- Gazteek gaitzari beldurra galtzeak kezka eragin du agintariengan
- Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren esanetan, nabarmen murriztu da preserbatiboen erabilera
- Berria, 2003-11-30 # Iñigo Bilbao, Bilbo
Hiesaren inguruko albisteek garai bateko ikusgarritasuna galdu dute. Egia da, bai, gurean nabarmen behera egin duela gaixotasunagatik hiltzen zirenen kopuruak. Baina hori gurean baino ez da gertatu. Gurean, eta gurea bezelako lurralde aberatsetan. Mundu zabalean 40 milioi herritar daude hiesak kutsatuta. 2002ko abenduaren 1etik azkeneko datuak jaso diren arte, hil honetan bertan, giza immuno-eskasiaren birusak hiru milioi lagun hil ditu eta beste bost milioi kutsatu. Gehienak, hamarretik bederatzi, hori bai, garatu gabeko herrialdeetako herritarrak ziren.
Euskal Herrian aspaldi amatatu ziren alarma gorriaren argiak. Horri esker bere onera itzuli da gaixo askoren bizimodua, ez direlako gehiago XX. mendeko agoteak. Baina, era berean, egoerak lasaikeria ekarri du, jendeak «beldurra galdu» diolako gaixotasunari. Bihar, ezusteko handiagorik ez badago, behintzat, hiesa albiste nagusia izango den egunean, ezagutuko ditugu azken orduko datuak. Gabriel Maria Inclan Osasun sailburuak hitzordua du kazetariekin Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak jakinarazteko.
- Preserbatiboen erabilera bultzatuko dute
Datuak datu, Inclanek berak aitortu du berriki Osakidetzan arduratuta daudela azken urteetan sexu harremanen bidezko kutsadura kaxuek izan duten gorakada ikusita. Ez dira agintariak bakarrik kezkatuta dabiltzanak. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan ere handia da ezinegona. Diotenez, euskal gazteek murriztu egin dute preserbatiboen erabilera sexu harremanak izaterakoan, «nabarmen gainera», diote.
Ikerketa baten arabera, ohiko lagunarekin sexu harremanak izaten dituzten gazteen %24k kondoirik ez duela erabiltzen aitortzen du. «Hiesa edo bestelako gaixotasunak kutsatzeko arriskuak dakartzan mamuak uxatzeko», Kontseiluak kondoia erabiltzeko dei garbia egin die gazteei, euren ustez kondoiaren erabilera «oinarrizkoa» eta «ezinbestekoa» delako.Horixe bera uste dute agintariek ere. Egunotan Arabakoko, Gipuzkoa eta Bizkaiko leku askotan ikus daitezke iragarkiak, gizon zein emakumeen preserbatiboak erabiltzeko deia eginez. Inclan sailburuak jakinarazi duenez, Sexu Bidezko Gaixotasunen Zerbitzuak Bilbon daukan kontsultan bikoiztu egin da gonokoziaz kutsatutakoen kopurua, duela lau urteko datuekin parekatuz gero.Ez hori bakarrik. Garai batean ia desagertutzat jotzen zen sifilia berriro agertu da gure artean. Izan ere, 2003. urtean sei laguni diagnostikatu zaie gaitza, eta ez zen holakorik gertatzen 80ko hamarkadaz geroztik.«Gazteek uste dute hiesa gaindituta dagoen arazoa dela dagoeneko, eta beldurra galdu diote. Gakoa ez da gazteei beldurra sartzen ibiltzea, baina bai ohartaraztea zenbaterainoko arriskua hartzen duten sexu harremanak babes barik izaten dituztenean», azpimarratu du Osasun sailburuak.Biharko eguna gogoan dutenen artean, EHGAMek, berba gogorrak izan ditu hainbat agintari eta Eliza Katolikoaren kontra. Vatikanoak antisorgailuak hiesaren kontra baliorik ez duela eta ez erabiltzeko egindako deia «arduragabea izateaz gainera, ia kriminala» dela uste du gay talde horrek. Aldarrien artean, preso dauden gaixoak beherala kaleratzeko eskatu du, «hiesa duintasunez tratatu diezaieten ospitalean», nabarmen du.
