2005/12/08

> Berria: Elkarteak > "LESGAYZALE" KANPAINA AURKEZTUKO DU GEHITUK, ZUMARRAGAKO UDALAREKIN BATERA

  • 'Lesgayzale' kanpaina aurkeztu du Gehituk, Udalarekin batera
  • Ekimenak herritarrengan homosexualitateari buruzko gogoeta eta sentsibilizazioa areagotzea du helburu
  • Goierriko HITZA, 2005-12-08 # Idoia Luzuriaga

Euskal Herriko gay eta lesbianen Gehitu elkarteak datozen egunetan Zumarragan burutuko duen kanpaina aurkeztu zuen atzo. Lesgayzale deritzon ekimenean Zumarragako Udalak bere atxikimendua adierazi du. Atzoko aurkezpenean izan ziren Gehituren ordezkariek -Jesus Estomba eta Koldobike Mujika-, instituzio baten partetik datorren «laguntza hori» biziki eskertu zioten Udalari, «herritarrengan sortzen duen kontzientziagatik».

Berehala jarriko da martxan kanpaina, eta horren bidez «herritarrengan homosexualitateari buruzko gero eta gogoeta eta sentsibilizazio handiagoa» sustatzea dute helburu.

Kanpaina merkataritzara zuzenduko dute lehendabizi. Horrela denda, taberna eta jatetxeetara joko dute, diptikoarekin kanpainaren berri emanez eta atxikimendua eskatuz. «Atxikimendua adierazten duten dendek eta tabernek grafikoki azalduko dute, bai erakusleihoetan, edo bai ikusgarri suertatzen den tokian». Horrela, Zurekin Aurrera lema eta kanpainaren diseinua duen pegatina jarriko lukete agerian. «Guretzat hori asko da. Kanpaina xumea izan arren herritarrengan berdintasunaren, duintasunaren eta errespetuaren baloreak jorratzen dituelako», esan zuten Gehitukoek.

Zenbait eskubide lortu dituzten arren, oraindik ere normalizazio bezala ulertzen denera iristeko «bide luzea» dutela adierazi zuten Mujika eta Estomba Gehituko kideek. «Eta normalizazio horren bidean aurrera egitea ez dagokigu bakarrik gay eta lesbianei, gizarte osoari baizik».

Kanpainarekin bilatzen duten pausoa, «teknikoki txikia baina sinbolikoki garrantzi handikoa» dela azpimarratu zuten.

  • Donostian eta Irunen egina

Orain arte ekimena Donostian eta Irunen egin dute. Hiriburuan oso arraskatatsutzat jo dute. Irunen atxekimendu gutxiago lortu badute ere, eta oraindik balorazio orokorrik egin gabe, «ondo» joan dela esan zuten. «Zumarragari dagokionez itxaropentsu gaude, honela gay eta lesbianen errealitatea gizarteratu, normalizatu eta honen aurrean adostasuna lortzeko», adierazi zuten.

Udalari dagokionez, Mikel Serrano jarduneko alkatea eta Diego Calvo eta Rakel Blanco zinegotziak egon ziren aurkezpenean. Gizarte Zerbitzuen batzordeko Blanco arduradunak gay eta lesbianen eskubideen arloan «aurrerapauso handiak» egin direla azpimarratu zuen, eta Europa mailan emandako erabaki ezberdinen inguruko datuak eman zituen aurrerapen horren ildoan.

«Gizarte arloan ere aurrera egin den arren oraindik ere lan asko dago egiteko, eta hori da bultzatzen dugun kanpainaren helburua: herritarrengan errealitate homosexualaren inguruan hausnarketa eta sentsibilitate maila areagotzea. Bakoitzak bere atxikimendua eman dezake, eta hori asko da. Horretarako kanpainaren logotipoa ondo ikusten den toki batean kokatzea besterik ez du», gehitu zuen Blancok.

  • Lema
  • 'Zurekin aurrera' lemadun pegatinak jarriz adieraziko dute atxikimendua dendek, tabernek eta jatetxeek

No comments: