2005/10/13

> Elkarrizketa: JAVIER MONTILLA > "LEGEA EGIN ARREN TRANSEXUALITATEARI BURUZKO JARRERAK EZ DIRA ALDATUKO"

  • Javier Montilla · Idazlea
  • «Legea egin arren transexualitateari buruzko jarrerak ez dira aldatuko»
  • Transexualek gizartean oraindik bizi duten bazterkeria aztertu du Javier Montilla idazleak kaleratu berri duen 'Los expulsados del paraíso' liburuan.
  • Berria, 2005-10-13 # Iñigo Bilbao, Bilbo

Javier Montillak transexualen errealitatea jaso du Los expulsados del paraíso (Paradisutik kanporatuak) liburuan. Bilbon izan da hor jaso dituen testigantzen berri ematen. «Gizon homosexuala naizen aldetik, banuen isilpean ezkutatutakoa agerian uzteko premia».

Zergatik paradisutik kanporatuak? Nortzuk dira horiek?
Liburuarentzat izen hori aukeratu nuen ongi adierazten duelako zein den transexualek gizarte honetan duten egoera. Hortik kanpo ikusten dute euren burua. Ez aukeratu dutelako, guztiona beharko lukeen gizartetik kanporatu dituztelako baizik.

Espainiako errealitatera begira egin duzu liburua. Bikote homosexualen ezkontzak direla eta, gizartean gai horien inguruko heldutasunik badela esan dute. Transexualitatea aintzat hartzeko adinakoa da heldutasun hori?
Ezta hurrik eman ere! Gainera, nahasteko joera dagoen arren, bereizi egin behar da zer den joera sexuala eta zer nortasun edo identitate sexuala. Ez da gauza bera, eta nortasun sexualaren gaineko estigma askoz bortitzagoa da herritar homosexualek pairatzen dutena baino.


Transexualen egoera arautzen duen legerik ez dago. Zer falta da hori arautzeko?
Orain arte lortu diren aurrerapauso bakanak epaien bidez lortu dira epaitegietan. Eta ezin dugu ahaztu zein atzerakoiak diren orokorrean Espainiako epaileak. Eman diren epai askok Konstituzioa bera urratzen dute. Legea egingo da. PSOEk legegintzaldi honetan egiteko konpromisoa hartu du eta, diotenez, Erresuma Batuan dutenaren antzekoa izango da eta, hala bada, pertsonari bizi duen generoa onartuko zaio, ebakuntza-gelatik pasatu nahiz ez pasatu. Hori da transexualak eurak eskatzen dabiltzana. Aldaketa legez onar diezaieten nahitaez ebakuntza egin behar izatea, xantaia egitea dela uste dute. Guztiak ez daude prest aldaketa fisikoa egiteko.

Transexualek prostituzioa hautatu behar izan dute sarritan, beste aterabiderik gabe. Gauzak aldatu dira?
Askorik ez. Horixe da gehienek duten aterabide bakarra. Eta logikoa da. Bizi duten errealitatea, duten itxura, ez badatoz bat agirietan esaten edo agintzen denarekin, oso zaila izaten da lana topatzea. Prostituzioa izaten da geratzen zaien aukera bakarra. Salbuespenak salbu, jakina. Eta hori horrela da transexual askok unibertsitate ikasketak dituzten arren. Egin diren azterketek argi erakusten dute pausoa ematera ausartzen direnak ez direla talde baztertuetan hazitakoak, bizirik irauteko prostituzioan aritu behar izaten duten unibertsitarioak baizik. Espainian laster onartuko den legea izango da transexualek bizi duten bazterkeria gainditzeko lehenengo pausoa. Benetakoa. Baina kontuz, transexualei gay eta lesbianei gertatzen ari zaiena gertatuko zaie, legeak eskubide zibilak aitortuko dizkien arren, herritarren pentsamoldea ez da bat-batean aldatuko.


Osasungintza publikoan zergatik jartzen zaizkie trabak sexua aldatzeko ebakuntzei? Dirurik ez dagoelako? Arazo moralak izaten direlako? Edo politikoki ez delako zuzena?
Arazo moral eta politikoengatik izaten da, batez ere. Katalunian eta Katalunia aipatzen dut bertan bizi direlako ageriko transexual gehienak diren trensexual guztien ebakuntzak ordaintzeko nahikoa litzateke Generalitatearen aurrekontuaren %0,1. Dirua ez da arazoa, politikoen aurreiritziak eta gogoa baizik.


Legeak behartuko ez dituen arren, ez da egia transexual askorentzat ebakuntza ezinbesteko pausoa dela euren nortasuna osatzeko?
Argi utzi behar dugu ebakuntza eskubidea dela. Transexual adina errealitate dago, eta bakoitzak bere ezaugarriak, premiak edo beldurrak ditu. Badira ebakuntza ezinbestean egin behar dutenak euren buruarekin bat egiteko, eta badira bere horretan lasai bizi direnak. Eskubide zibilak ez zaizkio inori inposatzen, baina hor daude, nahi dituenarentzat. Horregatik da bidezkoa legeak inor ez behartzea.


Transexualitatea gizon gorputzean lotuta dauden emakumeekin lotu ohi dugu. Zer gertatzen da, ordea, emakumezko gorputza duten gizonezkoekin?
Sexismoaren ondorioak dira horiek. Kontuan izan emakume transexualek egiten duten aldaketa... kendu aldaketa hitza, ez baita egokia... egokitzapena litzateke... Beraz, gizon izatetik emakume izatera egokitzen direnak, bietan ahulena dena aukeratzen dute, eta emakumeak sufritzen duen bazterkeria eurena egiten dute. Gizon transexualak, berriz, sexu ahulenari muzin egiten dio nagusia dena hartzeko. Ikusi zenbat diren lanik gabeko gizon transexualak. Oso gutxi. Gorputzean gertatzen diren aldaketek ere asko laguntzen diete. Hormonak hartuta, ilea ateratzen zaie, eta ahotsa sendotzen. Emakume transexualari zailagoa egiten zaio egokitzapena.

Transexualitateak eta homosexualitateak bat egin izan dute borrokan. Gay eta lesbianek eskubide zibilak eskuratu dituzten honetan, baina, bidelagunak ahazteko arriskua dago?
Transexualen taldeek diote mugimendua izendatzean transexualen t hori itxura egiteko jartzen dela. Gay mugimenduak orokorrean ez du transexualen aldeko jarrera argia hartu eskubideak eskuratu dituen arte. Ahaztu egin dute eskubide oro eskubide dela. Are okerrago, gay eta lesbianen artean ere transfobia jarrerak izan dira.

No comments: