2003/08/10

> Berria: Borroka > EHGAM ETA GEHITU TALDEEK DEITUTA, ELKARRETARATZEA DONOSTIAN

  • Homosexualen taldeek alegazioak jarriko dizkiote PPren helegiteari
  • Gehitu eta EHGAM taldeek elkarretaratzea egin zuten atzo Donostian, «homofobiaren kontra»
  • Berria, 2003-08-10 # Irati Izagirre, Donostia

Gay eta lesbianen Gehitu eta EHGAM taldeek deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo Donostian, Artzain Onaren katedralaren parean, Vatikanoak homosexualen arteko ezkontzei eginiko kritiken aurka eta PPk Izatezko Bikoteen Legeari jarritako helegitearen aurka. Elkarretaratzean zegoela, Imanol Alvarez EHGAMeko kideak adierazi zuen homosexualen kolektiboek helegiteari alegazioak aurkezteko asmoa dutela.

Kontzentrazioa arratsaldeko zortzietan hasi zen. Ordu horretantxe sartzen ziren fededunak katedralera, eta horietako batzuek ez zuten begi onez ikusi pankartak zioena: Vatikanoari, ez eskerrik asko. Homofobiari eta lesbofobiari...Stop!. Nolanahi ere, ez zen batere istilurik gertatu. Ehun bat lagun elkartu ziren kontzentrazioan.

Imanol Alvarez EHGAMeko kideak atzo esan zuen ez dutela «esperantza handirik», «Espainian botere judiziala eta exekutiboa gauza bera direlako». Legea «defenditzen», «borrokatzen», «aldarrikatzen» segitzeko asmoa agertu zuen Alvarez. Hala, PPk jarritako helegiteari alegazioak egiteko hamabost eguneko epea dago, eta Alvarezek «ziurrenik» alegazioak aurkeztuko dituztela iragarri zuen. «Horren inguruan hitz egiteko bilera deitu ditugu Euskal Herriko gay eta lesbianen talde guztiak. Eta, ziurrenik, alegazioak aurkeztuko ditugu», azaldu zuen Alvarezek.

Nolanahi ere, Javier Madrazo Gizarte Gaietarako sailburuak herenegun adierazi zuenez, Eusko Jaurlaritzak Estrasburgoko Auzitegira jotzeko asmoa du Izatezko Bikoteen Legea defenditzeko. Imanol Alvarezen aburuz, PPk helegitea aurkeztu izana eta Auzitegi Konstituzionalak helegitea tramitera onartu izana ez da bakarrik «homofobia», baita «euskal herritarren aurkako mugimendua» ere. «Nafarroako antzeko legea ere errekurritu baitute», gaineratu zuen.

  • Batzuk hasiak ziren tramiteak egiten

Alvarezek azaldu zuenez, legea onartu zenetik helegitea aurkeztu zuten arte, hainbat pertsonak eskaera egin zuten lege berriaren babesean haurrak adoptatzeko. Eskaera horiek onartu, eta tramitean ziren. Hala ere, helegitea aurkezteaz batera, tramite guztiak gelditu egin dira, ez atzera ez aurrera. «Aurreko harreman batekin haur biologikoa zuten batzuek, eta horien egungo sexu bereko bikoteak haur hori adoptatzeko eskaera egin du», azaldu zuen Alvarezek.

No comments: