2003/06/21

> Elkarrizketa: HELENE POLIART > GIZARTE HELDU BATEK BADAKI EZIN DIRELA BIZTANLEEN %10 ZOROKATU

  • Helene Poliart · Lesbian and Gay Pride Biarritz Impact elkarteko lehendakaria
  • «Gizarte heldu batek badaki ezin direla biztanleen %10 zokoratu»
  • 2002ko martxoan eratu zen Lesbian and Gay Pride Biarritz Impact elkartea, eta Helene Poliart da lehendakaria geroztik. Hirugarren urtez jarraian gay eta lesbianen ibilaldia eginen da gaur Miarritzen.
  • Berria, 2003-06-21 # Aitor Renteria, Miarritze
Poliartek urtarrilean utziko du kargua, baina ordurako Hegoaldeko gay eta lesbianekin harremanak finkatuta utzi nahi ditu.

Urtebeteko jardueran lan ildo zehatzak finkatu dituzue. Zertan dira xede horiek?
Sortze beretik hiru lan ardatz nagusi finkatu genituen: eritasunen aitzinikuspena, bizikidetzaren sustapena eta komunikazioa. Aitzinikuspenari doakionez, elkarteak partaidetzak finkatu ditu, eta Ortzadarra deritzon gaubeila antolatzen du hilabetean behin. Informazio ekimenak bururatzen ditugu homosexualek sareak hedatzeko edo elkarretaratzeak egiteko erabiltzen dituzten guneetan, bertzeak bertze Miarritzeko itsasargian, hondartzetan edo Angeluko Chibertan. Aldian aldi, toki horiek garbitzeko kanpainak ere egin ditugu. Lan hori biziki garrantzitsua da gure ustez, bertara homosexualak ez ezik, mota orotako jendeak hurbiltzen direlako erabiltzaile arrunt gisa.


Bizikidetzaren sustapena aipatu duzu. Zertan datza ardatz hori?
Izenak dioen bezala, jendeak elkartzeko gune irekiak sortu nahi ditugu. Horren karietara, hilabeteko bigarren asteazken guziz Miarritzeko hotel batean biltzen gara bi orenez. Elkarren ezagutza eta harremanak bultzatzen ditugu. Adibidez, Gehitu taldearekin informazio arrats bat prestatu dugu. Horrez gain ikuskizunak, ateraldiak, afari-bazkariak eta abar egin ditugu. Beste dinamika bat sortu nahi dugu, egun argiz, gaueko ghetto edo ohiko toki itxietatik ateratzeko. Jakin behar da homosexual guziak ez direla aise sentitzen giro hertsi horietan, eta bertze giro batzuen bila dabiltzala. Jende guziari ez zaio gauetan ateratzea laket, xedarri horiek hautsi nahi ditu.


Komunikazioa da hirugarren ardatz nagusia. Zein da batzorde horren eginkizuna?
Gizartearekiko jarrera politikoak finkatzen dituzte. Adibidez, 2003ko apirilean homofobiaren aurkako lege bat osatzeko eskaria egin genuen. Aldarrikapen horrek 600 pertsonaren atxikimendua erdietsi zuen, eta Jacques Chirac Frantziako Lehendakariari igorri genion ondoren. Aipa dezadan, bide batez, ez dugula oraindik ihardespenik ukan. Aldarrikapena biziki garrantzitsua da. Irainak jasotzean, gutietsirik sentitzen garelarik, ezin dugu neholako salaketarik ezarri, lan mundua arautzen duen legeak ez duelako horrelakorik aitzinikusten. Alta, arrazakeria eta jazarpena zigortzeko legeak badira.


Hego Euskal Herriko taldeekin biltzen hasiak zarete?
Harremanak sendotu nahi ditugu, EHGAM eta Gehitu taldeekin bereziki. Miarritzeko ibilaldiko afixak Donostian eta Errenterian banatu ditugu eta infrentzuz ere ekin nahi genioke, hots, gu haien ekitaldietara joanez. Interesgarria izanen litzateke dinamika bat antolatzea elkarrekin. Legeari doakionez ere, egoera ezberdinak ditugu administrazioaren erabakiei loturik. Horiek guziak ongi aztertu behar ditugu, eta aldarrikapen ildoa argiago ikusi. Funtsean, Europa deitzen den eremuan bizi gara guziak, eta homosexualen mugimendu zabala sortu beharko genuke Europa mailan. Ikuspegi horretan kokatzen dugu aurten Miarritzeko ibilaldiari eman diogun leloa: Lesbiana, gay, trans, bi, hetero, Europarrak, denak berdinak legearen aitzinean.


Miarritzetik Ipar Euskal Herri osora hedatzeko bitartekorik ikusten duzue?
Taldearen hedapena eta irekidura garrantzitsuak dira. Kostaldean ez bezala, barnealdean bizimolde jakin bat dago, eta han itxurak, erranen dezaketeenaren beldurra, indarrean daude oraindik. Horregatik serioski aztertzen ari gara Herri Urratsen edo Euskal Herria Zuzenean jaialdian informazio puntuak antolatzea. Baina zera azpimarratuko nuke: egoera ezberdinak ukanagatik, Euskal Herrian bizi gara guziak, eta ikuspegi horiek aztertzetik esperientzia aberasgarria sor daiteke. Badakit urtarrilean utziko dudala elkarteko ardura, baina hori egin aitzin harremanak finkaturik utzi nahi nituzke. Elkarlanerako izpiak ikus daitezke dagoeneko. Heldu den urtean, adibidez, Gay Pride ibilaldia egiteko data bera hautatuko dugu Euskal Herri osoan.


Eta etorkizun hurbilari begira?
Aitzinikuspenaren sailean pedagogia liburuxkak moldatu nahi ditugu ikasleentzat. Bertan, hiesa, eritasunak eta abar sakonduko ditugu. Horrez gain, bertze liburuxka bat osatu nahi dugu sexualitatea landuz. Funtsean nahas-mahas iluna sortzen da homosexualitateari begira. Hainbatek eritasunen arriskuak aipatzen dituzte, maitasun hitzaren esanahia ahantziz. Horregatik, bi gaiak uztartuz, liburuxka horiek argitaratuko ditugu urtea bukatu aitzin. Geroari begira, badakigu homosexualen aldarrikapenak ez daitezkeela aitzina, gizartearen partaide orok ez badu hartzen gaiari buruzko kontzientzia. Gizarte heldu batek ongi daki ezin direla biztanleen %10 zokoratu. Baina anartean, heldutasun hori ukan arte, gizartearen atal horrek bere joerak kukutu egiten ditu. Guk, hain zuzen, kontrako bidea egin nahi dugu, eta jendartearen aitzinean goraki aipatu. Ez dugu deus gordetzeko.


Prostituzioaren gaiaren inguruan aritzeko xedea ere aipatu zenuten iazko ibilaldian Miarritzen.
Bai, abiatu ere abiatu genuen lan ardatz hori. Tamalez, Frantziako makro-politikaren ildotik, polizia etxe mailan erabaki zuten prostituzioa Miarritzeko kaleetatik atera behar zutela. Pentsatu eta egin zuten. Gure iritziz, arazoa korapilatzea baizik ez dute erdietsi. Afera ez da jendea ohilduz eta errealitatea kukutzen konpontzen. Aitzitik, horrela zangopilatzeak ugaltzen dira, jipoiak, bortxaketak, babesik eza guzia azaleko itxurakeriaren hipokresia asebetetzeko.

No comments: