- Ivan alberdi » EHGAM taldeko kidea
- «Hiesa gizarte osoaren arazoa da, helburua denon kontzientziazioa da»
- Euskal Herriko Gay eta Les Askapenerako Mugimenduak bideo emanaldiak eta hitzaldiak antolatu ditu
- Goierriko HITZA, 2005-11-23 # Maider del Olmo
Gaur arratsaldean The Other side of AIDS filma eskainiko dute Barrena kultur etxean 19:00etan, EHGAMek antolatuta; hiesari buruzko lana da. Ivan Alberdi Euskal Herriko Gay eta Les Mugimenduko kidea da, 30 urte ditu eta kaldereroa da. 2000. urtetik dabil EHGAMen.
Zeintzuk dira ziklo honetan landuko diren gaiak?
Azaroaren 9a faxismoaren eta diskriminazioaren aurkako eguna zenez, EHGAMetik gay eta lesbianen genozidioa gogoraraztea pentsatu genuen, bai Alemanian nazien garaian izan zuten pertsekuzioa, eta baita Espanian 1960ko hamarkadan milaka homosexual kartzelatu, bortxatu eta torturatu zituztenekoa. Bestalde, abenduaren 1a Hiesaren Aurkako Eguna denez, goierritarrak kontzientziatu nahi ditugu: arazoa guztiona da eta prebentzioa garrantzitsua da.
Zein da ekitaldien helburua?
Bideoforumak bi helburu nagusi ditu. Batetik hiesari buruzko informazioa goierritar guztiei iristaraztea, eta bestalde bisibilitatea; alegia, homosexualitateaz ez hitz egiteak ez baitu esan nahi ez duela esistitzen. Bada garaia gure artean dauden pertsona batzuen jarrerak aldatzeko eta aurreiritziak eta beldurrak kentzen hasteko.
Hies kasuek gora egin dutela diote ikerketek. EHGAMek zer irakurketa egiten du?
EHGAMetik esaten dugu ezin dugula konformatu egiten denarekin, ezin baitiogu treguarik eman hiesari. Horri aurre egiteko garrantzitsua iruditzen zaizkigu puntu hauek jorratzea: prebentzio politika indartsuak, informazioa eta formazioa. Hiesari buruz beldurrik gabe hitz egin beharrean gara, eta esan hiesa sexu praktikengatik kutsatzen dela, ez orientazio sexualagatik. Alegia, gizarte osoaren arazoa da; denon kontzientziazioa da helburua.
Zer lan egiten duzue EHGAM-en?
Herrialdeka funtzionatzen dugu. EHGAM Gipuzkoan goierritar batzuk ari gara lanean, eta bertan astero-astero egiten ditugu biltzarrak. Biltzar horietan ekitaldi desberdinak antolatzen ditugu: bideoforumak, mendi irteerak, kontzientziazio kanpainak, hitzaldiak eta abar. Jendeari esan nahi genioke EHGAMekin lan egin nahi badute, lasai etortzeko. Helburua gayen, lesbianen, bisexualen eta transexualen eskubideak defenditzea da, homofobiari eta diskriminazioari aurre eginez. EHGAMek ez du gizarte honetan integrazioa bilatzen, baizik eta aurreiritziak eta beldurrak kentzea du helburu, berdintasun sozial batean oinarritatua dagoen gizarte baten alde borrokatuz.
No comments:
Post a Comment