2005/01/11

> Berria: Berdintasuna > GIZARTE ERAGILEEK EUREN BARRUKO MATXISMOAZ GOGOETA EGINGO DUTE

  • Gizarte eragileek euren barruko matxismoaz gogoeta egingo dute
  • Gite-Ipes elkartekoek jardunaldia antolatu dute Bilbon; datorren larunbatean egingo da
  • Berria, 2005-01-11 # Iñigo Bilbao, Bilbo

Gizontasuna zertan datzan ikusi eta matxismoaren sustraiak aztertuko dituzte Bilbon, datorren larunbatean, Gite-Ipes elkarteak antolatu duen jardunaldian. Zer da gizon izatea? (sexismorik gabeko mundurantz) lelopean, gizonen ardurak azpimarratu eta, bide batez, emakumeekiko lankidetza sustatzea bultzatu nahi dute antolatzaileek. Ibon Arrizabalagak Berriari argitu dionez, gizonen eta emakumeen arteko «lehiak, susmo txarrak eta uste ustelak» uxatu nahi dituzte.

Arrizabalagak berak badu egiteko horren inguruko esperientziarik, arinago Basaurin eta Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) barruan antzeko gogoetaldiak bideratu izan dituelako. Oraingoa baina, gizarte eragileei, kulturgintzako kideei eta talde feministetako emakumeei zuzendu nahi izan diete, euren eremuetan «gizon izatea» zer den eta horrek euren borroka eta lanean duen eragina elkarrekin aztertzeko. Mikel Etxaburu Gite-Ipeseko kideak aitortu duenez, ekimena antolatzekotan aspaldi bazebiltzan ere, zailtasun handiak izan dituzte gogoetaldia egiteko. «Izan ere, guztiok onartzen dugu sexismoa arazo larria dela, baita herri mugimenduen baitan ere, barruan zenbait jarrera sexista errepikatzen ditugulako, baina oso zaila egiten zaigu gaiari merezi duen sendotasunaz heltzea», nabarmendu du. «Sexismoak gizonoi agintzen digun eredu zurrun eta zapaltzailea aztertuko dugu topagunean», azaldu du Arrizabalagak. Eredu horri bestelako eredu «askatzaileago eta itxaropentsuagoa» alderatzerik ba ote dagoen ikusi nahi dute gizarte mugimenduetako militanteekin batera.
  • Gizonak erakartzeko saioak izango dira

«Gure jardun militantean zein kulturgintzan, zer egin dezakegun ikusi nahi dugu; nola egin behar dugun jarrerak aldatu, matxismoarekiko erresistentzia ahaleginak sendotu eta aldaketa horren alde gero eta gizon gehiago erakartzeko», azaldu du Arrizabalagak.

Ekimenaren antolatzaileek eurek nabarmendu dute gogoetaldian emakume feministen parte-hartzeak izango duen garrantzia. Azaldu dutenez, emakumeok izan dira matxismoaren kontrako borrokan «aitzindari» eta eurak dira gaur egun horretan eskarmentu handiena dutenak.Gizarte eragileei eta kulturgitzakoei dagokienez, berriz, Arrizabalak azaldu du horiek guztiak oso egoera interesgarrian daudela, beraien egitekoa «herritarrengan eragitea» delako. Hortaz, «inorengan eragiten hasi aurretik, eragileok euren burua horretara egokitu» beharko dutela azpimarratu du.

Topaketa Zazpikaleetako auzo etxean egingo dute datorren larunbatean, hilaren 15ean. Hitzordua 09:30ean ipini dute, eta goiz osoa emango dute gogoetan. Antolatzaileen asmoa da ekimenarekin aurrera egitea eta handik gutxira gogoetaldian jasotakoekin mahai-inguru bat antolatzea, bildutako iritzi eta nahiak ezagutzera eman ahal izateko.

No comments: