2003/11/16

> Iritzia: Angel Lenaroz eta Xabier Sanchez > ANDRAIZE, SEXUALITATEA JORRATZEKO EREDUA

  • Andraize, sexualitatea jorratzeko eredua
  • Berria, 2003-11-16 # Angel Lenaroz eta Xabier Sanchez · Nafarroako EHGAM-eko kideak
Aste honetan hogeita bost urte bete dira Andraize sortu zela. EHGAM-Nafarroa (Euskal Herriko Gay Askapen Mugimendua) taldekoek zorionak eta eskerrak eman nahi dizkiegu herri ekimenaren bitartez sortu zen proiektu hori aurrera atera duten gizon eta emakumeei.

Mila esker, sexualitatea globalitatetik jorratu duzuelako; ikuspuntu hori ezinbestekoa eta beharrezkoa baita ondo ulertzeko pertsonen arteko harremanak, sexu osasuna, amatasun eta aitatasun arduratsuak eta GIBen eta sexu harremanetatik eratorritako gaixotasunen prebentzioa.

Mila esker, aukera sexualen errespetuan lan egin duzuelako; transexualitatea eta prostituzioa ere aintzat hartu dituzuelako; gay eta lesbianak etxean bezala sentiarazi gaituen giroa sortu duzuelako; sexualitateak adinik ez duela agerian utzi duzuelako.

Mila esker, lan itzela egin duzuelako, ezinbesteko lana, gizakiok gure sexualitatearekin, gure sentimenduekin, gure maitasunarekin eta gure gorputzarekin zoriontsu bizi ahal izateko.

Mila esker, bereziki, gay, lesbiana, transexual eta bisexualen kolektiboak beti izan dugulako zuen baldintza gabeko sostengua.

Urte hauetan guztietan zuzeneko harremanak izan ditugu, eta horrek ahalbidetu du pertsona eta kolektibo gisa garatu ahal izaten lagundu digun elkarlan oparoa. Elkarlan handia izan da, eta, une honetan, gogoan dugu beren sexu joera zela-eta gure kolektibora hurbiltzea beharrezkoa zuten hainbat lagunen kasua; zuei esker eta zuen laguntzari esker, hori errealitate egiten ari da. Gogora datorkigu, era berean, nola gonbidatu gintuzuen hezkuntzako profesionalei zuzenduriko zuen sexu-hezkuntzako programan parte hartzera, eta denon artean gure esperientziak eta ikuspuntuak konpartitzera. Oso programa aberatsa eta osoa; gure errealitatea ikasgeletara hurbiltzeko balio zuena.

Azken urteotan hainbat talderekin koordinatuta ari gara lanean. Besteak beste, talde hauekin jarduten dugu: Gazte Kontseilua, SARE, Eskualdeetako Gizarte Zerbitzuetako Pertsonala, Emakumearen Arreta Zentroetako Hezitzaileak, gazte erakundeak eta gaztetxeak. Elkarlan hori Andraize eta Iturrama zentroen ekimenez sortutako gazteentzako programaren bitartez izan da (Gozamenez-Con mucho gusto gazte eta sexualitate programa). Ekimen horri esker, gazteekin sexualitatea lantzeko aukera izan dugu, ikuspegi anitz, errespetagarri eta positiboarekin.

Andraizerekin gure kolektiboak izan duen elkarlanaren inguruko errepaso labur honen ondoren, eta sexualitatea gizakiok dugun dimentsio aberats gisa ulertzen dugunez, Nafarroako Gobernuaren jarrera salatu nahi dugu, sexualitateari buruz duen ikusmolde hertsi eta murriztailearengatik. Izan ere, sexualitatea ikuspegi mediku eta osasun ikuspegitik bakarrik enfokatzen baitu. Ikuspuntu murriztaile horrekin, guri oso garrantzitsu iruditzen zaigun sexu-heziketaren alorra alboratu, baztertu eta lurperatu du, sexualitate ez integratzailearen eredu bakarra betikotu nahiko balu bezala.

Hedabideek ere topikoetan oinarritutako sexu-balio jakin batzuk baino ez dituzte helarazten; eta horren aurrean, guk sexu-heziketaren beharra aldarrikatzen dugu, gizakiok sexualitatearen bizipen erabateakoak eta alaiak izan ditzagun.

Aldaketez beteriko gizartean bizi gara; aldi oro errealitate berriak sortzen dira; gure egin ditzagun eta lanean jarrai dezagun harreman osasuntsuen eta mugarik gabekoen alde. Andraizek hogeita bost urte darama lan horretan; ikas dezagun geuk ere eredu hori hartuta gizarte bidezkoago eta solidarioago baten alde lan egiten.

No comments: