- Gay eta lesbianen harrotasun eguna
- Lorpen eta ika-miken artean iritsi da berriz ere ekainaren 28a
- Zapore gazi-gozoa du, aurten, Gay eta Lesbianen Harrotasun Egunak. Egun bi barru onartuko duten legeak ezkontzeko eta haurrak adoptatzeko aukera emango die. Horrek, baina, hautsak harrotu ditu eta aspaldian isilduta behar luketen hitzak entzunarazi dizkie.
- Gara, 2006-06-28
- Bikote lesbianen semeei urratu dizkiete eskubideak
Haurraz nor erdituko zen erabakitzea izan zen orduan gakoa. Horretan ere, segidan jarri ziren, baina, ados. «Nik banekien Ainhoak gogo handia zuela, eta horregatik esan nion bera izatea nahi nuela», azaldu du Estitxuk. Haurdunaldia primerakoa izan zen eta duela 20 hilabete jaio zen Julen.
Ordutik, bata eta bestea buru-belarri saiatu dira txikia zaintzen; legearen arabera, baina, Ainhoa da ama, eta Estitxu zaintzailea baino ez. «Niri zerbait gertatuz gero, edota bereiziko bagina azaldu du Ainhoak, Estitxuk ez luke nondik heldu izango». Bi egun barru, ordea, egoera hori aldatzeko bidea emango duen legea onartuko dute.
Pozarren hartu dute berria. Haurra bien ardura eta proiektua dela argi dutela diote biek, baina legeak berdintasunera hurbiltzeko aukera ematen duela eta, batez ere, haurra izango dela onura handien jasoko duena uste dute. «Hori da gure lehentasuna», adierazi dute. «Julenek beste umeek dituzten eskubide berak izango ditu eta Ainhoari zerbait gertatzen bazaio, ziurtatuta izango du nirekin egongo dela; azken batean, bere ama naiz. Ez dira jabetzen orain arte, batez ere, haurren eskubideak urratu dituztela», azaldu du Estitxuk. Familiaren Foroari ere zuzendu zaizkio eta nahiz eta legea ez atera, haurrak eurekin jarraituko lukeela gogorarazi dio. «Niri ez didazu ezer ukatzen, haurrari baino», erantsi du. «Guk umerik ez izatea lortuko balute, ez nintzateke ados egingo, baina zentzu bat aurkituko nioke gerra honi. Baina ez dut ulertzen egiten ari direna. Umeak babestu nahi dituztela diote eta, azken batean, hainbat haurri eskubidea kentzea baino ez dute lortzen», adierazi dute.
Familiaren inguruan esandakoa ulergaitza dela diote «familia ahuldu bainogegiago indartu egiten baita ugaritasuna sartuta».
Umea izatea legaltasunaren gainetik dagoela diote, eta hori dela-eta legea onartuta ere, ez direla bikote homosexualetan jaiotzak ugarituko uste dute. «Orain arte animatu ez den jendea ez da izan legaltasungatik, gogorik ez duelako edota familiaren laguntzarik izan ez duelako baizik», esan dute.
- Hezkuntza garatzen
Legez berdintasuna lortuta ere, hori gizartera eraman behar dela diote. «Azken egunetan esaten ari diren astakeria horiek gelditzea garrantzitsua da. Niri ez litzaidake inola ere gustatuko Julenek horrelako iritziak entzutea», helarazi du Ainhoak.
Beste behin ere ekainaren 28a etorri da eta beste behin gay eta lesbianek kalera irten beharko dute beren eskubideak errebindikatzeko, berdintasuna gauzatu dadin eskatzeko eta behin betiko homofobia desager dadin aldarrikatzeko. Lan neketsua da, baina pixkanaka bada ere, egoera hobera egiten ari dela ikusita, gogotsu eta lanerako prest agertzen dira.
Azken hau ez da, inolaz ere, aurreko urteen antzerakoa izan, iaz bezala egunerokotasunean zailtasunak izateak eta oraindik orain berdintasun egoeran bizi ez direla jakiteak eragiten duten samina barnean izan badute ere. Txarrerako eta onerako, urte ezberdina izan da azkenekoa.
Aspaldian ezkutatuta behar luketen mamuak agertu zaizkie askori, eta oilo ipurdia jarri dieten adierazpenak entzun dituzte batzuen eta besteen ahotik.
Gaur, Gay eta Lesbianen Harrotasun Egunean, zer ospatua ere bada, ordea. Iragarrita dagoen moduan gertatzen bada, bi egun barru aitortuko baitzaie gay eta lesbianei ezkontzeko eta haurrak adoptatzeko eskubidea. Jira eta buelta ibilitako legea da hori, alderdirik kontserbadoreenak aztoratzea lortu duena, ezin ahaztu, eta segur aski luzaroan burutik ez dituzte kenduko gay eta lesbianek iragan ekainaren 18an Madrilgo kaleetan egindako manifestazioan entzundakoak. EHGAMeko kideak pozarren daude lortutakoarekin, baina, hala eta guztiz ere, oraindik ere zeregin franko dagoela gogorarazi dute. «Homosexualek ezkontzeko eskubidea erdiesteak ez duela inor mehatxatzen ezta inoren eskubideak murrizten ere» gogorarazi du Gehituk. Elkarte horren iritziz, eskubideak zabaldu besterik ez du egiten legeak, «eta, hala, gizartea askeagoa eta berdinagoa izango da, eta hori, dudarik gabe, giza eskubideak aldarrikatzen dituen ororen pozerako eta onurarako da».
EHGAMek egunerokotasuneko eta politikoek bideratzen duten homofobia ekarri du gogora. «Azkeneko hilabeteetan PP alderdiko agintariek egindako hitzaldiei erreparatu baino ez dago», adierazi du EHGAMek. Era berean, horrelako gertaerak deuseztatzeko erakundeak neurriak hartzera deitu dituzte.
Halaber, Eliza Katolikoaren hierarkia salatu dute, «bizitza zibilean egiten dituen esku-sartzeengatik». «Ez gara zuzenbide estatuaren aurkako erasoen gaizkileak izango. Vatikanoari beste estatuen kontuetan ez dadila sar eskatzen diogu, eta gizarte laiko baten alde lan egitera konprometitzen gara», esan du.
Izan ere, gay eta lesbianen taldeek lege berdintasuna pauso oso garrantzitsu bat dela uste dute. Baina oraindik legeak ematen duen normaltasunak errebindikazio eta kritika ezkutuak utziko ez dituen galdegiten diete euren buruari. Alde horretatik, hezkuntzan sakontzea ezinbestekoa dela nabarmendu dute EHGAM eta Gehituk.
- Elizari kritikak
Guztiek bat egin dute gay eta lesbianen eskubideak defendatu eta berdintasunaren alde egiteko premiarekin, eta antolatutako manifestazioetan parte hartzeko deia egin dute.