2005/01/16

> Berria: Berdintasuna > EHGAMEK MASKULINITATE IKASTARO BATEN PARTE HARTZEN DU BILBON

  • Maskulinitate ikastaroa
  • Gizonoi zaila egiten zaigu barrura begiratu eta gogoeta egitea
  • Bost gizon batu ziren Gite-Ipes elkartekoek mugimenduen barruko matxismoaz gogoeta egiteko antolatutako jardunaldian
  • gite-ipes.blogspot.com, 2005-01-16
Gizarte eragileek bizi duten sistemaren ezaugarriak euren baitan errepikatzeko joera izaten dute; sexismoa eta matxismoa ez dira salbuespenak. Ondorio hori atera zuten, behintzat, maskulinitateaz gogoeta egiteko Gite-Ipes elkarteak atzo Bilbon antolatutako jardunaldian batu zirenek. Bost gizon baino ez ziren elkartu. Gutxi zirela aitortu arren, antolatzaileak pozik zeuden egindako hausnarketarekin. Gainera, beste askok barkamena eskatu zuten, interesa eduki arren joaterik izan ez zutelako. «Gizonoi zaila egiten zaigu gure barrura begiratu eta horren gogoeta egiteko elkartzea; futbolerako edo parrandarako arazorik izaten ez bada ere, sentimenduez eta jokabideez hitz egitea oso zaila izaten da», onartu zuen Ibon Arrizabalaga antolatzaileak. «Zapaltzaile izatea egokitzen zaionari zailago egiten zaio gogoeta egitea zapaldua denari baino. Eta horrek eragin egiten du, nahiz eta oso modu ikusezinean izan, baita gizarte mugimenduan borrokan dabiltzan gizonengan ere», aitortu zuen. Arrizabalagak berak gidatu zuen hausnarketa. Antolatzaileez gainera, Urtxintxa eskolako eta Euskal Herriko Gay Askapenerako Mugimenduko (EHGAM) kide banak eta bere kabuz joandako Iñaki Martinezek parte hartu zuten. Luze eta sakon hitz egin zuten arren, onartu zuten «motz» geratu zirela. «Arazoa horren zabala, zaharra eta sakona izanik, motz geratzen da goiz bakar batean bost gizonek egin dezakeguna», zioen Arrizabalagak. Hori bai, atzokoa «hastapena» baino ez zen izan. Horrek, antolatzaileen iritziz, agerian utzi zuen «merezi duela» eta «bilatu beharko» dutela horri jarraipena emateko modua.