Atzo eguerdian batu zuen Rafael Ibarguen Basauriko alkateak bozeramaileen batzordea. Ondoren, alderdi guztien artean adostutako testua irakurri zuen. Andriescuren heriotza «irmo» salatu eta haren familiartekoei doluminak eman zizkien. Udalak ustezko erasotzailearen kontra egingo duela epaiketan jakinarazi zuen. Jardun horretan Udalak zigor arloko epaiketetan aritzen diren abokatuak izango dituela aurreratu zuen. «Udala ezin da besoak gurutzatuta geratu gertaera horien aurrean, eta parte aktiboa izan behar du emakumeen kontrako indarkeriaren kontrako borrokan», esan zuen Ibarguenek. Genero indarkeria kasuak amaitzeko zer egin beharko litzatekeen azaldu zuen: «Horrelako gertaerek agerian uzten dute gizartean patologia larria dagoela. Hori konpontzeko, kultura balioak aldatu behar dira gure gizartean. Ez bakarrik prebentzio politiken bidez; zapalkuntza arloan ere tinko aritu behar da, eta erakunde publikoek erantzun egin behar dute emakumeen kontrako indarkeria kasuak daudenean».
- Ustezko erasotzailea, ospitalean
Ertzaintza kasua aztertzen ari da oraindik, eta horren inguruko azken berriak eskaini zituen Ibarguenek. Esan zuenez, ustezko erasotzaileak Gurutzetako ospitalean jarraitzen du atxilotuta. Arratsaldean, informazio hori zabaldu zuen Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak. Atzo suspertzeko unitatean izan zuten, lasaigarriekin eta arnasa hartzen laguntzeko tresnei lotuta.
Rafael Ibarguen alkatek goizeko agerraldian emandako datuen arabera, biktimak ez zuen inoiz salaketarik jarri bere bikotekidearen kontra. Clara Campoamor elkarteko presidente Blanca Estrella Ruizek esan zuenez, horrek ez du ezer esan gura: «Poliziaren eta gizarte zerbitzuen aurrean salaketarik jarri ez arren, baliteke aurretik ere erasoak jaso izatea, inork ez duelako bere bikotekidea hiltzen lehenego eztabaidan».
Ruizek aurreratu zuenez, beraiek ere akusazio partikular gisa jardungo dute Andriescuren erasotzailearen kontrako epaiketan. Halaber, emakumeen kontrako indarkeriaren kontra ahalegin gehiago egiteko eskatu zien erakunde publikoei, «honek ezin duelako honela jarraitu». Basaurin genero indarkeriagatik hirugarren heriotza izatea azken urteotan «penagarria» dela esan zuen. «Basauriko Udalak zerbitzu onak eskaintzen ditu, beste udal askok egiten ez duten bezala; ez du merezi gertatzen ari zaiona».
Bilgune Feministak ere gogor salatu zuen Basauriko hilketa. Maite Segurola Bilgune Feministako kideak gogoratu zuenez, aurtengo hirugarren heriotza da emakumeen kontrako indarkeriagatik, «baina zoritxarrez ez da azkena izango, neurriak hartzen ez badira». Oporraldian eraso kopurua handitzen dela gogoratu zuen. «Gainera, jai guneetan bortxaketa saio kopurua handitzen ari da». Egoera horren aurrean, neurriak hartzeko eskatu zien agintari publikoei.
Eusko Jaurlaritzak Basaurin gertatutakoa salatu zuen: «Jazoera tragikoa da». Miren Azkarate Jaurlaritzako bozeramaileak «jarrera matxista eta kriminalen aurrean errebelde» izateko eskatu zien herritarrei, «gizon askok horrelako jarrera izaten dutelako emakumeekin».
Eusko Legebiltzarreko Ezker Abertzalea taldeak, bere aldetik, adierazi zuenez, genero indarkeria da gizarteak egun daukan «arazo larrienetakoa». Gogoratu zuenez, beraien esku dagoen Emakumea eta Gazteria Batzordeak lantaldea osatua dauka, arazoari irtenbidea emateko. «Aurtengo balantzea ezin da positiboa izan, hainbat taldaren parte-hartzea oso eskasa izan delako. Horrezaz gainera, Berdintasunerako Legeak ez daukala indarrik salatu zuen, «Irungo alardearen kasuan ikusi den bezala». Berdintasunerako Legea egoerari buelta emateko tresna aproposa izan daitekeela agertu zuen.
Batasunak ere prentsa oharra bidali zuen atzo hilketa salatzeko. Batasunarentzat hilketa horrek agerian uzten du «egungo gizarte sistema kapitalista honek» emakumeen kontrako jazarpena ahalbidetzen duela. «Sistema honek indarrean mantentzen du emakumeak gizonen menpe dauden ustea». Ezker Batuak ere gogor salatu zuen Andriescuren hilketa, eta atzo arratsaldean Basaurin egin zuten elkarretaratzean izan zen. Ezker Batuko Emakume Idazkaritzak horrelako jazoerak erantzutera eta arazoari aurre egitera deitu zituen herritarrak. Era berean, alderdi politikoei eta erakunde publikoei elkarlana eskatu zien, emakumeen kontrako indarkeriarekin amaitu ahal izateko neurri eraginkorrak hartzeko.
LAB sindikatuak, bere aldetik, emakumeen kontrako indarkerian beste urrats bat emateko eskatu zuen. «Gaitzespen adierazpenetatik eta malkoetatik urrunago joateko garaia da, hau da, bizi garen jendartean eman behar diren aldaketa estrukturalak bideratuko dituzten neurriak abiatzeko garaia da.
- Gizon bat atxilotu dute Bilbon, eta beste bat espetxeratu egin dute
Gizon bat atxilotu zuten atzo Bilbon eta beste bat espetxeratu Berriozarren (Nafarroa), ustez euren bikotekideak jotzeagatik. Bilbon atxilotutako gizonezkoa J.A.M.C. da, eta 49 urte ditu. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera, Bilboko Ganekogorta Mendia kalean atxilotu zuten, auzoko batek erasoaren berri emateko deitu ostean. Neska-laguna 12 urteko semea aurrean zegoela jo zuen, Ertzaintzak zehaztu zuenez.
Bestetik, Berriozarko 29 urteko gizon bat espetxeratu zuen atzo Foruzaingoak, neska-lagunari tratu txar fisikoak eta psikologikoak ematea leporatuta. Ostegunean emakumeak Sos Nafarroara deitu zuen, etxeko komunean mutil-lagunak itxita utzi zuela esanez. Gizonezkoak kolpe ugari eman zizkion, eta hankan erredurak zituen, zigarretarekin eginda.
- Kronologia
- Aurten jada hiru emakume hil dituzte
Urtarrilaren 4a. Begoña Bohoyo bere bikotekideak emandako jipoiengatik hil zen Donostiako ospitalean. 40 urteko gizonezkoak hiru egunez jipoitu zuen beren Hendaiako (Lapurdi) bizilekuan. Bohoyok ihes egitea lortu zuen, eta Irungo (Gipuzkoa) polizia etxera heldu zen, salaketa jartzeko. Zauriak larriegiak ziren, ordea, eta hil egin zen. Ertzaintzak Irunen atxilotu zuen ustezko erasotzailea.
Maiatzaren 28a. Gizonezko batek eskopeta tiroz hil zuen bere bikotea, eta gero bere buruaz beste egin zuen, eskopeta bera erabilita. Ertzaintzak furgoneta baten barruan aurkitu zituen biak, Barakaldoko Basatxu auzoan, baso bide baten bazterrean.
Uztailaren 3a. Loredana Andriescu hilda aurkitu zuten ertzainek Basauriko bere etxebizitzan; labankada zauriak zituen gibel aldean. Hantxe zegoen bere bikotekidea eta ustezko erasotzailea: 27 urteko C.N.P. Ustezko erasotzaileak zauriak zituen, eta Gurutzetako ospitalera eraman behar izan zuten.
- Basaurin beste bi kasu
- 2002ko abuztuaren 23a. Eztabaida gogor baten ostean, 38 urteko Gabriel P.C.-k bere bikotekidea kolpatu eta labanaz zauritu zuen, hil arte. Erasotzailea epaitu eta zigortu egin zuten bere garaian.
- 2004ko abenduaren 12a. 30 urte elkarrekin bizi eta gero, 54 urteko Maribi L. hil zuen bere bikotekideak. Epaiketa hasi da, baina eten egin behar izan zuten, ustezko erasotzailearen ezintasunagatik.
- Mobilizazioak
- Hona hemen hurrengo egunetarako Emakumeen Mundu Martxarako plataformak eta Basauriko sindikatu guztiek deitu dituzten elkarretaratzeak.
- Gaur
- Basauri. Manifestazioa Arizgoiti plazatik abiatuta, sindikatuek deituta. Uztailak 5. 19:30ean.
- Iruñea. Udaletxe aurrean. Uztailak 5. 19:30ean.
- Bihar
- Gasteiz. Andra Mari Zuriaren plaza. Uztailak 6, 20:00etan
- Bilbo. Arriaga plaza. Uztailak 6: 19:30ean
- Donostia. Bulebarra. Uztailak 6. 19:30ean
- Durango. Andra Mari plaza. Uztailak 6. 20:00etan
- Zarautz. Udaletxe plaza. Uztailak 6. 19:30ean
- Arrasate. Herriko plaza. Uztailak 6. 19:00ean
- «Hurrengoak gu izan gaitezke»
- Udalak deitutako elkarretaratzean herritar ugarik hartu dute parte; emakumeek neurriak eskatu dituzte.
- A. Iturriagaetxebarria, Basauri
Ikaragarri da hau. Beste behin ere, hemen elkartu behar horrelako gauzetarako». Maria Jesus Perez basauritarrak atzo arratsaldean Arizgoitiko plazan egindako elkarretaratzean esandakoak dira horiek. Ondo laburbiltzen zuten zein zen bere herrikideen aldartea. «Ni beti etortzen naiz emakume bat hiltzen duten bakoitzean, hurrengoak gu izan gaitezkeelako», gaineratu zuen.
Ehun lagunetik gora elkartu ziren Arizgoitiko plazan. Emakumeak asko, baina adin guztietako gizonezkoak ere bazeuden. Agintariek ere ez zuten hutsik egin. Xingola beltz handi bat zeukan pankartari helduta zeuden, besteak beste, Josu Sagasti Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuordea, Izaskun Moiua Emakundeko zuzendaria, Juan Mari Aburto Bizkaiko Diputazioko Gizartekintza diputatua eta Rafael Ibarguen Basauriko alkatea. Ondoko pankartari heltzen herriko emakumeak zeuden, Etzazu egin, etzazu arrazoitu, etzazu onartu. Denok gara erantzule leloa zeukan pankartari helduta.
Basauritarrek ezin dute sinetsi beraien herrian azken urteetan hiru emakume hil izana emakumeen aurkako indarkeriak eraginda. «Ez dut uste arrazoi jakinik dagoenik horretarako. Herritarren aldetik ez dut kexarik entzun Udaleko gizarte zerbitzuen inguruan», esan zuen Sara Medinak. «Kasualitatea? Horrelako gutxi daude bizitza honetan. Asko gertatzen direnean, zerbait gertatzen ari den seinale izango da», gaineratu zuen Rosa Miguelek.
Bestelako arrazoiak bilatzen ere saiatu ziren. Besteak beste, gizonen matxismoa aipatu zuten Basauriko emakumeek. «Hemengo gizonak matxistak dira, baina kanpotik etorritakoak oraindik eta gehiago kasu batzuetan, euren gizartea horrelakoa delako. Ez daukagu erraza arazo hau konpontzen», agertu zuen Pili Uriartek. Dena dela, gazteengan itxaropen apur bat baduela aitortu zuen Perezek: «Gehiegi ere ez, nire semeak nola jokatzen duen ikusten dudalako». Gaurko mutil gazteak irekiagoak direla deritzo, dena den.