2006/03/01

> Literatura: HASIER LARRETXEA > BONJOUR!

Kontatu didate...
Bonjour...
Hasier Larretxea
Bonjour! Goizeko 8:12
«Es hora de recapitular las hostias que me ha dado el mundo»
Nacho Vegas

Bonjour, egunon, zuri. Hitz hauekin zuzentzen natzaizu, nahiz eta zure berririk ez ukan. Oraino ez jakin posta elektronikoa erabiltzen duzun. Ziur tenore honetan zurrungaka izanen zarela, larru berri, ezagutu gabeko ezpain haragitsu batzuen hatsaren ondoan, gaba berotzen. Ez baita errexa Parisko gay giroan gabetan lan egin, eta larrua jo jabe lokartzea. Zu ezagututa, gainera, ezinezkoa eritzi diot. Ez dizkizut ohiko hitzak eskainiko, luzatuko. Ez naiz herrixkako joan-etorri aspergarriez mintzatuko, ezta eguraldiaz, edo lan aspergarriaz. Gaur zuri kontatzeko gauza anitz ditut, nahiz eta euria zarraztaka ari, eta dakizun nola tristetzen nauen. Beharrik Nacho Vegas lagun dudala. Beharrik. Lasai baina, ez dizut Xixon soundari buruz deus ere aipatuko, ez eta Yamaguchin ikusitako azken filmaz ere. Bai baitakit ez dituzula nire irrikak sobera maite. Haragia baino ez duzu maite. Eta ni, barazkijalea nauzu. Nik ere bai, giza haragia maite dut, baina neurrian, eta hitz hori ez da zure hiztegiko hitzetako bat. Izkiriaturik aurkituko dituzun pasarteak, birika puskak dira hauek. Lasai, ez dizut Benjamin Biolay, Experience, Camille edo hain gustokoa duten François Breuti buruz deus ere galdeginen: zenbait posta elektroniko idatziko dizkizut, gertatzen zaizkidan istorio erotiko erakargarrien inguruan. Azkenaldian, gainera, oheratzen naizen gizon bakotxaren gauza batekin gelditu ohi naiz: slip bilduma egina dut, t-shirtak ere bildu ditut, galtzerdi pare bat, gerriko bat eta zerbait gehiago. Elkarrekin joan ohi ginen jatetxeko zerbitzariarekin mintzatzeko ohitura hartu dut. Bakarrik joan ohi naiz eta azkena naiz ateratzen. Biok nire etxerat etortzen gara, eta izerdi, porru, larru jotze eta zigarreta gabak iragaiten ditugu, maindiripean. Marihuana landareak eder-eder daudela eta hori eskertuko dizut bederen, guttienez, François. Hain hotza den gela honetan dantzatzea maite dut, slip bat jauntzirik eta, Drag Queen baten gisarat, ‘hau espektakulua’ pentsatzen dudala. Emanaldi bat izanen dut bihar. Urduri nago, baina ziur nago ongi aterako zaidala. Lan esparruan, berririk ez. Mutil ederrik ez. Neguari biziki interesgarria deritzot, ustekabeak baitakartza. Ustekabean. Lanbropean. Lander Bartzelonatik itzuli da eta nire etxean dago egun hauetan. Nire ohantzean egiten du lo, nahiz eta sexurik ez izan. Besarkaturik egiten dugu lo, eta siamesen gisarat ernatzen gara. Beharrik beti norbait dabilela etxe haundi eta zaharkitu honetan. Beharrik, halaber, zure itzala aspaldian aspertu zela nitaz. Maite dut astean behin hiri haundi batetarat joan eta karriketan galtzea, jendeari begietara begiratu eta urduritzea. Gominolak jatea. Ttipienei irri egitea. Ohantze gainean kantatu ohi dut, saltoka, dantzari, irri leherketa batean, lurrean akitu arte, gelak pilatu errautsaz ohartu arte. Orduan baino ez naiz garbiketetan hasten. Orduan baino ez. Ahantzi zaitudala idatzi nahi nizun, baina ez nekien nola erran. Denbora galdu dut halako gutun bat idazten. Nire txorakeriak agerrarazten. Baina hori. Jakin dezazun. Ahantzi zaitudala. Negu bizia izaten ari da hau. Hainbat ipurdi zeharkatu ditut. Zakila hainbatetan zurrupatu didate. Ezpainak josi. Ohantzera lotu. Hainbat josteta, hamaika mila eta bi plazer une. Ez zaitez idazten saia. Ez ditut zure idazki baldarrak, traketsak, irakurri nahi. Bizitza zoriontsua izan dezazun, François. Betirako ahantzi zaitut. Behin betirako. Zoriontsua naiz, bizitzan lehen aldiz, joan zinenetik. Ongi izan, eta nehoiz ere artio.
Marc
Hidroboy. Goizeko 10:34
Hidroboy
siempre en la piscina
es el mejor
siempre en bañador
Hidrogenesse

