaren inguruko taldeak, eta gai honen inguruan argitaratu diren liburu eta film aitzindariak.

Nafarroan edo Lapurdin, esaterako, euskal gay hizkera ez da berbera. Kasu horietan zer irizpide erabili duzu?
Hiztegi honetan ekialdea eta mendebaldea azaltzen dira, nabarmen; baita erdialdea ere. Badira esamolde batzuk Bizkai aldean bidea egin dutenak; Nafarroa aldean sortutakoak ere badaude, eta beste asko eta asko Gipuzkoa aldetik iritsi dira, neurri batean, idazten aritu garen gehienak ere gipuzkoarrak garelako. Hala ere, saiatu naiz Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan ere eskua sartzen, baina iparraldearen oihartzuna oso txikia izan da; hamar bat hitz bildu ditut, asko jota.

Baina bidea, behintzat, ireki duzu.
Bai, bai. Hiztegi hau lehen adreilua da, euskal etxean lehen adreilua ipini dugu, baina, dudarik gabe, osatuz joango gara. Hiztegigintzan beti esaten da hiztegi bat inoiz ezin dela bukatu. Hiztegia inprimategian sartu genuenean hitz batzuk ate joka geratu ziren, irakurleari ere hitz batzuk irakurtzean berak erabiltzen dituen beste batzuk etorriko zaizkio gogora... Horiek ere jasotzea interesgarria izango da.

Orain arte zergatik ez da horrelako lanik egin?
Nik ere hori daukat buruan. Pena daukat orain 25 edo 50 urte horrelako hiztegi bat egin ez izana, eginda egon balitz, hainbat kontzeptu ikusi ahal izango baikenituzkeen, eta garapena aztertuko baikenukeen. Baina, tira, gutxienez hemendik aurrera gay hiztegiak egiten direnean, honekin alderatu ahal izango dute. 200 urte barru gai honen inguruan gizarte egoera aztertu nahi duenak euskarri bat izango du.

Hiztegian lesbianen mundua aparte antzean geratu da. Lesbianekin antzeko lanik egiteko asmorik badago?
Nik dakidala ez. Baina, ni saiatu naiz topatu dudan guztia sartzen. Gay hiztegiarekin, nolabait, saiatu naiz lesbianei, bisexualei eta transexualei eserlekua eskaintzen, denak islatuta daude. Hala ere, etorkizunean hiztegi lesbikoa egin beharko litzatekeela uste dut; horren iturri bibliografiko bat gay hiztegi hau izan daiteke, gainera.

Hitz asko homofobiarekin lotutakoak dira oraindik. Errealitate horrekin ere topo egingo zenuen, noski.
Heterosexualen artean, oharkabean, hitz homofobo asko esaten dira. Hor daude, esaterako, gizonezkoen artean erabiltzen diren maritxu, maritxukeria eta maritxutxisteak hitzak. Ni, hala ere, saiatu naiz hitz horiek guztiak bildu, eta homofobo diren neurrian, deskripzio edo azalpen hori gehitzen.