2005/10/19

Berria: Futbola > "MUTIL HAU EZ DA METROSEXUALA BAKARRIK, GAY-VAGUE EDO IA-GAY BAT ERE BADA"

  • Laskorainek Beti Arin taldeari irabazi dio nagusitasun handiz
  • 3 eta 8 hartu zuten mendean tolosarrek Zornotzako taldea; horitxoek ez zuten arazo larririk izan hiru puntuak lortzeko
  • Tolosaldeko HITZA, 2005-10-19 # Iratxe Etxebeste

Egun bi taldeen artean dagoen kalitate ezberdintasuna agerian ipiniaz, eta «aurrez uste baino samurrago», 3 eta 8 gainditu zuen Laskorain areto futbol taldeak Beti Arin talde zornotzarra, larunbatean. Horitxoek ez zuten arazo larriegirik izan jokoan ziren hiru puntu garrantzitsuak Usabaleko za-ku oparora ekartzeko.

Epaileek hasiera adierazi eta berehala ipini zen neurketa maldan behera. «Estreinako minutuan Yustos Copperfield-ek gol bihurtu zuen presioaren ondorioz berreskuratutako baloi bat, eta jokaldi horrekintxe soilik Larrea polikiroldegi olinpikora hurbildutako orok puntuak tolosarrak izango zirela ulertu zuen», adierazi dute Laskorain areto futbol taldeko arduradunek.

Eta horrelaxe suertatu zen. Beti Arin-eko beteranoak, garai bateko arintasuna galduta edo erdoilduta, ez ziren gai izan Ikastolakoen jokoa futbolistikoki oztopatzeko, eta minutuak aurrera joan ahala horitxoen aldea handiago bilakatu zen. Iaz gertatu zen bezalaxe, ipini zuten oztopo bakarra joko gogorrarena izan zen. «Epaileek mozten asmatu ez zuten eta araudiaz kanpo kokatutako joko gogorrarena», alegia. Nolahala, ez zuten Laskorainekoen festa ekidin eta, aurreratu bezala, golak bata bestearen atzetik etorri ziren, «grabitate futbolistikoaren eskutik, hain zuzen ere».

Gol zaparrada Tolosatik

«Yustosek beste bat (bere bigarrena) sartu zuen, Saldias kapitain handiak bi sinatu zituen, eta Barriola injeniariak, Gil TDIak, Telletxea kadeteak eta Calixtok bana. Gol pozgarriena, ezbairik gabe, urtebete jokatu gabe egondako Calix-ena izan zen, bere bikotearen gidaritzapean Laskorainera style berri bat ekarri duen Calix-ena, ikusi bestela bere ile mozketa. Manhattan aldetik datozen estetika eta moda gomendioak kontuan hartuta, mutil hau ez da metrosexuala bakarrik, gay-vague edo ia-gay bat ere bada», adierazi dute Laskorain taldeko ordezkariek, jokatutako partiduaren kronika egiterakoan usadio duten bezala, barre artean.

Kontuak kontu, hiru jardunaldietan pilatutako zazpi puntuek ematen duten berotasunarekin, Laskorainek bi jardunaldi «oso gogor» izango ditu datozen bi asteburuetan, Nogales eta Piti Pascual taldeen kontra jokatuko baitu. Hala ere, Tolosako areto futbol taldearen benetako lehiakortasuna neurtzeko parada ezin hobea izango da datozen asteburuetan.

Javi delegatua, Egizabal entrenatzailea eta Domentxe, Yustos, Telletxea, Saldias, Barriola hasierako bostekoa, Alonso, Gil, Amatriain, Calixto, Murgi eta Urko jokalariak izan ziren larunbatean Zornotzako (Bizkaia) Beti Arin kiroldegian Laskorain taldearen alde lanean aritu zirenak.

Bestalde, Laskorain areto futbol taldeko behe mailatako taldeek borobildu egin dute aste honetan talde nagusiaren jarduna. «Jorge Alonso Mourinho-ren taldeak 4 eta 1 irabazi zuen oso erraz Denak Pizza taldearen aurkako derbia, eta Muruaren taldeak, berriz, 3 eta 1 irabazi zuen zegokion neurketa». Jardunaldi horretan Laskorainen izenean aritu diren hiru taldeek lortutako emaitzak paregabeak izan dira, beraz. Hiru taldeen artean jokoan ziren bederatzi puntuetatik bederatziak eskuratu dituzte Tolosakoek. Hobeto ezin.

No comments: