- Donostian militar bat balaz zauritu dute, udaltzainekin borrokan
- Pistola buruan jarri omen zion Kabutzia diskotekako atezainari, eta hark deitu zien udaltzainei
- Berria, 2005-03-12 # Irutxuloko hitza, Donostia
Ernesto Gasco Hiri Segurtasun zinegotziak prentsaurrea eskaini zuen atzo, gertatutakoa azaltzeko. Gascok jakinarazi zuenez, goizaldeko 04:00rak aldera, Kabutzia diskotekatik Nautikoan hots egin zioten Udaltzaingoari, pertsona talde bat atezainarekin liskarretan ari zela eta haietako bat pistola eskutan zebilela esanez. Udaltzainak hurbildu zirenean, Alderdi Eder inguruan gizonezko talde bat topatu zuten. Tirabira izan zuten haiekin eta udaltzainetako bati tiro batek ihes egin ziola azaldu zuen Gascok.
Irutxuloko Hitzak jakin duenez, Kabutziatik Udaltzaingoari egindako telefono deian, «guardia zibil batek» gerora militarra zela jakin da diskotekako atezainari pistola buruan jarri ziola adierazi zuten. Udaltzainak harantz zihoazela, lau gizonezko ikusi zituzten Alderdi Ederren; urduri zeuden, jarrera bortitza zuten eta batzuek pistola zuten eskuan. «Ziur asko, mozkortuta zeuden». Udaltzainak gerturatu egin ziren, pistolak atera eta haiek atxilotzen ahalegindu ziren. Borrokan hasi ziren, ordea. Beti ere Irutxuloko Hitzak jasotako informazioaren arabera, udaltzainetako batek, gizonetako bat menderatzear zuela, pistola gordetzeko keinua egin zuen; hala ere, tiro batek ihes egin zion. Ondorioz, menderatzear zuen gizona zauritu egin zen eta ospitalera eraman zuten. Tarte horretan, Ertzaintza ere bertaratu zen, eta Kabutzian ustez iskanbila eragin zuten gainerako hiru lagunak eraman egin zituen.
- Loiolako kuartelekoak
Udalak baieztatu ez duen arren, Alderdi Ederren zauritutakoa eta beste hiru pertsonak militarrak dira: zenbait informazio iturriren arabera, Loiolako kuartelekoak, laurak. Ostiral goizaldean gertatutakoaren ikerketa Ertzaintzak hartu du bere gain; atzo ez zuen gertakariari buruzko informaziorik zabaldu. Aurten bigarren aldia da Donostian militarrekin tirabirak daudela. Urtarrilaren 13an, gauez, beste bi militar atxilotu zituzten, Mikel Martin Zutik alderdiko eta EHGAM elkarteko kidea gogor jipoitu zutelako Erdialdean. Baga Boga Donostialdeko herri ekimenak gogor salatu du atzo gertatutakoa. «Guardia zibil, polizia eta militar espainiarrek, armak eskuetan, inpunitate osoz, herritarrak mehatxatzen dituzte», adierazi du Baga Bogak. Mota honetako istiluak, azkenaldian, maiz gertatzen ari direla gehitu dute, gainera, herri ekimenekoek.
No comments:
Post a Comment