Negua nehoiz baino hotzagoa ari da izaten aurten. Igerilekuan, baina, tenperatura goxoa dugu. Boing-boing noa ni, nire gantzak dantzari. Ahalketurik, hertsirik. Trikua nauzu, nire larruan babesturik, oinez, pittaka, aldagelatik igerilekurat bidean. Luzea egiten ari zait bidea, aldatu ondotik, aldageletan inor ez zela profitatuz abiatu bainaiz. Gizonen izerdi usain nardagarria baino ez. Galtzerdi zuriak baino ez. Ez al dute jakin izanen oraino koloretako galtzerdi ederrak badirela? Bua, gizonak. Uxa, otoi. Urte bat izana naiz, urte oso bat, igerilekuko ordainsaria zintzo-zintzo ordaintzen. Ez naiz baina nehoiz ere hurbildu, etorri, barnean sartu, zer moduzkoa den jakiteko bazen ere. Gaur lehen aldia dut, hortaz ez nazazu begiratu. Otoi, eskatzen dizut, lasai utz nazazu, nahikoa baitut, igerilekura iristen. Boing-going, hor noa, urduri, mazelak gorri, txankletak estuki sarturik. Eta bainujantzia… zer erran! Gantzak, oraino, loturik. Ez dut, ez, flotagailurik behar. Nire gorputza lasai uzten badut, ez naiz otoko, seguru. Nehor ez dela profitatuko dut. Burua, urarekin busti, bizkar zabala, landutako tripa eta hankak. Bixkorrean haiz, mutil. Earra eguna, iduzkitsua, Baztanen, nahiz eta behe lainoak eguerdira arte iraun. Eguerdira arte iduzkia ez ikusi. Laisterka batean abiatu naiz, indarra hartzeko. Bat, bi, hiru eta, plaf!
Soroslea jarrita dago leitzen. Igerileku guztia niretzat. Sentsazio betegarria. Zu iritsi arte. Zure irribareak urduri jarri arte.
Glu-glu-glu-glu, ikuspegi ederra hau, glu-glu-glu, gorputz honen pisuaren %10 baino ez dut sentitzen (hala irakurria dut), burua goiti, arnasa hartu, soroslea baitezpada non dagoen jakin, eta glu-glu-glu-glu, eskua uretan nola sartzen duten ikusi, jarraitu beharreko marrari, segi, eta arnasa hartu, eta berriz ere glu-glu-glu-glu, Coca Cola iragartzen duen promozio kanpaina, Bertizko Partzuergo Turistikoaren ondoan. Glu-glu-glu-glu, eraiki nahi diguten zementuzko Baztango ikuspegia, glu-glu-glu-glu, eta uretako antiojoetan ura, ezin ikusi, gelditu beharra. Soroslea jarrita dago leitzen. Igerileku guztia niretzat. Sentsazio betegarria da hau. Zu iritsi arte. Zure irribarreak urduri jarri arte, uretan zure siluetaren itzala segika dudala ohartu arte. Gibelekalde eta aitzinekoalde ederra duzu. Begi ederrak dituzula ezin erran baina. Egia erran, ez dut nehoiz ere igerileku batean ligatu. Bertze pertsonaren begien kolorea zein den jakin gabe. Ilea ikusi gabe. Sauna batean baino gehiagotan bai, baina igerileku batean… Gaur, gainera, ez zen orain artio eguna nire laguna. Beldur, zimur, zalantza guztiak, guzti-guztiak, agerian nituen, igeri egiterat heldu naizen lehen eguna baita hau. Eta gustora atratzen naiz. Gu biok baino izan ez garela probestuz, nigana hurbildu zara, eta ur azpian musu bat eman. Igerian, glu-glu-glu-glu, segitu dugu. Hurrengo itzulian, nire gibelean jarri zara, eta hatzak, bainujantzi azpitik sartu. Ohartu naiz zuk ere zakila tente duzula. Nik ere lehertzear. Segi, segi, segi, bai, pentsatu dut, baina arnasa hartzera atera gara biok. Sorosleari beha gelditu gara. Berean segitzen du. Bihar Bai euskarariko azterketa bat duela erran dit, eta euskara froga prestatzen, ikasten omen. Zakila, ur azpian, zurrupatu, miazkatu didazu. Goxo, mantso, biziki ongi. Isuria bota dut. Zuri-zuri, Baztango ikuspegi hau lez, neguan, nahiz eta igerilekuan hotzik ez dugun iragan.
Ez zuk, ez nik.
Ti-ta!
Exprai
Sissors Sisters dantzalekuan. Eskuak goiti-beheiti ezker-eskuin. Hankak ere bai. Gerria. Buelta eta jira.
Orain kolore gorria, gero horizta. Orlegia, urdina, tartekatuz. Dantzan. Eta dantzan. Nahasten zara. Galtzen zara.
Lagun taldea dantzalekuaren erdigunean utzi eta hor zoaz, bultzaka. Zenbait ipurdi ikutuz. Bragetaren bat ere bai. Mmmmm. Perfume garestiak usaintzen dituzu. Silueta zoragarrietarik barna, zu. Ez perfektu, ez eder, ez dantzalekuko erreginak adinako glamourrarekin. Aizkolari atorrarekin zu. Ez duzu Bear, hartz antzik. Eskualdun peto-petoarena, bai. Ero, zoro, daude zuri begira. Nahiz eta zuzenki ez begiratu. Kumunetara zoaz. Zuzenki. Mingaina sartuko dizuten hainbat eta hainbat begira. Likits. Irrika haundiarekin. Dantzan ari direla erakutsi nahi dute. Zeinen ongi mugitzen diren. Etxean, apartamendu zoragarri horretan, sartutako orduak, nonbait atera behar, nonbait erakutsi behar. Ikasitako mugimenduak. Begiradak. Keinuak. Bizitzak. Programatutako izakiak.
Arrunta. Umila. Etxekoia, zu. Ibilkera baldarrarekin. Mendi botekin. Bizkar zabalarekin. Bizarra moztu gabe, lanetik zuzenean iritsi zara. Eta azkenean kumunerat iritsi. Aitzinetik, zakil parean esku bat sentitzen duzu. Ferekatzen. Gibelean, estuki, ipurdia inguratzen dizuna bertzea. Kumun barnerat eramaten zaituzte. Ez pixa egiterat, zuk uste zenuena egiterat.
Atorrik gabe. Bular iletsuak erakusgai. Aho bat diti puntan barrena. Bertzea, zakil parean. Barrabiletan. Hanketan. Lehertzear zaude. Hilabeteetan, herrian, egin ez duzuna. Hirirat iritsi eta ordu erdian egiten duzu.
Ipurdia jartzen dizute. Eta kondoia. Gero, bertzea. Lehertuta ateratzen zara komunetik.
Bertze itxura batekin.
Lagunek irri egiten dute.
—Konpainia noblean, ezta?
Ez duzu erantzuten.
Gozatu, lasaitu, ederra hartu duzu.
Brageta goititzea baino ez zaizu falta.

