2003/09/20

> Elkarrizketa: MIKEL MARTIN > GAY ETA LESBIANOK EZ DUGU GEURE BURUA EZKUTATZEKO ASMORIK

  • Mikel Martin · EHGAM-eko kidea
  • «Gay eta lesbianok ez dugu geure burua ezkutatzeko asmorik»
  • Berria, 2003-09-20 # I. B., Bilbo
Ruestara abiatzeko azken ordukoak prestatzen harrapatu genuen Mikel Martin EHGAMeko kidea, atzo eguerdian.

Zertarako balio du Gayakanpadak?
Gure lehenengo asmoa Euskal Herri osotik edo kanpotik etorritako lagunak elkartu eta ondo pasatzea da. Hor batuko garen askok aurreko kanpaldietatik ezagutzen dugu elkar, eta berriro elkarrekin egoteko aukera izango dugu. Beste batzuk, berriz, gay mugimenduko kideak gara, baina talde ezberdinetan gabiltzanak, eta hau abagune ona da harremanak sendotu eta zenbait gairi buruz hitz egiteko.

Ez ahaztu azken boladan eraso dezente jazo dela homosexualitatearen aurka: Vaticanoko jauntxoek politikari katolikoei emandako agindua, batetik, eta Alderdi Popularrak adopzio eskubidea dela eta, EAEko eta Nafarroako legeen kontra ezarri dituen elegiteak, bestetik. Agiriok eskuartean izango ditugu, aztertu eta elkarrekin hausnarketa egiteko.

Lekuak, bestalde, aukera ematen digute gay eta lesbianoi euro larrosaren menpe dauden taberna zulo edo dantzalekuetatik atera, eta gune ezberdin eta alternatiboetan harremanak sendotzeko. Bestelakoak izaten dira gaueko orduetatik kanpo sortzen diren harremanak.

Nori dago zuzenduta ekimena?
Desira homoerotikoak dituzten gizon eta emakumeei, batez ere. Gay, lesbiana eta transexualei, jakina. Baina ez horiei bakarrik. EHGAMekook egiten dugun guztia irekia da, gure borroka eta gure lana ez dago gay eta lesbianei zuzenduta bakarrik. Desira mota guztiek izan eta aritzeko eskubide berdinak dituztela uste dutenentzat daukagu atea zabalik.


Giro alternatiboan bada ere, Ruesta bezalako txoko batek ez al dakar ghettoaren eskema birsortzea?
Kanpotik horren itxura har badezake ere, ez da hori asmoa. Ruestak aukera ezin hobeak eskaintzen ditu: diru aldetik merkea eta, gau eta egun, patxada onean egoteko leku egokia da. CGTk autogestioan kudeatutako lekua izanik, harremanak modu berritzaile eta alternatiboan garatzeko bide ematen du. Ez gara zulo baten sartuko. Inguruko herri batera ere joango gara, herriko jendearekin batera egotera. Ez dugu geure burua ezkutatuko.


Zeintzuk dira EHGAMek aurrera begira dituen erronkak?
Homosexualitatearen kontrako aurreiritziak gainditzeko bitartekoak jartzea. Askatasun sexuala ez da gay eta lesbianoi bakarrik dagokigun gaia eta, hortaz, homofobiaren kontrako borrokan beste eragileak sartu nahi ditugu: sindikatuak, gazteak... Lan handia dago egiteko. Erakundeei ere zurikeriak alboratu eta neurri eraginkorrak eskatu behar dizkiegu, herritar gehienek bat egin dutelako eskubideak onartzearen alde. Besteak beste, EHGAMek 27 urtean garatutako borrokak ekarri du adostasun maila hori, eta guztion artean eutsi egin behar diogu horri.