- Argizaria belarrietan
- Berria, 2004-12-01 # Alfre Elgezabal Burgos · Euskadiko Gazte Kontseiluko komunikazio arduraduna
Izan ere, gotzainek, zenbait erakundek kondoia erabiltzeko plazaratutako gomendioen aurrean, edonoren aurpegiaren kolorea aldarazteko moduko adierazpenak zabaldu dituzte. Apezpiku Batzarreko bozeramailearen hitzetan, hiesaren aurka borrokatzeko biderik eraginkorrena kastitatean (errealitatetik milioika kilometrotara bizi den kontzeptua) edota bikotearenganako leialtasunean datza; Martinez Caminoren arabera, txanoaren erabilerak promiskuitatea baino ez du areagotzen. Gotzain batzuek «bete-betean» asmatu nahi izan dutelako susmoa dago; izan ere, hitz hauek noiz entzuten ditugu? Orain. Afrikan hiesak jota milioika lagun hiltzen diren sasoian, Euskadin hiesagatik kutsatuta dauden emakumeen kopuruak (kutsatutakoen %28) nabarmen gora egin duen garaian edota GIBaren infekzioen %70 sexu bidezko harremanetan izaten den unean. Nork esan behar zien gazteen gehiengoari (sexu praktikan aritzen direnen %82) kondoia erabiltzeagatik promiskuitatearen jaun eta jabe bilakatu behar zutenik. Are gehiago, nork esan behar zien bizitza osorako bikotekidearenganako leialtasunetik urrun bizi direnei, txanoa erabilita ere, kutsaduraren infernu beltzean erortzeko arrisku handian bizi behar zutenik. Acasgi, Itxarobide, Txo Hiesa, Gehitu, T-4, EHGAM, Harribeltza, Sidalava, Hegoak, Hiesaren aurkako Bizkaiko Hiritarren Batzordea etab. legezko elkarteak etengabe ari dira gaixotasuna saihesteko argibideak zabaltzen. Bai kalean, bai tabernetan, bai institutuetan eta baita unibertsitateetan ere. Aipatutako elkarteek egindako lan horri zentzugabeko kritika egiten dioten gotzainei maitasun eta sexu ziur eta askearen alde bizi garenon iritzia bideratu beharrean gaude.Egun, egon badaude Jesusen bizitzan sinistu eta berak hedatu zituen balioen alde lan egiten duten gazteak. Gehienak elkartegintzaren munduan murgilduta daude, pozik gainera; aisialdia, gazteon lanerako eta etxebizitza duina izateko eskubidea, garapenerako lankidetza edota gizarte bazterketaren aurkako borroka legezko gaiak kristau ikuspuntu batetik jorratzen dituztenak ditugu. Hauetako asko, fededunak ez direnen gazteen antzera, gotzainek ahoa zabaltzen duten bakoitzean, zur eta lur geratzen dira.Sotanadunen berbak erantzukizunik gabekoak direla aditzera emateaz gain, esaldi horien kontserbadoretasun latzetik urruntzen saiatzen dira. Gazte kristau horien iritzia ere ez zaie heltzen; ez dute entzuten, ez dira jabetzen. Belarriak zabaldu ezean, argizaria kentzea zaila izaten da maiz. Argizari horrek XVI. mendeko data baldin badauka, eta hala dauka, are zailagoa izaten da. Argizari tapoi eta itzal ilun guztien gainetik, hiesari ihes egiten hasi!
No comments:
Post a Comment