- Gazte talde ugariren atxikimendua jaso dute 'Haika-Segi auziko' kideek
- Elkarretaratze isilak deitu dituzte ostiralerako hiriburuetan, eskubide zibil eta politikoen defentsan
- Berria, 2005-02-02 # Ainhoa Sarasola, Donostia
Dagoeneko 500 atxikimendutik gora jaso dituzte Haika-Segi auziko auzipetuek. Atzo ere, gazte eragile ugariren atxikimendua jaso zuten 42 gazteek. Eragileekin auzipetuek aurrera daramaten harreman dinamikan, Eskubide zibilen defentsan, gazteria aurrera izeneko manifestuarekin bat egin du gazte eragile ugarik. Halaber, idatziaren lelo berarekin, elkarretaratze isilak egiteko deialdi bateratua egin zuten gazte eragileek, ostiralean, hainbat hiriburutan. Elkarretaratzeak Bilbo, Iruñea eta Baionako udaletxeen aurrean, Gasteizko Korreos plazan eta Donostiako Artzain Onean egingo dira, 19:30ean. Besteak beste, gazte asanbleak, gaztetxeak, emakume gazteen taldeak eta gazte mailako beste hainbat eragilek egin zuten deialdia.Emakume gazte taldeen izenean, Oihane Eizmendik hartu zuen manifestua irakurtzeko ardura. 18/98 auziak eta Jarrai, Haika eta Segi gazte erakundeen aurkakoak ekarritako «ondorio larriak» aipatzen ditu idatziak. «Euskal gazteriaren defentsan aritzeagatik, erabat zilegia den gure proiektu politikoaren alde borrokatzeagatik 654 urteko espetxe zigorra ezarri nahi digute, aro modernoan eskubide zibil eta politikoen aurka ezagutu den erasorik larrienean». Hala, erasoa euskal gazteriaren eta Euskal Herriaren aurkakoa ere badela dio idatziak. Guztioi dagokigu erantzuna ematea, Euskal Herriak eraso hau gelditu behar du. Orain, euskal gazteriaren defentsan ateratzeko unea da». Haika-Segi auzian auzipetutako Markel Ormazabalek esan zuenez, lau konpromiso maila eskatu dizkiete gazte eragileei. «Euren kidegoari auziari buruzko informazioa helaraztea; manifestuari atxikitu eta gurekin publikoki adieraztea; elkarretaratze isiletarako deialdia gurekin batera egitea, eta azkenik, epaiketa egunean ordezkaritza bat babesa ematera bidaltzea, azken hau zehazteke badago ere». Idatziarekin osoki bat egin ez, baina beste hainbat konpromiso hartu dituzten eragileak ere badirela azaldu zuen Ormazabalek. Nafarroako Gazte Kontseilua auziaren berri ari zaie ematen 125 talderi. Kideei auzien berri emango zietela esan zuten ere Gazte Abertzaleek eta CCOOko gazteek. IUko gazteek, euren salaketa helarazi zieten.
- EGI eta Gazte Abertzaleak
"Oinarrizko eskubideen urraketa" salatu du EGIk 18/98 auziaz duen iritzia eman zuen atzo EGIk, ohar batean. Bertan, auzi horien balantzea egiten du EGIk; 220tik gora auzipetu daudela, Haika-Segi auziko kideei eskatutako 654 urteko kartzela zigorrak, tortura eta tratu txar salaketak eta lau hedabideren itxierak aipatzen ditu. Auziotan, «talde armatuko kide izatearen delituaz irakurketa interesatu eta zabala» egin dela eta «oinarrizko eskubideen urraketa sistematikoa» gertatu dela salatu zuen EGIk. Hala, auzipetuei «elkartasuna eta babesa» adierazi zien EGIk. Halaber, militanteei egoera horrekiko gaitzespena ager dezatela eskatu eta asteotan izango diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zien.
Haika-Segi auzian oinarrizko eskubideen urraketa izan dela salatu zuten Gazte Abertzaleek ere; «erakunde horietako gazteak kriminalizatzeko arma besterik ez da 18/01 auzia».
- Atxikimenduak
Gazte eragile ugarik agertu dute atxikimendua, besteak beste:
Duina gazte koordinadora eta bere baitan bildutako eragileak. LAB gazteak. ELA gazteak. EHNE gazteak. SEGI. Ikasle abertzaleak. Iratzarri. Gaytasuna gay eta lesbianen taldea. Bilgune Feminista. Gaztetxeak: Gasteiz, Arrasate, Sara, Maule, Donibane Ziburu, Miarritze eta Garazi-Baigorriko gaztetxeak. Donostiako Piratak. Gazte asanbladak: Baiona, Uztaritze, Angelu eta Azkaine. Emakume gazte taldeak: Iratzar, Iduna, Mandraka, Gaumore, Ekilore, Urrena eta Bilboko emakume gazteon koordinadora. Ostinkeina elkartea. BOM Bilboko Okupazio Mugimendua: hemen batzen dira Santutxuko Sorgintxulo, Otxarkoagako gazte topagunea, Uribarriko gazte asanblada, Zorrotzako gaztetxea, Kukutza Errekaldeko gaztetxea, Deustuko gazte lokala eta Alde Zaharreko, Olabeagako, San Inazioko eta Iralako gazte asanbladak. Bilboko Konpartsak: Uribarri, Bizizaleak, Makagüen, Abante, Eguzkizaleak, Mozkotarrok, Mamiki, Pinpilipauza, Lehoiak, Tintigorri, Altzaporru, Gogorregi, Kobetas mendi, Pa... ya!, Hau pittu hau!, Askapeña, Kaskagorri, Algara, Txoribarrote, Hontzak, Satorrak, Sin cuartel, Arrainak, Kaixo eta Aixeberri. Gaztela Leon eta Palentziako Juventudes Castellanas Revolucionarias (Espainia). Juventudes Comunistas de Guadalajara (Espainia)