2003/10/18

> Erreportajea: Borroka > "ONDO HAZI, HEZI ETA MAITATUKO DUEN NORBAIT BEHAR DU HAURRAK"

  • Iñigo Lamarca eta Imanol Alvarez · GEHITU eta EHGAM gay mugimenduetako kideak
  • «Ondo hazi, hezi eta maitatuko duen norbait behar du haurrak»
  • Bikote homosexualek umeak adoptatzeko duten eskubidea eskatu eta PPk Izatezko Bikoteen legeei ezarritako helegiteak salatzeko, gay eta lesbianen talde guztiek manifestazioa egingo dute gaur Donostian
  • Berria, 2003-10-18 # Iñigo Bilbao, Bilbo
Gay eta lesbianen taldeak haserre daude. Sutu egin ditu Legebiltzarrak onartutako Izatezko Bikoteen Legearen aurka Espainiako Gobernuak jarritako helegiteak, eta umeak adoptatzeko duten eskubidea aldarrikatu nahi dute, bai eta PPkoen jarrera homofoboa, eta bide batez Vatikanoarena, salatu.

Gaurko manifestazioa aitzakia izan da antolatzaileekin egon, eta horretaz eta gay mugimenduaren egoeraz hitz egiteko. Azalpenak mugimendu horretako kiderik esanguratsuenetako bik eman dituzte: Gehituko Iñigo Lamarcak eta EHGAMeko Imanol Alvarezek.

Manifestazioa adopzio eskubidea eskatzeko antolatu duzue. Adopzioa da bikote homosexualak legez onartzeko dagoen oztopo bakarra?

Imanol Alvarez: Ez da oztopo bakarra. Gizabanako moduan ez gaude guztiz ezagututa, ezta lege aldetik ere. Esaterako, Atzerritarren Legeak ez du aintzat hartzen homosexualitatea inori errefuxiatu egoera onartzeko, eta bikotekidea bertokoa izateak ere ez du balio, sexu berekoa bada, bizitokia lortzeko.

Iñigo Lamarca: Erabateko berdintasuna eta duintasuna bete-betean onartzeko asko falta da oraindik. Manifestazioa deitu dugu adoptatzeko eskubidea eskatzeko, baina baita Eusko Legebiltzarraren eta Nafarroako Parlamentuaren legeen aurka PPk aurkeztu dituen errekurtsoak salatzeko. Eskakizun zehatz hori hartu badugu ere, deia testuinguru homofobo zabalago batean kokatu nahi dugu, batez ere Vatikanoak uztailaren 31n plazaratu zuen agiriaren inguruan.

Adin txikikoen eskubideak aipatu ditu Espainiako Gobernuak helegiteren nondik norakoak azaltzeko. Zintzo dabil edo aitzakia da hori?

Lamarca: Aitzakia eta, gainera, hipokrisia galanta. Jakin badakigu Madrilgo Elkarte Autonomikoak eskatuta, beraz PPkoen aginduz, bertako Psikologoen Elkargokoak eta Sevillako Unibertsitateko hainbat irakaslek familia homoparentalen errealitatea aztertu dutela, hau da, gurasotzat bi gizon edo bi emakume dituzten familien errealitatea. Horren emaitzek esaten digute familia horietan hezitako umeek bikote heterosexualetako umeen ongizate eta oreka psikoemozional berbera daukatela.

Arazoa besterik da: legeak babesik gabe uzten dituela ume horiek, guraso bakarrarekiko lotura onartzen dielako. Beraz, aita edo ama legezkoa hilez gero, edo bikotea banatuz gero, umea babesik gabe geratzen da.

Alvarez: Ikerketa hori ez balego ere, gauza bera esango genuke: umeak ondo hazi, hezi eta maitatuko duen baten bat behar du, edo baten batzuk. Hori eskainiko dieten pertsona egokiak behar ditu; berdin dio bikote homosexuala zein heterosexuala izan, zein bikote barik bizi den edonor. Bestela, aita edo ama izateko gaitasun agiria eskatu beharko zaio mundu guztiari.

Iruñeko eta Gasteizko legebiltzarrek izatezko bikoteen gaineko lege aurrerakoiak onartu dituzte. Uste duzue benetan gaiari buruzko eskuduntza guztiak euren esku baleude berdin-berdin jokatuko luketela?

