2005/09/11

> Elkarrizketa: AINHOA ARREGI > "ESKUBIDEEN ONARPENAK AURRERA EGIN AHALA, ERANTZUN HOMOFOBIKOA INDARTU EGITEN DA"

  • Ainhoa Arregi · EHGAM-eko kidea
  • «Eskubideen onarpenak aurrera egin ahala, erantzun homofobikoa indartu egiten da»
  • Berria, 2005-09-11 # Agurtzane Solaberrieta, Donostia

Oiartzungo (Gipuzkoa) Aiako Harria Parke Naturalean dagoen Arritxulo aterpetxea aukeratu du aurten ere Euskal Herriko Gay Askapenerako Mugimenduak (EHGAM) 15. LesGay Kanpaldia antolatzeko. Aisialdia, eztabaida eta formazioa uztartu dituzte egitarauan, eta aspertzeko unerik ez dute eskaini hiru egunotan. Arregik dio jende askok hartu duela parte, «mugimendua bizirik dagoen seinale».

Iaz 25 urte bete zituen EHGAM taldeak. Zer esan nahi du horrek?
Helburu nagusi batekin jaio zen: edozein gizakiren aniztasun sexuala defendatzeko eta homosexualitatea despenalizatzeko. 1979an lortu egin zen. 25 urteren ondoren, gay eta lesbianen mugimenduak bizirik dirau, oraindik homofobia ez delako desagertu eta hori salatzen jarraitzen dugu, gure eskubideak aldarrikatzearekin batera.


Zer du oraindik lortzeke?
Azken urteotan lege esparruan lorpen handiak izan ditu, ezkontzeko eskubidearena, kasu. Hala ere, oraindik gizarteak gauza asko ez dizkigu eman; esaterako, heziketa ez da aldatu. Homosexualitateak tabua izaten jarraitzen du. Adopzioa bera ere ez da erraza, nahiz eta orain, legez, onartua izan. Intseminazioarekin hasi besterik ez gara egin. Gauza asko dago egiteke.

Azken hilabeteotan badirudi jarrera homofobikoak ugaritu egin direla, batez ere homosexualei ezkontza eta adopzio eskubideak legez aitortu zaizkienetik (hegoaldean). Ugaritu egin dira edota hor zeudenak modu bortitzean azaleratu?
Ugaritu egin dira, eskubideen onarpenak aurrera egin ahala, erantzun homofobikoa ere indartu egiten delako. Dagozkigun eskubideak aintzat hartu eta ikusgarriagoak garen neurrian, homofoborik sutsuenak urduri jarri dira.


Nola bizi dituzu zuk halako arbuioak?
Halako jarrerak azaleratzeak erakusten du egoera aldatzen ari dela eta gauzak mugitzen ari direla. Beraz, alde horretatik ondo. Hala ere, penagarria iruditzen zait eta, askotan, min handia ematen dute.


Hezkuntzaren arloan oraindik ere lan asko dagoela egiteko esan duzu. Nondik has daiteke?
Hezkuntza sistemak ez die erantzuten gazte homosexualen kezkei. Adibidez, liburutegietan ez dago gai horren inguruko libururik. Geletan ere ez da hitz egiten eta haurrei ez zaie esaten haur batek bi ama edota bi aita izan ditzakeela. Helduagoekin apenas lantzen da eta, lantzen denean, homosexualitatea sexualitatearekin lotzen dute bakarrik, eta homosexualitatea hori baino askoz gehiago da.

Eta komunikabideetan, zer-nolako tratamendua ematen zaio?
Marika eroaren irudia ematen dute, Boris Izagirrek eta halakoek. Emakumeak ez dira atera ere egiten, noski.

Emakumeen gaia aipatu duzu;, mugimendu homosexualean erreferentea ez al da batez ere gizona izaten?
Hala da; homosexualitate hitza, horren erakusle. Gu ere gizarte honetan bizi gara. Lesbianok zapalkuntza bikoitza jasan behar dugu: emakume eta lesbiana izateagatik. Ez gaituzte arlo askotan ezagutzen. Esaterako, ginekologian. 'Antisorgailua erabiltzen duzu?'. Hori da ginekologoaren lehen galdera. Lesbiana zarela esaten diozunean, mutu geratzen da, penetraziorik gabeko harreman sexualik egongo ez balitz bezala. Ez da emakumearen sexualitatea ezagutzen.

Askotan, emakumerik ez da ageri sexu bidezko gaixotasunak saihesteko bideratzen diren kanpainetan.
Hala da. Badirudi lesbianok ezin dugula hiesa harrapatu eta gure harremanetan gaixotasunak kutsatzeko arriskurik ez dugula. Desinformazio handia dago.