2005/07/03

> Iritzia: Kristina Urrutia > GAI AL GARA?

  • Gai al gara?
  • Tolosaldeko HITZA, 2005-07-03 # Kristina Urrutia, Uzturretik

Denbora luzean egon dira zain, baina azkenean iritsi da, iritsi da eguna eta iritsi da albistea. Nazioarteko prentsan ere, agerkari digitaletan, lehenengo orrira ekarri duten notizia: Espainiako Kongresuak legeztatu dituela homosexualen arteko ezkontzak.

Gai gara horretaraino behintzat, albistea bere horretan jasotzeko. Legez , libre dute jada ezkontzea. Izanen da, honenbestez, datorren asteburuan ezkontzarik Euskal Herrian.

Baina gai ote gara normaltasun osoz haien maitasuna onartzeko? Gai ote gara haiek orain arte sufritu dutena ulertzeko eta benetako arazoaz jabetzeko? Izan beharko genuke.

Espainiako irrati kate batean entzun dut egunotan gai honi buruzko tertulia bat. Madrileko auzo batetik egin zuten programa, homosexual askoren bizileku izan den auzo batetik hain zuzen ere. Homosexualak eta auzokoak gonbidatu zituzten gay-ezkontzen inguruko tertuliara. Gonbidatu haietako batek negozioa zuen auzo horretan. Homosexualentzat urte latzak ziren garaian jarritako negozioa zen. Istiluak noiznahi izaten ziren orduan, homosexualen kontra sortutako istiluak. Negozioa ixtear izan zirela ere kontatu zuen gonbidatuak. Baina itxaroten ikasi zuten eta, hara, gaur pozik bizi dira. Bezero homosexual asko omen dute, zein baino zein jatorragoak eta zintzoagoak.

Albiste hau entzunda zera pentsatzen dut: izanen da noski hauen artean ere akatsdun eta maliziadun jenderik! Gizaki ororen artean bezalaxe, noski.

Urte gutxian deabru izatetik aingeru izatera pasa dira askorentzat. Bertuteak aitortu dizkiegun bezalaxe akatsak ere aitortzen dizkiegunean izanen da homosexualen eta heterosexualen arteko benetako ezkontza.