2003/06/29

> Berria: Ekainak 28 > EHGAMGO URREZKO HIRUKIA BIKOTEEN LEGEAREN ALDE EGIN ZUTEN TALDE PARLAMENTARIOEI

  • Ulertzeko gaitasunari txaloak
  • EHGAM-en sariak. Bikoteen legearen alde egin zuten Eusko Legebiltzarreko talde parlamentarioek jaso dute aurten urrezko hirukia
  • Berria, 2003-06-29 # Asier Iturriagaetxebarria, Bilbo
Eusko Legebiltzarrean Bikoteen Legearen alde egin zuten talde parlamentarioetako bozeramaileak eta Hego Euskal Herriko lau gotzainak. Horiexek dira Euskal Herriko Gay eta Lesbianen Askapanerako Mugimenduaren ustez (EHGAM) aurten urrezko hirukia eta trapuzko espartinak merezi dituzten erakundeak.

Gay eta lesbianen eskubideen alde eta aurka gehien nabarmendu diren pertsona eta erakundeei sariak ematen orain urte batzuk hasi zen EHGAM, lehenengo Gay Hotsa aldizkariaren bitartez, eta gero, erakunde modura. Atzo ere urteroko ohiturari eutsi zioten EHGAMekoek, eta Bilboko Bidebarrieta liburutegian hitzordua ipini zuten sarien irabazleekin.


Kontxi Bilbao (EB), Jone Goirizelaia (SA), Onintza Lasa (EA), Elixabete Piñol (EAJ) eta Gemma Zabaleta (PSE-EE) zintzo agertu ziren hitzordura urrezko hirukoa jasotzera. Elizako ordezkarien berririk ez zuten izan EHGAMekoek. Hala ere, bakoitzak bere saria etxean izatea merezi duela eta, trapuzko espartinak era batera edo bestera helaraziko dizkietela azaldu zuten. Imanol Alvarez EHGAMeko bozeramailea arduratu zen sarien zergatia azaltzeaz: «Orain urte bi, trapuzko espartina eman genion Eusko Legebiltzarrari Bikoteen Legea ateratzerik ez zuelako lortu. Baina aurten erakutsi dute elkar ulertzeko gai direla, eta Bikoteen Legea aurrera ateratzeko egin duten ahaleginagatik eman diegu saria talde parlamentarioetako bozeramaileei».


Aurten Hego Euskal Herriko lau gotzainei emango dizkiete trapuzko espartinak, «etengabe jarrera homofoa izan dutelako, eta pertsona batzuen duintasunaren aurka egin dutelako».

No comments: