- Sexu askapenerako taldeek Familiaren Foroa salatu dute
- Sexu bereko pertsonen arteko ezkontzaren aurka dagoela adierazteko Familiaren Foro Espainolak biharko antolatu duen manifestazioa salatu dute sexu askapenaren aldeko Bizigay, Gaytasuna, Gaztelesgay eta EHGAM elkarteek. Gogora ekarri zuten gizarte demokratiko batean bazterketak ez duela lekurik.
- Gara, 2005-06-17 # Donostia
Bizigay taldeko kide Alberto Lópezek hitz egin zuen kolektiboaren izenean. Bozeramaileak honako hau azaldu zuen Familiaren Foroaren inguruan: «Sexu askapenerako taldeok familia benetan garrantzitsua dela uste dugu eta beti defendatu izan dugu, horregatik ezin dugu ulertu jainkozko eta moralezkokutsu edo zentzua izanda familiaren kontzeptuaz inor jabetzea».
Era berean, kolektiboak garbi utzi nahi izan zuen familia era guztiak funtzio berak bete eta helburu berak erdiesteko gai direla, baita familia eredu desberdinak beren artean baztergarriak ez direla ere, «baietz sinetsarazi nahi duten arren». Alde horretatik, Lópezek aniztasuna gizarterako aberasgarria dela ziurtatu zuen kolektibo osoaren izenean. «Aldaketari ez genioke beldurrik eduki behar, inoren aurka ez doalako», gaineratu zuen.
- Demokrazia erlijioaren gainetik
Kolektiboak gogorarazi zuen gizarte libre eta demokratiko batean ezin dela inor baztertu sexu, erlijio edo pentsamolde arrazoiengatik. «Demokrazia erlijioaren gainetik dagoela argi eta garbi izan behar dugu denok», esan zuen.
Ion Albisu EHGAMeko kidea, berriz, Alderdi Popularrak Familiaren Foroaren manifestazioari adierazi dion atxikimenduaren inguruan mintzatu zen. Albisuk Alderdi Popularra «zoriondu» zuen, «bere ingurune naturalean» dagoela ikusten dutelako, «sotana eta muturreko eskuinaren artean».EHGAMeko kideak gaineratu zuenez, Familiaren Foro Espainolak, «elizako hierarkiarekin batera, gustura erreko zituen surtan, euren arbasoek lehenago egin zuten bezala», eta berek ez diotela inori kalte egin nahi adierazi zuten.
Hori guztia aintzat harturik, bihar Madrilen egingo duten manifestazioa gaitzesteko eskatu zioten gizarte osoari, batez ere, kristauak direnei, eta ekainaren 28an, gay, lesbiana, bisexual eta transexualen eskubideen aldeko eguna dela-eta egingo dituzten ekintzetan parte hartzeko gonbita egin zieten. Horien artean, Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen egingo dituzten manifestazioak nabarmendu zituzten.
- Gay eta lesbianen martxa
- A.B., Biarritz