2003/08/19

> Laburra: Ekitaldiak > GAYLES KANPALDIA ESAKO URTEGIAREN INGURUAN

  • Homosexualitatea: Gayles kanpaldia Esako urtegiaren inguruan egingo da
  • Berria, 2003-08-19
Gaytasuna eta EHGAM taldeek hamabigarrenez antolatu dute Gayles kanpaldia. Aurten Esako urtegi inguruan daoen Ruesta herrian (Aragoi) egingo dute gay, lesbiana, transexual eta beren lagunentzako kanpaldia. Irailaren 12tik 14ra egingo da, eta izena emateko, antolatzaileen egoitzetako batera deitzea eskatu dute.

2003/08/10

> Berria: Borroka > EHGAM ETA GEHITU TALDEEK DEITUTA, ELKARRETARATZEA DONOSTIAN

  • Homosexualen taldeek alegazioak jarriko dizkiote PPren helegiteari
  • Gehitu eta EHGAM taldeek elkarretaratzea egin zuten atzo Donostian, «homofobiaren kontra»
  • Berria, 2003-08-10 # Irati Izagirre, Donostia

Gay eta lesbianen Gehitu eta EHGAM taldeek deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo Donostian, Artzain Onaren katedralaren parean, Vatikanoak homosexualen arteko ezkontzei eginiko kritiken aurka eta PPk Izatezko Bikoteen Legeari jarritako helegitearen aurka. Elkarretaratzean zegoela, Imanol Alvarez EHGAMeko kideak adierazi zuen homosexualen kolektiboek helegiteari alegazioak aurkezteko asmoa dutela.

Kontzentrazioa arratsaldeko zortzietan hasi zen. Ordu horretantxe sartzen ziren fededunak katedralera, eta horietako batzuek ez zuten begi onez ikusi pankartak zioena: Vatikanoari, ez eskerrik asko. Homofobiari eta lesbofobiari...Stop!. Nolanahi ere, ez zen batere istilurik gertatu. Ehun bat lagun elkartu ziren kontzentrazioan.

Imanol Alvarez EHGAMeko kideak atzo esan zuen ez dutela «esperantza handirik», «Espainian botere judiziala eta exekutiboa gauza bera direlako». Legea «defenditzen», «borrokatzen», «aldarrikatzen» segitzeko asmoa agertu zuen Alvarez. Hala, PPk jarritako helegiteari alegazioak egiteko hamabost eguneko epea dago, eta Alvarezek «ziurrenik» alegazioak aurkeztuko dituztela iragarri zuen. «Horren inguruan hitz egiteko bilera deitu ditugu Euskal Herriko gay eta lesbianen talde guztiak. Eta, ziurrenik, alegazioak aurkeztuko ditugu», azaldu zuen Alvarezek.

Nolanahi ere, Javier Madrazo Gizarte Gaietarako sailburuak herenegun adierazi zuenez, Eusko Jaurlaritzak Estrasburgoko Auzitegira jotzeko asmoa du Izatezko Bikoteen Legea defenditzeko. Imanol Alvarezen aburuz, PPk helegitea aurkeztu izana eta Auzitegi Konstituzionalak helegitea tramitera onartu izana ez da bakarrik «homofobia», baita «euskal herritarren aurkako mugimendua» ere. «Nafarroako antzeko legea ere errekurritu baitute», gaineratu zuen.

  • Batzuk hasiak ziren tramiteak egiten

Alvarezek azaldu zuenez, legea onartu zenetik helegitea aurkeztu zuten arte, hainbat pertsonak eskaera egin zuten lege berriaren babesean haurrak adoptatzeko. Eskaera horiek onartu, eta tramitean ziren. Hala ere, helegitea aurkezteaz batera, tramite guztiak gelditu egin dira, ez atzera ez aurrera. «Aurreko harreman batekin haur biologikoa zuten batzuek, eta horien egungo sexu bereko bikoteak haur hori adoptatzeko eskaera egin du», azaldu zuen Alvarezek.

2003/08/09

> Laburrak: Borroka > EHGAM ETA GEHITU TALDEEK DEITUTA, ELKARRETARATZEA DONOSTIAN

  • Izatezko Bikoteen legearen aurkako helegitea onartu dute
  • Berria, 2003-08-09

Espainiako Auzitegi Kostituzionalak tramitera onartu du PPko gobernuak Eusko Legebiltzarraren Izatezko Bikoteen legeari paratutako helegitea. Gay eta lesbianen Gehitu eta EHGAM taldeek elkarretaratzea eginen dute gaur, 20:00etan, Donostiako Artzain Onaren katedralaren aitzinean, Vatikanoari ez, eskerrik asko. Stop homofobia eta lesbofobia lelopean.

2003/08/02

> Iritzia: Mikel Martin eta Imanol Barrenetxea > VATIKANOAREN ADIERAZPENAK

  • Vatikanoaren adierazpenak
  • Berria, 2003-08-02 # Mikel Martin eta Imanol Barrenetxea · EHGAM-Gaytasunako kideak
Vatikanoaren Fedearen Dotrinaren Batzarrak herenegun argitara eman zuen agirian adierazpen larri eta onartezinak egin zituen. «Sexu desioak isolatu, kontrolatu, menpean hartu eta gaitzesteko tratatua» ere izena har zezakeen agiri horrek EHGAM-Gaytasunaren arbuiua du hasiera-hasieratik, eta haserrea ere eragin digu, sexu bereko pertsonen arteko harremanen aurkako kondena egiten baitu, inola ere onartu ezinezko deskalifikazioekin gaitasunik gabeak, ordenarik gabeak, moralik gabeak eta antinaturalak, zioen besteak beste.

Gaur egunean, milaka lesbiana, gay, bisexual eta transexual jazartuak, giltzapetuak eta erahilak dira, edo atzerrira jo behar izaten dute beren herrietako politika homofobikoengatik, edo inguruan nagusi diren erlijioen edo bizi diren gizartearen jarrera homofogoengatik. Eta hori horrela izanik, Vatikanoaren adierazpen horiek entzun behar izan ditugu, sexualitatearen adierazpen askatasunari mesede egin beharrean, kontrako norabidea hartu eta sexu askatasunik eza indartu eta inposatu nahian.


Stonewalleko gertakariek lesbianen, gayen, bisexualen eta transexualen eskubide zibilen aldeko etaparen hasiera markatu zuten, isiltasunari, jazarpenari eta isolamenduari aski zela esan genienean. Vatikanoaren adierazpen horiek orduan hasitako borrokako beste mugarri bat dela uste dugu, eraso zuzena baita gay askapenerako mugimenduaren oinarrien aurka gure eskubide zibilak onartzea, eta homosexualitatea giza sexualitatearen aniztasunaren adierazpen gisa onartzea. Orain arte aurrekaririk ez zuen erasoa da, izan ditzakeen ondorio sozialengatik erantzunik gabe geratuko ez dena.


Vatikanoaren iritzi horiek giza eskubideak bortxatzen dituzten beste integrismo batzuk dakarzkigute gogora. Adierazpen horiek beste eliza batetik iritsi izan balira, ez ziren aintzat hartuko, eta gizarte ez demokratikoen zigilua jarriko liekete. Bush presidentea eta Ratzinger kardinala egun berean eta hain era berdintsuan lesbianen, gayen, bisexualen eta transexualen eskubideen berdintasunaren aurka azaltzeari nahikoa esanguratsua deritzogu.

Ziurrenik milaka lesbiana eta gay ez dira oso ongi pasatzen ariko adierazpen horiek direla-eta, baztertuak eta kondenatuak, aurreko garai batzuetan bezala.

Gizarteari deitzen diogu, eta, bereziki, oinarrietako komunitate kristauei, askatasunaren aurkako atentatu honen aurka ager daitezen. Era berean, dei egiten diegu adi egon daitezen Euskal Herriko GLBT mugimenduak antolatuko dituen elkarretaratzeekin, horietan parte har dezaten.