Egin dezadan bekatu. Eta, aurreko pasartea aipatuta, Susa argitaletxeak 1994an argitaratu zuen Audenen Poema antologia-ren hitzaurrean Rikardo Arregi Diaz de Herediak zioenaren kontrara -«ez da zilegia idazlearen bizitza pribatuan bilatzea bere lanen arrazoi eta zioak»- eman ditzadan egileari buruzko zertzelada batzuk.
T.S. Eliot ostean ingelesezko literaturan marka eta hondar gehien utzi duen poetatzat daukate Wystan Hugh Auden (York, Ingalaterra, 1907- Viena, Austria,1973). Ozeano Atlantikoaren bestaldetik zetozen ingelesez idatzitako poesiaren berrikuntzarik nabarmenenak XX. mendean: Elioten beraren edo Ezra Pounden poemak ziren besteentzat bidea zabaltzen zutenak. Audenek, ordea, tradiziotik Yeats arteko zubi berri bat egin zuen. Poesia modernoaren aitatzat daukate askok ondorioz.
Poeta, antzerkigile eta literatur kritikaria. Medikuen seme, zientziak erakarri zuen gaztaroan, nahiz eta gero poesiarekiko zaletasunak tira egin. Ikusten da nola bat egin zuten barne mundu batek mundu erreal eta zientifiko batekin: «Nire kasua nahiko arraroa da. Harrobi ingeniari edo geologoa izan behar nuen. Zazpi eta hamabi urte bitartean mundu propio bat eraikitzen denbora asko eman nuen. Mundu hura oso landua zegoen, mea arroetako paisaia karedunean eta berun industrian oinarritua. Uste nuen jarduera horrek arau jakin batzuk emango zizkidala. Harrobia lehortzeko bi moduren artean hautatu ahal nuen, baina ez zidan bitarteko magikoak erabiltzeko modurik uzten. Halere, iritsi zen egun bat orain gogoratzen dudanean oso garrantzitsua iruditzen zaidana. (...) Erabaki moral baten aurrean nengoen. Nire betebeharra eraginkorrena hautatzea zen. Gerora konturatu naiz ni bakarrik bizi nintzen mundu hura eraikitzean hasi nintzela poesia nola idazten den ikasten.
»Ezustekoa iruditu zitzaidan azken erabakia 1922ko martxoan hartu nuen, belazean zehar margolaria izan zen ikaskide batekin nindoala: Ez duzu poesia idazten?, galdetu zidan. Eta nik, ezetz, ez nuela idazten, ez nuela sekula horretan pentsatu erantzun nion. Zergatik ez duzu egiten?, galdetu zidan, eta momentu hartan pentsatu nuen hori zela zehazki egin behar nuena. Atzera begiratuta konturatzen naiz lurra prest zegoela horretarako».
Oxfordeko Christ Church Collegen eman zuen izena 1925ean . Han Cristopher Isherwood edo Cecil Day Lewis eta beste asko ezagutu zituen. Baina Poems izeneko liburuarekin eman zen ezagutzera. Etorkizun handia izan zuen poeta belaunaldi bateko kide izan zen: ezkertiarrak, aurrerazaleak ziren belaunaldi hartako kideak.
Poems liburuak Ingalaterrako egitura kapitalistaren hondoratzea jorratzen zuen. Horri loturik arazo psikologikoekiko kezka ere erakusten zuen.
Hastapenetako Audenen poesia hermetikoa zela diote. Gehiegitan aipatu izan da marxismoaren eta Freuden teoria psikoanalitikoen eragina. Besterik da, Rikardo Arregi Diaz de Herediaren ustez, Audenen bertutea: «Berak bizi izan zuena guk bizi duguna da, gezur berberak entzuten ditugu, gordinagoak lehen agian, sofistikatuagoak orain, teknologia madarikatua sofistikatuagoa baita. Honen guztiaren azalpen eta irtenbideak zehazten maisu zen Auden, ez zigun hondamendiaren azalpena bakarrik egin, juzku morala ere burutuko du beldurrik gabe, eskura zituen baliabide eta tresna guztiak lagun ikerketaren bide amaigabean. Audenek ez zuen ideologia bakar bat hautatu, errazegia litzateke beste norbaitek asmatutako ideiak automatikoki munduari ezarri eta kontzientzia lasaitzea. Psikoanalisiaz baliatuko da, marxismoaz, eta azkenean kristau protestante eta, beraz, librearen bideari ekin zion».
Geologoa izan nahi zuena lurpean edo azalpean edo gizartepean arakatzen zegoen.
«Espainiako gerra gure zibilizazioa oinarrituta dagoen gezurrentzat X izpiak bezalakoak izan ziren». 1937an Auden Espainian dago. Eta Espainia, gerran. Brigadista bezala alistatu eta andazain ibili zen. Berak besterik nahi zuen arren, gobernu errepublikanoak ez zien intelektualei ardurarik hartzen utzi. Errepublikaren kausaren alde, Gobernuak euren presentzia besterik ez zuen nahi. Presentzia, atzerrian Espainian ikusitakoaren bozgorailu izan zitezen. Auden gerran ikusi eta entzun zituenak desilusionatuta itzuli zen Ingalaterrara.
Esperientzia haren berri eman zuen Spain 1937 lanean. Poema luze hura Faber & Faber argitaletxeak kaleratu zuen. Irabaziak gatazkan zaurituak artatzeko bideratu zituzten. Poema ez da askatasunaren defentsarako deialdi hutsa, fabula moraltzat hartu izan dute.
Gerran ikusitakotik tiraka, idazleek munduko gertaeren inguruan har zitzaketen jarrerei buruzko kezka agertzen da. Idazlea zer da? Erreferente bat da? Erantzuna garbi: «Gutxitan dira idazleak lider onak. Euren buruaren enplegatuak izan ohi dira eta harreman eskasak dituzte erosleekin. Idazlearentzat oso erraza da errealista ez izatea. Ez dut politikarekiko interesa galdu, baina konturatu naiz politika edo injustizia sozialeko kasuetan bi gauzek bakarrik funtzionatzen dutela: ekimen politikoak eta gertakarien gaineko hedabideetako erreportaje sinesgarriek. Arteek ezin dute ezer egin. Europako historia sozial eta politikoa berbera litzateke Dante, Shakespeare, Michelangelo, Mozart bizi izan ez balira. Poetak, hala bada, egiteko politiko bakarra du: etengabe usteldua eta hondatua dagoen bere ama hizkuntzaren erabilera zuzenaren adibide ematea bere idazkerarekin. Hitzek zentzua galtzen dutenean indar fisikoa inposatzen da. Egia da, nahi izanez gero, poetak ere idatz dezakeela engagée edo konprometitua deitzen duten poesia, baina jakin behar du, oroz gain, bera dela onura jasoko duena. Bere ospea bera bezala pentsatzen dutenen artean haziko dela».
Gerran andazain, gero hitzak artatzen, pertsona bera.
- Poesiak ez du gauzak gerta daitezen egiten
36ko gerrarekin hasi zen ideia ezkertiarren baztertzea. Hasi bazen hasi zen, eta nazi eta sobietarren arteko itunarekin hautsi zituen behin betiko ezkerrarekikoak.
1938. urtearen amaiera aldera, Ameriketara emigratzeko ideia heltzen hasi zen bere baitan. Ingalaterrako bizi-eredu kulturalarekin disgustura zegoen. «Ingalaterra txikia zen. Jende guztia ezagutzen nuen. Familia bezalakoa zen. Nik maite dut nire familia, baina ez nuen familiarekin bizi nahi», gogoratu zuen urte batzuk geroago. Inoiz atzera bueltarik izan behar ez zuen erabakia zen: ez itzultzeko joan ziren Isherwood eta biak.
Baina Audenentzat Amerikaratzea ez zen sorterria uztea bakarrik. Krisi pertsonalaren eztanda izan zen. Marxismoa utzita, poetaren bizitza kristautasunerako -protestantea- aldaketara eraman zuen bilakabidean sartu zen. The Double Man eta For the Time Being lanetan, gai erlijiosoekiko kezka handiagoa nabari zitzaion.
The Age of Anxiety poema luzearekin, 1947an, Poesiaren Pulitzer saria irabazi zuen. Saria errekonozimendua zen. Zeren errekonozimendua? Poesia talentudunarena.
Auden zehaztasunaren artean bikaina da, irudia hitzek euren leku zehatza aurkitzen duten mekanismo konplexua bilakatzen du. Auden poeta intelektuala dela esan izan dute, baina Stephan Spenderrek esan bezala, «gauzak soilik modu intelektualez antzematen dituela esatea Auden gutxiestea da; egoerak intelektualki antzemateko bihotza husten eta uzten baitu, eta horrela jasotzen ditu bete-betean arazoak oro». Haren poemak irakurtzeak, sarritan, harridura sortzen du, arrarotasuna, ez-ulertzearen sentipena uzten du hasieran, aurkakotasunik onartzen ez duen egia onartzeko gero.
Harrigarriena halere, bakardadearen kontzientzia da, bere prekarietatearen angustia, ironiarekin dramaz erazten duena. Rikardo Arregik argi dio: «Argi utzi zigun bere kezka nagusia bizitzea zela, bizitza konkretua -heriotza barne, jakina-, gizaki bakoitzaren bizitza propioa eta bizitzearen esperientzia. Kaleetan ikusten dituen aurpegiak ez dira biltzen Gizaki, Gizateria, Herri ala edozein hitz handios bezain baliogabetara. Audenentzat poesia ez da arduratu behar norma barruan dagoenaz, bataz bestekoaz, horretarako badugu asmakizun maltzur bat: estatistika, politiko eta ekonomilariek parra-parra erabiltzen dutena».
Desberdintasunak desberdintasun, Audenen poesiaz ere hori esan genezake, azalean poesia intelektual eta hotza izan daitekeena mamian gizakien mina eta artega gainditzeko ahalegin amultsu bihurtzen dela erretorikarik gabe.
- W. H. Auden euskaraz
- Gizon modernoaren bidea
Juanjo Olasagarrek euskaratuta, 1994an Susa argitaletxeak Poema Antologia kaleratu zuen. Antologia horretatik hartu dugu ondorengo poema hau:Estatistika Bulegoak aurkitu zuen
Ofizialtasunarekin arazorik ez duten horietakoa,
Eta bere portaerari buruzko txosten oro bat dator,
Modaz pasatako hitzaren zentzurik modernoenean, santua zen,
Egin zuen guztiaz Komunitate Garaiena zerbitzatu baitzuen,
Guda garaian ezik, erretiratu zen arte
Lan egin zuen faktorian eta ez zuten inoiz bota,
Bete egin zituen nagusien gogoak, Fudge Motors Inc.
Ez zen eskirol edo arraro bere ikuspuntuetan,
Sindikatuko txostenetan zorrak pagatzen zituela zioen,
(Guk sindikatuan bildutako txostenen arabera oro artez zeukan).
Izan ere, gure Gizarte-Psikologia ikertzaileek aurkitu dute,
Entzutea zeukala eta poteatzea laket zitzaiola.
Kazetaritza ziur da egunero erosten zuela egunkaria
Eta iragarkien aurreko erreakzioak normaltzat jo daitezke.
Bere izenpeko polizek erabat aseguratuta zegoela frogatu dute,
Eta Osasun-txartelak eritetxean egon zela baina osatuta irten.
Ekoizpen-Sailak nola Goi-Mailako Bizitzak
Epekako-Ordainketaren zale zela adierazi dute,
Alegiaz ere, Gizon Modernoa izateko beharrezko guztia zuen,
Fonografoa, irratia, autoa eta hozkailua.
Gure Iritzi Publikoko txostenak urte sasoi bakoitzeko
Iritzi egokiak sostengatzen zituelakoz kontent dira;
Bake garaian, bake zale; guda garaian, hara joan zen.
Ezkondu eta bost umez ugaldu zuen biztanlegoa,
Genetistek diotenez kopuru egokia bere belaunaldiko guraso
[batentzat,
Irakasleenez, ez zen umeen heziketan inoiz sartu.
Aske ote zen? Zoriontsu? Galdera absurdoak:
Zerbait oker izan balitz, jakinaren gainean geundekeen.