Alvarez: Segur aski ez, baina nik baietz sinetsi nahi dut. Esperientziak erakutsi digu alderdien jokabidea ez dela berdina izaten oposizioan edo boterean egon. Pentsatzekoa da kasu honetan ere antzera izango zela. Baina nik nahiago dut baikorra izan eta kontrakoa pentsatu.

Lamarca: Duela 25 urte alderdi guzti-guztietan zeuden jarrera homofoboak, baita eskuin zein ezker muturrekoetan ere. Hor garapen bat egon da.

Alvarez: Jarrera homofoboak beti egon dira, eta orain ere bai, alderdi guztietako kide batzuengan. Baina gero eta gutxiago dira, baita eskuineko alderdietan ere. EHGAM hasi zenetik, duela 27 urte, beti izan dugu harrera hobea ezkerrean, eskuinean baino. Zenbat eta ezkerrerago, zenbat eta abertzaleago, erantzuna hobea. Gauzak aldatuz joan dira eta leku guztietan homofobia badago ere ezkerreko abertzaleen artean ere bai, gutxitu egin da. Garai batean pentsaezina zen PPn aldarrikapenon aldekoak egotea!

Legeak eta legegileak gizartearen atzetik joan ohi dira. Kasu honetan ere horrela izan da?

Lamarca: Bai. Katalunian Izatezko Bikoteen Legea 1988an onartu zuten, eta Nafarroan, iaz. Eusko Legebiltzarrak, orain, nahiz eta duela hiru urte onartu zuen legea egiteko arauz besteko ebazpena. Legeak oztopo handiak gainditu behar izan ditu, aurreiritzi asko egon da eta seguru legebiltzarkideek ez luketela baiezkoa emango ez balute argi iritzi publikoa alde zeukatela.
Herritarren artean bilakaera izugarria izan da. Inkesten arabera, duela urte gutxi gehienak bikote homosexualen eskubideak onartzearen aurka zeuden. Gaur, gehienak alde daude, baita adopzio eskubidearen alde ere.

Alvarez: Bai baina ez, izan daiteke erantzuna; edo, ez baina bai... Askotan gertatzen den bezala. Ados egon arren, ez ahaztu sektore nahiko atzerakoi eta homofoboak geratzen direla oraindik. Geratu diot, pentsatu nahi dudalako geratu egiten direla, hondarrak direla. Egia da, beraz, inkestek diotenari erreparatuta, gizartea, oro har, berdintasunaren alde dagoela, baina hitzetatik ekintzetara urratsa eginez gero, ez dakit horrenbesterako litzatekeen. Hortaz, baietz esan behar dut. Are gehiago: herritarren iritziak ezagututa, esango nuke apur bat ausartak ere izan direla adopzioa onartuta.

Izatezko Bikoteen Erroldekin gertatu dena ikusita, ezkontzeko eskubidea lortuz gero, uste duzue gay eta lesbiana asko ezkonduko direla?

Alvarez: Edozein eskubide eska daiteke, gero ez erabiltzeko bada ere. Ezkontzeko eskubidea nahi dut, nahiz eta gero ezkondu ez. Beharbada, berdintasuna lortu eta gero, hurrengo astean ezkontzaren kontrako kanpaina egiten hasiko gara, baina ez ezkontzeko eskubidea nahi dugu.

Lamarca: Gogoan ditut Herbereheei buruzko datuak: izatezko bikoteen erroldetan izena emandakoak %3 baino ez ziren, eta sexologoen esanetan %10-edo dira herritar homosexualak. Aldea handia da. Imanolek arrazoi bat eman du, bestea homofobia barneratua duen homosexual asko dagoela izan daiteke.

Urrutira jo gabe, notarioek egunotan plazaratu dute idatzi bat esanez bikote homosexual asko dela bere bikote adierazpena notarioaren aurrean egiten duena , isilpean, ezkutuan...

Ezkontza, adopzio eta guzti, lortuz gero, zer geratzen zaio gay mugimenduari desagertzeko?

Lamarca: Homofobia desagertzea. Ez ahaztu gure borrokaren oinarria berdintasuna dela, Zuzenbidearen aurrean eskubide berdintasuna eta gizarte berdintasuna. Eta derrigorrezkoa da hori lortzeko ideologia eta ekintza homofoboak desagertzea. Begira emakumeekin zer gertatu den, formalki berdintasuna ia lortu badute ere, asko falta zaie benetako berdintasuna lortu, misoginia gainditu eta genero indarkeria bukatzeko.

Alvarez: Ados, baina EHGAMen beti pentsatu izan dugu sexualitate berdintzailea eta askea ezin izango dela gizarte eredu honetan lortu, gizartea bera aldatu behar dugula, homofobia gainditu arren gerta daitekeelako harreman sexualak libreak ez izatea. Borroka ez da homofobiaren desagerpenarekin amaitzen, gizartea aldatuta baizik.

Gay eta lesbianen kontrako erasoak gehitu direla dirudi. Zergatik?

Lamarca: Eskubideen onarpenak aurrera egin ahala erantzun homofobikoa ere indartu egiten delako. Gizarteak dagozkigun eskubideak aintzat hartu eta ikusgarriagoak garen neurrian, homofoborik sutsuenak urduri jarri dira eta eraso hitzezkoak zein fisikoak egiten hasi dira.

Alvarez: Agian baikorregia naiz, baina uste dut gizarteak gero eta jarrera hobea duela sexu berekoen arteko maitasunarekiko, eta gelditzen diren hondar homofoboak gero eta baztertuago eta amorratuago sentitzen direla. Batez ere orain, Vatikanoak, Bushek edo Aznarrek berak esandakoak ongarri izan direlako armairuan sartuta zeuden homofoboak harrotzeko.

Ikusgarritasuna eskatu izan duzue. Gaur egun telebista kate guztietan ikusten dena da eskatzen zenutena?

Alvarez: Ikusgarritasuna beharrezkoa da, baita Boris Izaguirre Cronicas Marcianas saioan ikusteko ere. Hala ere, kezkatzekoa da oraindik hori izatea gehien ikusten den eredua. Eskubide osoa du den bezala agertzeko, baina arazoa da erakusten dena ez dagoela orekatuta. Homosexualen artean, gizartean bezala, mota askotariko jendea dago.

Lamarca: Errealitate homosexuala ez da monolitikoa. Aniztasuna heterosexualen artean dagoen bezainbestekoa da. Kontua da aurreiritzi asko dagoela eta zenbait esterotiporekin lotuta dauden errealitateak baizik ez direla ikusten. Guk homosexualen artean dagoen ugaritasuna plazaratu behar dugu.

======================================================

  • «Gay mugimendua askotarikoa da, gure herria ere hala delako»
Gay mugimenduan garai batean talde bakarra zegoen. Larunbateko ekimena talde sorta batek deitu du. Letra bilduma hutsa da, edo bada hor atzean mugimendu bizia?

Lamarca:
Mugimendu gay-lesbikoa indartu eta zabaldu egin da. Lehen EHGAM bakarrik zegoen lekuan orain talde gehiago gaude. Arrazoia? Ez da bakarra. Euskal Herria konplexua da eta badira ezberdintasunak: lurraldeen artekoak, historikoak, interes ezberdinak... Horien guztien ondorioz talde sorta handia dago. Edozein modutara, Gehituko kideontzat garrantzitsua da guztiok bat egitea eta ados gauden gauzetan elkarrekin aritzea. Ondo dago elkarri mokoka ez ibiltzea, hori saihestu dugu.

Alvarez: EHGAM ez da inoiz talde bakarra izan. Baina ia bakarra izanik, beti pentsatu dugu ona litzatekela talde gehiago egotea, bakoitza bere ildoarekin: teorian bezala praktikan. Guk gure ideologia, estrategia eta helburuak ditugu, eta badakigu neurri batean askok bat egiten dutela gurekin. Hortik aurrera beharrezkoa zen talde gehiago egotea, gauza batzuetan gurekin bat egingo zutenak, eta beste batzuetan ez. Pozgarria izan zen Gehitu sortzea. Izena ere gustatu zitzaigun. Gehitzera datorrena ongietorria da.

Eta hilaren 18tik aurrera, zer?

Lamarca:
Segi egin beharko dugu. Egunero dago zer egina: hezkuntzan, bereziki, sentsibilizazio kanpainak egin behar dira, oraindik gay eta lesbiana asko dagoelako homofobia barneratua duena eta isilpean sufritzen ari dena homosexuala izateagatik. Erasoak ere bizi-bizirik daude...

Alvarez: Gizartea aldatzeko oraindik ahalegin handia egin beharko badugu ere, konturatzen hasiak gara immigrazioak are lan handiagoa emango digula. Etorkinak aberasgarri dira, jakina, eta elkarrengandik asko ikasi dezakegu, baina, zoritxarrez, etortzen diren askok ohitura sexista eta homofoboak ekarri dituzte.