2006/04/23

> Elkarrizketa: BEATRIZ GIMENO > LESBIANA IZATEA AUKERA POLITIKO BAT DELA ALDIRRIKATZEN DUGU

  • Beatriz Gimeno · Espainiako Lesbianen, Gayen eta Transexualen Federazioko presindentea
  • «Lesbiana izatea aukera politiko bat dela aldarrikatzen dugu»
  • Lesbianismoa feminismoari lotzeko eskatzen du, «gure egoerak zerikusi gehiago baitu emakume izatearekin, lesbiana izatearekin baino»
  • Berria, 2006-04-23 # Jakes Goikoetxea, Donostia
Historia y análisis del lesbianismo. La liberación de una generación saiakera (Gedisa) aurkeztu zuen Beatriz Gimenok (Madril, 1962) atzo Donostian. Espainiako Lesbianen, Gayen eta Transexualen Elkarteko (FELGT) presidentea da.

Zein da liburuaren muina?
Funtsean diot emakumeen homosexualitatea eta gizonena ezberdinak direla. Ezberdinak direnez, gay eta lesbianen zapalketaren kontrako eta eskubideen aldeko estrategiek ere ezberdinak izan behar dute.


Baina orain artean zapalketari elkarrekin aurre egin diozue, eskubideak elkarrekin aldarrikatu dituzue.
Beti ez dugu elkarrekin lan egin, historikoki gauza ezberdinak izan dira. Elkarrekin lan egitea erabaki genuen estrategia arrazoiengatik. Ona izan da elkarrekin lan egitea, elkarrengandik ikasi baitugu. Nik ez diot elkarrengandik bereizi behar dugunik, baina garaia da lesbianok gure egoera birplanteatzeko.


Feminismoari lotuago?
Bai. Feminismo lesbiarra aldarrikatzen dut eta liburua horri buruzkoa da. Lesbianismoak feminismoari lotuta joan behar du, gure egoerak zerikusi gehiago baitu emakume izatearekin, lesbiana izatearekin baino; bestela, ez du irtenbiderik izango.


Zer da feminismo lesbiarra?
Lesbiana izatea aukera politiko bat dela aldarrikatzen dugu. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan oso garbi ulertzen zen hori. Baina azalpen hori desagertu egin da eta lesbiana gazteek ez dute ulertzen.


Alegia, lesbiana izatea sexu aukera bat baino gehiago dela?
Bai. Nire kasuan ez zen sexu aukera izan, bizitzeko aukera bat baizik. Lotura gehiago izan zuen aske izateko aukerarekin, sexu aukerarekin baino. Gaur egun sexu aukerari lotua dago, baina hori baino gehiago da.

Eta zergatik ez da mezu hori zabaltzen? Gizartearengatik? Lesbianengatik?
Mezu hori estali egin da, asaldatzailea baita: emakumeei esaten die patriarkatuaren zama astunegia bada, lesbiana egiteko. Horrek ez ditu patriarkatuaren zama guztiak arintzen, emakume izaten jarraitzen baita, baina eragozpen batzuk kentzen ditu, bizitzan gehien iltzatzen direnak. Mezu hori oso erradikala da eta gizarte hau asaldatu egiten du. Horregatik, inork ez du publikoki defendatzen. Mezu horrek eragozpenak eragiten dizkie zenbait feministari ere, merezita lortu duten boterea mantendu nahi baitute.

Lesbianismoak arazoak al ditu feminismoaren barruan?
Ez dute inoiz ondo ikusi. Lesbianen eta feminista heterosexualen arteko harremanak ez dira inoiz samurrak izan.

Gayen aldarrikapenek eta borrokak estali egin al dute lesbianena?
Bai, nabarmen.

Gay ezagunak asko dira. Lesbianak oso gutxi.
Elkarteko lehendakari izendatu nindutenean uste nuen aukera ona izango zela gizarteak lesbianok ikusarazteko, guk ere gayek merezita lortu dutena lortzeko. Baina ez dugu lortu. Lesbiana ezagunak badaude, baina ez dute beren lesbianismoa plazaratu.

Liburuan diozu gayak gero eta misoginoagoak direla. Zergatik?
Historikoki gayak baztertzeko emakumeekin lotu dituzte. Leku hori bakarrik utzi zieten eta leku gayek leku hori hartu zuten. Gaur egun, ordea, gayek dagokien lekua hartu dute, gizonena. Baina gayek oso harreman gutxi dute emakumeekin eta oso giro maskulinoak sortu dituzte. Horrek misoginia areagotu du. Gaur egun zenbait gayek emakumeekin dituzten jarrerak heterosexual faxistek bakarrik dituzte.

Liburua saiakera bat da. Oso saiakera edo azterketa gutxi daude lesbianei buruz.
Oso atzeratuta gaude. Europako eta Ameriketako Estatu Batuetako unibertsitate gehienetan daude emakumeak edo homosexualak ikertzeko sailak. Espainian, berriz, ezer ez. Ez dago ia ezer idatzita.

Espainian homosexualen arteko ezkontza onartu zen. Mugarria al da?
Emakumeek bozkatzeko eskubidea lortzearekin parekatuko nuke. Ez da handietsi behar, baina ezta gutxietsi ere. Emakumeen bozkatzeko eskubideak ez zuen ekarri emakumeen berdintasuna, baina hori gabe nekez izango gara berdinak.


Lorpen horrek gay eta lesbianen estrategia aldarazi behar al du?
Bai, nahitaez, orain artean hori izan baita gure borrokaren funtsa.


Gay eta lesbiana edadetuei buruzko azterketa bat egin zenuen eta oso arazo larriak dituztela ondorioztatu zenuen. Zeintzuk dira beren arazo nagusiak?
Edadetuentzako gizarte zerbitzuak heterosexualentzako prestatuak daude, ez dute aintzat hartzen edadetu gay eta lesbianak daudela. Edadetu asko boluntarioek eskaintzen dituzten zerbitzuen menpe daude, eta zerbitzu horiek Elizaren esku daude. Beraz, edadetu gay eta lesbiana asko Elizaren esku gera daitezke, egungo erakunde homofoboenaren esku. Gay eta lesbiana edadetu askok bakardade arazo larriak dituzte: ez dute bikotekiderik eta beren homosexualtasunagatik eten egin zuten familiarekin zuten harremana. Beraz, besteen esku daude, eta ez diote erresistentzia jarrerari eutsi nahi. Gay eta lesbiana edadetu asko armairura itzuli dira.

No comments: