2005/11/01

Iritzia: Olatz Prat > PROMETEO BERRIAK

  • Enbido
  • Prometeo berriak
  • Uztarria.com, 2005-11-01 # Olatz Prat

Erronka berri bati aurre egitera noa. Hemendik aurrera eta zenbaitek hala nahi badu behintzat, orrialde honetan aurkituko nauzue bi hilabetez behin, kezkatzen nauten eta gaituzten gaiez, barruak jaten dizkidan gauzez hitz egiteko, egunerokotasunaren monotoniari berezitasunak aurkitzeko eta irudimenari hegan egiten uzteko. Hor doa lehena.

Iritziak islatzeko utzi didaten tartetxo honetatik zorionik beroenak Azpeitian ezkondu berri diren bi lesbianei, zeresanei jaramonik egin gabe, euren arteko maitasuna beste edozein bikoterena bezalakoa dela erakutsi baitigute. Urteetan borrokan jardun ondoren azkenean lortu baitute euren ametsetako bat, garrantzitsuena agian, egia bihurtzea. Gehienok asimilatu dugu homosexualitatea normala dela. Egia da, oraindik harritzen gaitu inguruko norbaitek homosexuala dela esateak, eta hori ere normala da. Harritzen gaitu taberna batean bi neska muxuka edo bi mutil kalean eskua emanda ikusteak. Harritzen gaitu, eta neurri batean miretsi ere egiten dugu ausardia. Nik bai behintzat.

Badirudi, ordea, batzuek beldurra diotela. Matrimonioa sexu ezberdineko pertsonen artekoa omen da, bikote homosexualek osatutakoa ez omen da familia, antinaturala delako, haurrentzat txarra delako, gizartea pikutara doalako. Tontakeriak! Beldurra diote homosexualari, ezberdina denari, beraiek bezala pentsatzen ez duenari, mundua beraiek bezala ikusten ez dutenari. Muturreraino eramandako diskurtso katastrofista eta manipulatzaileak gauza bat islatzen du: aldaketek euren boterea deuseztatzearen beldurra, euren eragin soziala murriztearen beldurra. Hori guztia orain arte izan ez dituztenei per se dituzten eskubideak emateagatik! Nazka eta barregura arteko sentsazioak eragiten dizkidate, baina gauza batek kontsolatzen nau: beldurra porrotaren atalaurrea da! Hori da egia. Badirudi eskubide bat onartzen denean obligazio bihurtzen dela automatikoki; adibidez, Zurriolako hondartzan nudismoa egitea baimentzen bada, inor ez dago biluztera behartua; dibortzioa edo abortua baimentzen badira, inor ez dago dibortziatzera edo abortatzera behartua. Beraz, ezkontza homosexualak ez du inor behartzen bera ere sexu bereko pertsona batekin ezkontzera. Inork ez die homosexual izatera behartzen. Ez dezatela beraiek inor behartu hetero izatera.

Zarena izaten ausartzeko zioen Kant-ek Ilustrazioaren atarian, “zeure arrazoiaz baliatzeko ausardia izan ezazu” zioen, gizakiaren askatasunari deituz, besteek gure partez pentsatzeak, jarduteak eta erabakitzeak ematen digun lasaitasunaz ihes egiteko esanez. Ez zebilen gaizki. Prometeoren mitoa berpiztu zen modernitatearekin batera, Zeusen sua lapurtu zuen hark jainkoei desafioka eta mendeetan sufritzera kondenatua izan zen. Zeusek harri batera lotu zuen eta arrano batek gibela jan ziezaion agindu zuen. Gauero, ordea, gibel berri bat hasten zitzaion Prometeori eta hurrengo egunean arranoak berriro ireki eta jaten zion. Halako batean Herakles jainkoa agertu eta arranoa akabatu zuen gezi batez eta, horrela, amaiera jarri zion Prometeoren betiereko sufrimenduari.

  • Pausoak
Homosexualak homosexual direla esatera ausartu dira, Zeusi sua lapurtzera ausartu eta arrano gibel-jalea erraietan sufritzera behartuak izan dira Heraklesek sufrimendu horrekin bukatzea erabaki duen arte. Urte askoko sufrimendua, gehiegi. Eta, seguru, bukatu ez dena. Baina aurrerapausoa garrantzitsua izan da. Homosexualak pittin bat libreago dira orain. Besteok asko ikasiko dugu maitasunaz, tolerantziaz eta seme-alaben heziketaz. Erakutsiko digute familia sendoak bikote homosexualetatik ere osatu ahal direla, haur horiek ere maitatuak izango direla eta, agian, zenbait bikote heteroetatik sortutakoen aldean balore aberasgarriak izango dituztela, eta gizartea pikutara badoa ez dela gay eta lesbianek ezkontzeko eskubidea dutelako. Azken batean, zoriontasuna da bizitzan garrantzitsuena, eta homosexualak orain zoriontasunetik pauso bat gertuago daude.