- Begoña Pérez Sancho · Enfasis zerbitzuko psikologoa
- «Homosexualitatea ezin da etxeko hormetara mugatu»
- Berria, 2006-06-28
Begoña Perez Sanchok laguntza psikologikoa eskaintzen die Gasteizen Enfasis zerbitzura laguntza eske doazenei. Homosexualitatea, familia sekretua izeneko liburua kaleratu berri du. Bertan urte bitan Arabako 12 familiarekin egindako azterketa bildu du.
Etxeko baten bat homosexuala izateak zertan edo zelan eragin dezake familian?
Eragin egiten du, duda barik. Eragiten die gainerakoei horren berri izaten dutenean, baina baita ezkutatzen denean edo horren gaineko susmoak daudenean ere. Esaten ez bada harremanetan eragiten du, etxekoekin gertatzen den etena gero eta handiagoa delako. Esan ez arren, susmoa baldin badago, larritasuna eragiten du etxekoak beti dabiltzalako susmoa egiaztatuko dien aztarnaren bila. Eta esaten denean ere asko eragiten du, ezin dugulako ahaztu besterik esaten ez en bitartean, guztiok garela heterosexualak. Oso zaila egiten zaigu oraindik salbuespen horiek aintzat hartzea. Armairutik ateratzea prozesu bat da, lehenik egin behar duenarentzat, eta, ondoren, haren familiarentzat.
Garai batean etxetik botatzen zituzten seme edo alaba homosexualak. Halakorik egiten
da oraindik?
Homosexualitatea ez da izaten etxean isilpean gorde beharreko auzi bakarra. Sasoi batean etxetik botatzen zituzten baita ezkongabe haurdun geratzen ziren alabak ere, nahiz eta gaur egun askotan amatasuna nahita aukeratzen den ezkontzatik edo bikotetik kanpo. Zoritxarrez, badira oraindik oso jarrera itxia duten familiak, eta zuzenean botatzen ez badituzte ere, eginahalean ibiltzen dira semeak edo alabak etxetik alde egin dezan. Baina hori ere gero eta gutxiagotan gertatzen da, nahiz eta etxe askotan kosta egiten den oraindik lotsa gainditzea. Aquilino Polaino psikiatrak Espainiako Senatuan adierazitakoek psikiatriaren argudio zaharkituak ekarri dizkigu gogora, baina ezin dugu ukatu hark esandakoak oso barneratuta daudela oraindik herritarren pentsamoldean. Horregatik, guraso askok «zertan huts egin dugu?» galdetzen diote beren buruari semea edo alaba homosexuala dela jakiterakoan.
Ez dago euskaldunen artean trapu zikinak etxe barruan gortzeko joera?
Jendearentzat homosexualitatea iraingarria den heinean, egia da etxe askotan nahiago izaten dutela etxea bera armairu bihurtzea, auzokoek horren berri ez izatea. Eta semeari edo alabari eskatzen diote ez daitezela eskandalurako aitzakia izan. Eta eskandalagarria da kasuotan bikoteari eskua emanda joatea. Horregatik egin dute ezkontzaren alde gay eta lesbiana askok, ez ezkontzeko irrikan daudelako, baizik eta kalean lasai ibili ahal izateko; bermatzeko mutilari edo neskari musu eman arren inork ez diela erasorik egingo, edo ez dutela irainik entzungo. Homosexualitatea ezin da etxeko lau hormetara, edo lagun minen ingurura edo giro horretako taberna zuloetara mugatu. Horrela egingo balitz, akabo.
Zenbaiten adierazpenak entzunda, badirudi mauka ederra dela etxean homosexualen
bat izatea, ezta?
Etorkinen kariaz horixe bera diote: etorri eta lana, etxea eta gizarte laguntzak oparitzen dizkiete. Gehiegikeria galanta! Ezin da ukatu aspaldion gay batzuk nabarmendu egin direla politikan edo gizartean. Bai, baina oso gutxi dira; horiek guztiek ere bazterketa eta diskriminazioa jasan behar izan zuten dauden lekura heltzeko, eta, hala ere, ez daude arriskutik kanpo, edozein unetan edozeinek iraindu eta kalte egin ahal dielako.
Belaunaldi berriek, 14 edo 15 urteko gazteek, lasaiago bizi dute euren homosexualitatea?
Adin hori da zailena. Aldaketa garaiak dira: fisikoak, emozionalak eta sexualak. Nortasuna osatzeko bidean dira, eta neska edo mutil, homosexual edo heterosexual... izateari dagozkion ezaugarriak eraiki behar dituzte. Izugarria da gaur nerabeek euren emetasuna edo gizontasuna azpimarratzeko sentitzen duten premia. Nesken asteburu gauetako janzkerak edo mutilen harropuzkeriak horren seinale dira. Giro horretan jai daukate euren baitan desio homosexualak, edo zalantzak, dituztenek. Eskoletako bullying kasuak aztertuz gero, horretaz ohartuko ginateke: jazarpen izugarria dago ustez homosexualak diren edo izango direnen kontra.Eta gazteok ez daukate baliabiderik horri guztiorri aurre egiteko.
Uler daiteke, hortaz, sarri askotan zailagoa izaten dela koadrila barruan armairutik
ateratzea etxean baino?
Aztertu ditudan kasu guztietan, etxean ezer esan aurretik lagunekin egin izan dituzte saioak. Lagun minekin, betiere. Koadrila osoarekin sekula ez, bakardade gorrian geratzeko arriskua baitago. Aintzat hartuko dituztenekin ahalegintzen dira lehenik, gero apurka-apurka gainerakoei esateko. Oso arraroa izaten da etxekoren bati esatea beste inori baino arinago.
Aurreko larunbatean homosexualen ezkontzaren kontra Madrilen egin zen manifestazioan ez zen euskal herritarrik falta , ezta?
Manifestazioan familiaren gaineko ipamen ugari egin zituzten antolatzaileek, familiaz eurak bakarrik arduratuko balira bezala. Ez da egia. Gay eta lesbianentzako familiak du ororen gainetik garrantzia. Egiten duten guztia etxekoei alterik ez egiteko izaten da. Ez dituzte mindu nahi, eta beldur izaten dira nola erantzungo ote uten. Manifestazioan izan ziren askoren etxean izango da seguru armairutik ateratzeko izututa agoenen bat.
No comments:
Post a Comment