2003/08/02

> Iritzia: Mikel Martin eta Imanol Barrenetxea > VATIKANOAREN ADIERAZPENAK

  • Vatikanoaren adierazpenak
  • Berria, 2003-08-02 # Mikel Martin eta Imanol Barrenetxea · EHGAM-Gaytasunako kideak
Vatikanoaren Fedearen Dotrinaren Batzarrak herenegun argitara eman zuen agirian adierazpen larri eta onartezinak egin zituen. «Sexu desioak isolatu, kontrolatu, menpean hartu eta gaitzesteko tratatua» ere izena har zezakeen agiri horrek EHGAM-Gaytasunaren arbuiua du hasiera-hasieratik, eta haserrea ere eragin digu, sexu bereko pertsonen arteko harremanen aurkako kondena egiten baitu, inola ere onartu ezinezko deskalifikazioekin gaitasunik gabeak, ordenarik gabeak, moralik gabeak eta antinaturalak, zioen besteak beste.

Gaur egunean, milaka lesbiana, gay, bisexual eta transexual jazartuak, giltzapetuak eta erahilak dira, edo atzerrira jo behar izaten dute beren herrietako politika homofobikoengatik, edo inguruan nagusi diren erlijioen edo bizi diren gizartearen jarrera homofogoengatik. Eta hori horrela izanik, Vatikanoaren adierazpen horiek entzun behar izan ditugu, sexualitatearen adierazpen askatasunari mesede egin beharrean, kontrako norabidea hartu eta sexu askatasunik eza indartu eta inposatu nahian.


Stonewalleko gertakariek lesbianen, gayen, bisexualen eta transexualen eskubide zibilen aldeko etaparen hasiera markatu zuten, isiltasunari, jazarpenari eta isolamenduari aski zela esan genienean. Vatikanoaren adierazpen horiek orduan hasitako borrokako beste mugarri bat dela uste dugu, eraso zuzena baita gay askapenerako mugimenduaren oinarrien aurka gure eskubide zibilak onartzea, eta homosexualitatea giza sexualitatearen aniztasunaren adierazpen gisa onartzea. Orain arte aurrekaririk ez zuen erasoa da, izan ditzakeen ondorio sozialengatik erantzunik gabe geratuko ez dena.


Vatikanoaren iritzi horiek giza eskubideak bortxatzen dituzten beste integrismo batzuk dakarzkigute gogora. Adierazpen horiek beste eliza batetik iritsi izan balira, ez ziren aintzat hartuko, eta gizarte ez demokratikoen zigilua jarriko liekete. Bush presidentea eta Ratzinger kardinala egun berean eta hain era berdintsuan lesbianen, gayen, bisexualen eta transexualen eskubideen berdintasunaren aurka azaltzeari nahikoa esanguratsua deritzogu.

Ziurrenik milaka lesbiana eta gay ez dira oso ongi pasatzen ariko adierazpen horiek direla-eta, baztertuak eta kondenatuak, aurreko garai batzuetan bezala.

Gizarteari deitzen diogu, eta, bereziki, oinarrietako komunitate kristauei, askatasunaren aurkako atentatu honen aurka ager daitezen. Era berean, dei egiten diegu adi egon daitezen Euskal Herriko GLBT mugimenduak antolatuko dituen elkarretaratzeekin, horietan parte har dezaten.