2005/10/19

> Berria: Ekitaldiak > "HOMOEROTISMOA ATZO ETA GAUR" IKUSGAI BEASAINGO ATERPEN

  • Beasain » Erakusketa
  • 'Homoerotismoa atzo eta gaur' ikusgai Aterpen
  • Sexu bereko pertsonen arteko maitasun kontuak biltzen dira erakusketa horretan
  • Goierriko HITZA, 2005-10-19 # U. Barandiaran
Euskal Herriko Gay eta Lesbianen Askapenerako Mugimenduaren (EHGAM) ekimenari esker, erakusketa berri bat dago ikusgai Aterpe tabernan. Dagoeneko zabalik ditu ateak eta azaroaren 4ra arte bertatik bueltatxoa emateko aukera egongo da.

Gure historian zehar sexu bereko pertsonen arteko maitasuna egon dela adierazi nahi da erakusketa honen bidez. EHGAMeko kideek ondo baino hobeto azaldu dituzte xehetasunak: «Eskolan ikasitako pertsonaia askoren maitasun gorabeherak ezkutatu edota gezurtatu egin zaizkigu. Bizirik dagoen jendearen artean ere badira gure eskubideen alde egunero borrokan ari diren militanteak, baita egun argiz maitatzeko norberak duen eskubidea defendatzeko urrats bat aurrera eman duen jende ezaguna ere. Horiek guztiak biltzen saiatu gara».

  • Erakusketa didaktikoa
Txomin Ferreira Aterpe tabernako arduradunak dioen moduan, erakusketa «didaktikoa» da. Argazkien azpian testu labur bat dago idatzita eta, ondorioz, gay eta lesbianen inguruko kontuen berri zehatzagoa edukitzeko ere balio du.

Bertako nahiz inguruko herritarren artean erakusketak lortu duen arrakasta ikusita «oso pozik» dagoela aitortu du Ferreirak. «Adin eta mota desberdinetako jende asko etorri da, eta datozen egunetan kopuru hori igoz joango dela uste dut», zehaztu du.

No comments: