2006/01/14

> Berria: Elkarteak > GEHITUK "POSITIBOTZAT" JO DU ZUMARRAGAN EGINDAKO KANPAINA

  • Gehituk «positibotzat» jo du herrian egindako kanpaina
  • Gay eta lesbianen elkartearen arabera %45,6k ipini dute banatutako pegatina
  • Goierriko HITZA, 2006-01-14 # Maite Quevedo

Gipuzkoako gay eta lesbianen Gehituk elkarteak abenduan herriko denda eta tabernei zuzendutako Lesgayzale kanpaina jarri zuen martxan Zumarragan. Kanpainak gay eta lesbianen kolektiboarekin bat egitea eta jendea gogoeta egitera bultzatzea izan ditu, besteak beste, helburu, eta denda zein tabernek erakuslehioetan Zurekin aurrera goaz lemadun pegatina jartzean zetzan. Hilabeteren ostean Gehituk «positiboki» baloratu du kanpaina.

Denda eta tabernen artean, guztira 237 leku bisitatu ziren. Horietatik 108k (%45,6k) pegatina jarri zuten, eta 51k (%21,5ek) uko egin zion proposamenari. Gainontzeko 78ek pentsatuko zutela adierazi zuten.

Gehituren arabera, baiezkoa %50era iristen ez bada ere, emaitzak txarrak ez direla izan nabarmentzekoa da. «Ezezkoa esan zuen gehiengoak enpresa politikari jarraiki edota nagusiarekin kontsultatu behar izateagatik egin zuen» gaineratu du elkarteak.

Gehituk bereziki baloratu duena dendari eta tabernariek erakutsitako jarrera izan da. «Jendearekin hitz egitean, erantzuna bat edo beste izanda ere, jarrera irekia aurkitu dugu, hala kanpainarekiko nola homosexualitatearekiko. Naturaltasunez jokatu du jendeak, errespetuz, eta gizartearen heldutasunaren ispilu da hori».

Kanpainaren nondik norakoak gertutik jarraitu dituen Zumarragako Gizarte Zerbitzuetako Batzordea ere «gustura» ageri da kanpainak izan duen onarpenarekin. «Erantzuna errespetuzkoa izan da. Eskerrak ematen dizkiegu Gehituren bisita jaso zutenei, eskainitako atentzioagatik» dio Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Rakel Blancok.

  • Dendarien atxikimendua
Gehituk emandako datuen arabera, Zumarragako dendari gehienek onartu zuten kanpainaren logotipoa "Zurekin aurrera goaz" daraman pegatina erakusleihoetan ikusgai jartzea, esaterako, Mentxu y Jone haurrentzako arropa dendak. «Bi neska etorri ziren eta era argian kanpaina azaldu ziguten. Pegatina ipini nahi genuen ala ez galdetu ziguten eta guk baiezkoa erantzun genien. Azaldu zigutenaren arabera, egiten ari ziren lanari nolabaiteko babesa eskaintzeko modua zen pegatina ipintzea, eta hala egin genuen» dio Jone Arakamak. «Dena dela, gizarte eta kultura gaiekin datozkigunei, kartelen bat ipini nahi badute ez diegu ezezkorik esaten. Beste batzuek arau bezala dute ezer ez ipintzea, eta horregatik ere askok ez zuten pegatina jarriko» gaineratu du Mari Karmen Munchek.

Gehituk adierazi bezala, erakusleihoan pegatina ez ipintzeak ez du kanpainaren mezuarekin bat egiten ez dela esan nahi. «Guk ez dugu pegatinarik ipini» diote Aresti liburudendakoek: «Gay eta lesbianen kolektiboa bezala, gainontzeko kolektiboak ere errespetatzen ditugu. Guretzat bezero guztiak berdinak dira. Hain zuzen, gure ustez inolako bereizgarririk ez izatea da guztiei errespetu eta tratu bera eskaintzearen adierazle» azaldu dute.