2003/11/26

> Berria: Emakumeak > INDARKERIAK EZ DU DATARIK

  • «Indarkeriak ez du datarik»
  • Emakumeek jasaten duten indarkeria salatzeko asmoz mobilizazioak izan dira Euskal Herriko hiriburuetako kaleetan
  • Berria, 2003-11-26 # Artikulu hau Iñigo Bilbaok (Bilbo), Agurtzane Solaberrietak (Donostia), Luis Karlos Garciak (Gasteiz) eta Edurne Elizondok (Iruñea) osatu dute
Emakumeekiko Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean elkarretaratze eta mobilizazio ugari izan ziren atzo Euskal Herrian, munduko beste hainbat tokitan bezala.

Bilbon 1.300 lagun inguru batu ziren emakumeen aurkako indarkeria salatzeko, gehienak emakumezkoak. Deia Azaroak 25 batzordea osatzen duten talde feministek, sindikatuek eta alderdiek egin zuten, Ez isildu, ez onartu, erantzun! lelopean. Arriaga plazatik abiatu eta hor bertan amaitu zuten, hirigunean bortxakeriaren kontrako mezuak zabaldu ostean.

Amaitutakoan antolatzaileek egindako agerraldian, argi utzi zuten arazoak bere horretan iraungo duela emakumeak gizonaren probetxurako daudela pentsatzen duenik dagoen bitartean. Gogor salatu zuten erasoaren ostean emakume asko eta asko babes barik utzi dituztela, bai eta «epaileek eta komunikabideek erasotzaileak zigor barik uzten dituztela» ere.

Manifestazioan neska gazte asko bazegoen ere, nabarmena zen halako ekitaldietan horren ohikoak ez diren edadeko emakumeen presentzia, batez ere pankartei eusten. Ekitaldian, gainera, deia egin zuten taldeen ordezkari ezagunak izan ziren, hala nola, Jose Elorrieta ELAko burua eta Itziar Lopategi AuBko ordezkaria.

Udalak, bestalde, adierazpen ofiziala egin zuen eguerdian. Iñaki Azkuna alkateak hitz eman zuen «emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko gainerako erakundeekin eta gizarte eragileekin lanean jardungo duela».Gasteizen 500 pertsona bildu ziren Andra Mari Zuriaren Plazan, emakume taldeek egindako deialdiari jarraikiz. Ez isildu, ez onartu. Erantzun! izenburuko pankarta agertu zuten. Aurrean eta lurrean emakumeen aurkako indarkeriari buruzko makina bat albiste eta testu. Hogei minutuko bilkuraren ondoren, agiria irakurri zuten, emakumeen aurkako indarkerian «datarik ez» dela aldarrikatzeko. Idatziak hedabideen, epaileen nahiz erakundeen jokabidea zorrotz kritikatu zuen. Areago, auzitan jarri zuen Gasteizko Udalak auziaz egindako plangintza, eta ukatu ezertarako balio duenik. «Planak erabat ahaztu ditu etxebizitza, prestakuntza eta enplegua bezalako gaiak, eta oinarrizkoak dira indarkeria jasaten duten emakumeek independentzia izan dezaten».

Gasteizko elkarrataratzeak gizarte mugimenduko kide ugari elkartu zituen. Era berean, bildutakoen artean zeuden EAJko Emilio Olabarria legebiltzarkidea eta Mikel Martinez zinegotzia, EBko Jose Miguel Fernandez biltzarkidea, PSE-EEko Peio Lopez de Munain zinegotzia edo PPko Encina Serrano zinegotzia.

Iruñean ere izan zen mobilizaziorik. Nafarroako Genero Indarkeriaren Aurkako Emakumeen Plataformak milatik gora lagun bildu zituen Sarasate pasealekutik abiatu zen elkarretaratzean. Bidean, 2002an senarrak hildako Alicia Aristregi Atarrabiakoa, eta aurtengo apirilean ustez bikotekideak emandako labankadaren ondorioz hildako Dora Angulo emakume ekuadortarra gogora ekarri zituzten, bai eta martxoan Tuteran hilda agertu zen Cristina Gravalos gaztea ere. Emakumeen kontrako erasoak salatu zituzten manifestazioan parte hartu zutenek, eta genero indarkeriaren aferan «legeak eta epaileak laguntzaile» direla azpimarratu zuten. Bukaeran irakurritako manifestuan, «diskriminazioari aurre egiteko beharra» azpimarratu eta Nafarroako Gobernuak indarkeriaren aurkako neurrien legea garatzeko araudia egin dezala eskatu zuen plataformak.

Donostian, berriz, Bulebarreko kioskoa azkenaldian emakumezkoek pairatutako bortizkeria kasuen lekukotzaren ispilu bihurtu zen. Arratsaldeko 19:00etan parodia bat egin ostean, Gipuzkoako Feministen Koordinadorak deituta 200 laguneko manifestazioa egin zen Emakumeon aurkako indarkeriari aurre hartu lemapean. Koordinadora horren baitan Bilgune Feminista, EHGAM, Medeak, Plazandreok, Hemen eta Munduan, LAB-Emakumeak eta STEE-EILAS biltzen dira. Manifestazioaren amaieran, erakundeek halako egunetan izaten duten jarrera salatu zuten: «Gaur -atzo- erakundeek datuz eta estatistikaz beteko dituzte egunkariak, malkoak isuriz, beraien bizkarrak babesteko». Malko horiek, ordea, «krokodiloenak» direla nabarmendu zuten: «Ez dira benetakoak». Azken urte hauetan Euskal Herriko gobernuek eta erakundeek hainbat hitzarmen, agiri, lege zirriborro, protokolo eta abar sinatzen ari direla gaineratu zuten, baina horiek gauzatzeko «beharrezkoak diren bitartekoak» ez dituztela jartzen salatu zuten. «Non daude diskriminazioaren aurkako politikak?», galdetu zuten. Erantzuna ere eman zuten. Gipuzkoako Feministen Koordinadoraren arabera, «politika horiek hezkidetza eskoletako kurrikulumean egon beharko lukete. Halaber, emakumeontzat kantitatezko eta kalitatezko enplegua sortu beharko lukete. Instituzioek hori guztia gauzatzen ez duten bitartean «emakumeek jasaten duten indarkeriaren arduradunak eta konplizeak» direla azpimarratu zuten.

  • Salaketak
2.681 Atzo Donostian eginiko manifestazioan zabaldu zutenez, 2002. urtean, 2.681 salaketa izan ziren emakumeen aurkako indarkeria dela-eta Hego Euskal Herrian. 1999tik 2003ko uztaila bitartean, gutxienez 13 emakume hil dituzte. Emakunderen datuen arabera, emakumeen %10ek jasaten dituzte tratu txarrak. Horietako %30ek baino ez dute erasotzailea salatzen.