- Guztiok hiesdunak
Hiesa dutenek informazio gehiago eskatzen dute. Informazioa eta konpromiso handiagoa osasun arloko agintarien aldetik. Mikel Martin EHGAMeko kide ezaguna da gaixoetako bat. Argi dauka gaur egun hiesa ez dela garai bateko «gaixotasun madarikatua» eta, ondorioz, gaixoek ez dutela horrenbesteko arbuiorik nozitzen. Hiesaren kontra dabiltzan guztien elkarlana eskatu du, oraindik zer eskatu franko dagoelako:
anko dagoelako:
Laguntza psikologikoa: Hiesak dutenen buruhausteak oraindik handiegiak direla gogoratu du Martinek. Gorputzari dagozkion zaintzak egokiak diren arren, oraindik trantze latza izaten da gaixotasuna eta haren ondorioekin bizi behar izatea. Horretarako laguntza psikologiko handiagoa eskatzen dute gaixoek.
Trasplante azkarragoak: Hartzen dituzten botiken zeharkako eraginak gainditzeko, gaixo askok gibelaren transplantea behar izaten dute. Osakidetzak iragarri du dagoeneko ebakuntzak egin egingo dituztela. Gaixoek, euren aldetik, ebakuntza-gelarako sarbide azkarragoa eskatzen dute.
Hezkuntza: Eurei jazotakoa beste inork pairatu behar ez dezan, gaixoek eurek garrantzia berezia ematen diote hezkuntzari. Zentzu horretan, behar-beharrezkoa ikusten dute gaia eskoletara sartzea, gaztetxoek neskak eta mutilek albait arinen ikasi dezaten zer egin behar duten, ez bakarrik hiesa, baita sexu bidezko beste gaixotasun guztiak ekiditeko ere. Martinek azpimarratu duenez, kontua ez da kanpaina behin egin eta ondoren ahaztea. Kanpainak modu iraunkorrean egin behar direla dio, gazteak beti erne egon daitezen.
Gaixo dauden presoak: Kartzeletan dauden gaixoak berehala kaleratzeko eskaera egin du Martinek, gaitzari duintasunez aurre egin ahal izan dezaten, «behar den moduko ospitalean». «Jasanezina da ikustea zelan ateratzen dituzten preso gaixoak hilzorian daudenean, inork ez dezan esan barruan hil direnik», salatu du.
Elkartasuna: Benetako elkartasuna lortzeko, Martinek proposamen zehatza egin dio gizarteari: hies kulturalaz edo alegiazko hiesaz berba egiten hastea. «Elkartasunean urrats handia egingo genuke une batez herritar guzti-guztiak hiesdunak balira legez hartuko bagenitu. Guztiek ezagutu ditzaten zeintzuk diren gaixotasunaren inguruan oraindik nagusi diren aurreiritziak», azpimarratu du.
- Deialdiak
- Abenduaren 1a, astelehena
- Donostia: Informazio mahaiak jarriko dituzte 12:00etatik 14:00etara Bulebarrean (ACASGI, EHGAM, Gehitu, Harribeltza eta Mugarik Gabeko Medikuak). Hitzaldia Egiako Jareño Gunean 19:30ean: Prebentzioa eta trataera.
- Bilbo: Goizez, Bizkaiko Hiesaren aurkako Batzordeak, T-4k eta Itxarobidek begizta gorri erraldoi bat eta karpa ezarriko dituzte Arriagan. Arratsaldez, Areatzan informazio mahaiak ipini eta kondoiak banatuko dituzte (Hegoak eta EHGAM).
- Bermeo: 20:00etan Taraskan hainbat kartel itsatsiko dituzte.
- Iruñea: 20:00etan Hiesaren aurkako Batzordeak Nabarreria plazan biltzeko deia egin du.
- Gasteiz: Andra Mari Zuriaren plazan, 17:00etan, informazio mahaiak; 19:00etan Ipotxen gaua (piroteknia ikuskizuna) eta 20:00etan agiriaren irakurketa.