Hasier Larretxea
1982ko udaberria loratzeaz bat loratu nintzen ni, munduratu, Arraiozen, Baztango haran eder eta lasai honetan. 23 urte iragan eta Xorroxin irratiko kalakaria nauzu, nahiz eta Gizarte Lana ikasi. Bizitzaren ikasle nauzu. Baztango Bai euskarari programaren teknikaria ere banaiz. Fantasia zale ere bai, gezurti amorratua. Hortaz idazten ditut idazten ditudanak. Zoriz (zortearekin), Iruñea hiria literatur sariketan, poesia sailean, lehendabiziko saria erdietsi nuen 2001. urtean. Bizkitartean, rock eta gau amaiezinetan murgildu eta kasik idazteari uztekotan egon nintzen (eginen banu, hobe izanen zen, baina, zirikatzeko gogoekin, hemen naukazu). Gero popie, naif, xamarra bilakatu naiz eta, Yann Tiersenen doinuekin batera, inspirazioa brausta!, etorri zitzaidan, egun batean, halabeharrez.
Hatsa poesia bilduman zenbait poema karrikaratu eta 2004an Juan Angel Perotxena Elizondoko marrazkilariarekin poema eta marrazkiz osatu liburuxka karrikaratu genuen, Metaziri eta Elizondoko Gazteen eskutik. Horren harirat heldu eta umeendako emanaldiak egin ditugu Maiatz aldizkarian, nire zenbait poema ere irakur ditzazkezu.