- Zabaltzen ari den topagunea
- 14. lesgay kanpaldia. EHGAMek antolatuta, gay eta lesbianen kanpaldia ari dira egiten egunotan Oiartzunen. Inoiz baino jende gehiago bertaratu da eta antolatzaileek emakumeen parte-hartzea azpimarratu dute
- Berria, 2004-09-05 # Agurtzane Solaberrieta, Oiartzun
Oiartzungo Aiako Harria Parke Naturalean dagoen Arritxulo aterpetxea aukeratu du aurten Euskal Herriko Gay Askapenerako Mugimenduak (EHGAM) 14. LesGay Kanpaldia antolatzeko. Orain arte Esako urtegi inguruan dagoen Ruesta herrian (Aragoi) egin izan dituzte topaketak. Aurten, ordea, bazuten Gipuzkoan egiteko motiborik. Izan ere, Gipuzkoa EHGAM taldeak 25 urte bete ditu aurten, eta urteurrenaren ospakizunak herrialdean bertan egitea egokia zela iritzi zion taldeak.
Hiru egun iraungo du kanpaldiak: ostiraletik gaur arte. Aisialdia, eztabaida eta formazioa uztartu dira egitarauan, eta aspertzeko unerik ez da eskaini. Mendi irteerak, tailerrak, antzerkia, jokoak, ikastaroak... era guztietako ekimenak izan dituzte. EHGAM Gipuzkoa taldeko kide Amaia Gonzalezen esanetan, aurtengo kanpaldian inoiz baino jende gehiagok hartu du parte. Atzo eguerdian 100 lagun inguru zeuden, baina gora egin zuen kopuruak gauean. Euskal Herri osotik gerturatu da jendea, baita kanpotik ere; batez ere, Herrialde Katalanetatik. Parte-hartzeari dagokionez bi datu azpimarratu nahi izan ditu Amaiak. Bere esanetan, aurten inoiz baino emakume gehiago gerturatu da: «Orain [atzo eguerdian] 40 emakume eta 48 gizon gaude. Emakume bakarrak parte hartu duen kanpaldiak ere ezagutu ditugu». Parte-hartzaileen adinari ere erreparatu dio, izan ere, belaunaldi ezberdinetako jende ugari batu baita. «Oraindik, gaztetxoenak animatzea ez dugu lortu, baina denborarekin hori ere lortuko dugu», gaineratu du.Kanpaldiaren asmoa da Euskal Herriko bazter guztietatik zein kanpotik etorritako lagunak elkartu eta ondo pasatzea. «Etorri garen askok aurreko kanpaldietatik ezagutzen dugu elkar, eta berriro elkarrekin egoteko aukera izan dugu. Beste batzuk, berriz, gay mugimenduko kideak gara, baina talde ezberdinetan gabiltzanak, eta hau abagune ona da harremanak sendotu eta zenbait gairi buruz hitz egiteko», azaldu du. Errenteriako Imanol Minerrek bosgarren kanpaldia du aurtengoarekin. Pozik dago kanpaldiak izan duen erantzunarekin. «Aurten, gainera, eremu ezberdinetako jende asko gaude, kolore askotakoak». Euskal Herrian antolatu izanak ere eragina izan duela uste du Imanolek, bertako jende asko joan baita.
- Kanpotik ere, jende andana
Euskaldunez gain, kanpotik etorritako jende andana ere topatu genuen Oiartzunen. Gironako Javi eta Bartzelonako Eduk (Herrialde Katalanak) oso ondo ari zirela pasatzen aitortu dute. «Bartzelonan gay eta lesbianen kanpaldi bat egitekoa zen. Azken unean bertan behera geratu zenez, eta Euskal Herrian beste bat antolatuta zegoela jakin genuenean, hona etortzea erabaki genuen», azaldu du Javik. «Ez gara damutu. Lehen aldia da Euskal Herrira etortzen naizela, eta izugarriak dira hemengo paisaiak». Edu ere Javiren antzera mintzatu da, eta etxean bezala dagoela nabarmendu du.
Javi Duró eta Francisco Javier Valentziatik (Herrialde Katalanak) etorri dira kanpaldira. Valentziako Gandia herrian abuztuan izandako gay eta lesbianen kanpaldi batean izan zen Javi, eta Euskal Herrikoa ezagutzeko gogoa zuelako etorri da. Francisco Javierrek Javiren bitartez jakin zuen Oiartzungo kanpaldiaren berri eta harekin etortzea erabaki zuen. Biak Valentziako Landa izeneko gay kolektibo bateko kideak dira.Francisco Javierren esanetan, halako topaketak antolatzea oso garrantzitsua da gay eta lesbianen mugimenduarentzat. «Gure eskubideen alde borrokatu behar gara, eta lan horretan herrialde ezberdinetako jendea batzea oso garrantzitsua da». Egunotan asko ikasten ari dela nabarmendu du, eta elkarbizitza primerakoa izan dela.
- «Lan handia dugu egiteko»
Gay eta lesbianen mugimenduak aurrera begira dituen helburuei buruz ere mintzatu da EHGAM Gipuzkoa taldeko Amaia Gonzalez. Lan horretan Itziar Oñatibia, 51 urteko urretxuarra, eta Emilia Martin, 60 urteko errenteriarra, izan zituen solaskide. Azken urteetan asko aurreratu dela uste dute hirurek, baina oraindik ere lan handia dagoela egiteko. «25 urtean asko aurreratu da, baina oraindik ere errepresio handia jasan behar dugu, eraso homofoboak nonahi gertatzen direlako», aipatu du Amaiak. Eliza katolikoaren adierazpenak jarri zituen adibidetzat. Edozein diskriminazio mota salatzen jarraitu behar dutela uste du Itziar Oñatibiak, eta gay eta lesbianen eskubide zibilak aldarrikatzen segitu. «Erakundeei ere zurikeriak alboratu eta neurri eraginkorrak eskatu behar dizkiegu, herritar gehienek bat egin dutelako eskubideak onartzearen alde», gaineratu du Itziarrek.
Amaiak hezkuntza eta justizia alorrei eman zien lehentasuna: «Lege mailan lan gutxi egin dugu, eta zer esanik ez hezkuntzan. Oraindik hezkuntza homofoboa dugu. Testuliburuetan aitaren, amaren eta seme-alaben betiko rolak ikusten jarraitzen dute haurrek. Familia tradizionalaz hitz egiten da, eta homosexualitateaz hitz bat ere ez».
No comments:
Post a Comment