- Bihar Madrilen egingo den manifestazioari, ez
- Homosexual elkarteek eta hainbat kristau taldek errefusatu egin dute Familia Foroaren deialdia
- Berria, 2005-06-17 # Erredakzioa, Donostia
Kezka, haserrea eta egonezina eragin du sektore askotan bihar Madrilen homosexualen ezkontzaren aurka Espainiako Familiaren Foroak antolatuta egingo den manifestazioak. Ahots asko altxa dira kontra. EHGAMek, esaterako, prentsa oharra atera du Bizigay, Gaytasuna eta Gaztelesgay elkarteekin batera. Familia «benetan inportantea» dela nabarmendu dute, eta horregatik egiten dutela hain justu manifestazioaren kontra: «Ezin dugu onratu Jainkozko edo moralezko kutsu edo zentzu batekin, familiaren kontzeptuaz inor jabetzea».
Kristauei zuzendu zaizkie prentsa oharrean. Manifestazioa «gaitzesteko» eskatu diete, eta gizarte bidezkoago baten alde egiteko. «Gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasunean oinarritutako gizarte bat eraiki nahi dugu».Biharko manifestazioaren aurka idatzia plazaratu du Gehitu gay eta lesbianen elkarteak ere. «Gay eta lesbianen berdintasunerako eskubideen aurkako manifestazioa da», nabarmendu dute. «Bigarren mailako herritar gisa jarrai dezagun nahi dute». Manifestazioaren bidez «bereizkeria» sustatu nahi dela uste dute. «Manifestazioaren leloak honela dio: Familiak garrantzia baitu. Horixe garrantzia duela, gay eta lesbianontzat ere garrantzia du, noski», erantsi dute, eta «berdintasuna, justizia eta duintasuna» eskatu dituzte gayentzat, lesbianentzat eta beren familientzat.Zenbait kristau taldek ere, manifestazioaren kontra daudela erakutsi dute. Gehitu elkarteko erlijio gaietako batzordeak, esaterako, gay eta lesbianaz osaturiko beste hainbat kristau elkarterekin batera egindako idatzia plazaratu zuen atzo. «Elizaren parte sentitzen gara; Eliza ez baita hierarkia hutsa, baizik eta Jainkoaren herria», eman dute aditzera. «Ez dugu familiaren erakundea deuseztatu nahi», nabarmendu dute. Familia ereduen sarea zabaldu nahi dutela diote, guztiak aintzakotzat hartzeko, eta garatzeko behar duten «ingurune finkoa» eskaintzeko.Ildo horretan, biharko manifestazioari bizkarra eman eta uztailaren 2an Madrilen sexu bereko bikoteen eskubideen alde egingo denari atxikimendua erakutsi nahi izan diote.Eliza Gara elkarteak ere bere iritzia erakutsi nahi du afera honen aurrean. Gaur arratsaldean, Bilbon agerraldia egingo dute. «Aldarrikapena» egiteko agerraldia izango dela iragarri dute, eta bertan parte hartuko du Aitor Urrestik. Bizkaiko Elizbarrutiak bere jardunetik kanpo utzi zuen, antza, homosexualen eskubideen aldeko meza batean parte hartu zuelako.
No comments:
Post a Comment