2003/06/29

Berria: Ekainak 28 > JAI GIROAN ALDARRIKATU DITUZTE BEREN ESKUBIDEAK GAY ETA LESBIANEK

  • Jai giroan aldarrikatu dituzte beren eskubideak gay eta lesbianek
  • Milaka lagun elkartu ziren Bilbon, Iruñean, Donostian eta Gasteizen egindako manifestazioetan
  • Berria, 2003-06-29 # Asier Iturriagaetxebarria, Bilbo · Edurne Elizondo, Iruñea

Hego Euskal Herriko gay eta lesbianak kalera atera ziren beren eskubideak errespeta daitezela eskatzeko, atzo arratsaldean, Gay eta Lesbianen Eguna zela eta. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin zituzten manifestazioak.

Bilbokoak, manifestazioa baino gehiago, kalejira itxura izan zuen: Mamikiz Blai konpartsakoen txarangaren musika, dantzak, kantuak, banderak, pankartak... Hala ere, urtean zehar egiten dituzten aldarrikapenak ez zituzten etxean utzi, eta gay eta lesbianen mugimenduak aurrera egin badu ere, oraindik egiteko asko gelditzen dela gogoratu zuten.

Bilbon mila lagun inguru batu ziren Ekainaren 28a: gay, lesbiana eta transexualen askapenerako eguna. Mundu oso bat aldarrikagai zioen pankartaren atzean. Zabalburu plazatik irten zen manifestazioa, eta pankartari eusten, mobilizazioa deitu zuten elkarteetako kideak izan ziren: Aldarte, Bizi-Gay, Bizkaiko Lesbianen Taldea, EHGAM, Euskal Hartzak, Gazte-Lesgay, Gehitu eta Hegoak. Horien artean zegoen Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako Bizkaiko ordezkari Txema Gonzalo.

Baina ez zen Gonzalo izan Bilboko mobilizazioan izan zen politikari bakarra. Izan ere, manifestarien artean izan ziren Begoña Errazti EAko presidentea eta Onintza Lasa, Kontxi Bilbao, Elixabete Piñol eta Gemma Zabaleta EA, EB-IU, EAJ eta PSE-EEko legebiltzarkideak. Bilboko Udaleko ordezkaririk ez zen izan, baina mobilizazioa amaitu zen lekuan Arriaga plazan, manifestariei harrera egiten zien pankarta ipini zuen.

Lander Etxebarria Bilboko Udaleko zinegotzi ohi eta EHGAMeko kideak ezin izan zuen atzoko manifestazioan egon, Udalbiltzako auzia dela-eta espetxeratuta dagoelako. Hala ere, bere taldeko lagunek ez zuten ahaztu, eta bere argazki handia eraman zuten.

Amaiera ekitaldia Arriaga plazan egin zen, eta manifestua Mikel Oribek euskaraz eta Andrea Uñak gazteleraz irakurri zuten. Adierazi zutenez, atzoko eguna «pozgarria» izan zen, gay eta lesbianek gizartean gero eta onarpen handiagoa daukatela igartzen delako. «Alabaina intolerantzia ere badago. Elkar ulertzeari oraindik oztopoak jartzen zaizkio», agertu zuten.
Antzeko ideia agertu zion Berriari manifestarien artean zegoen Oierrek: «Gay mugimendua kalean agertzea oso garrantzitsua delako nago hemen. Gazte-Lesgay taldekoa ere banaiz, eta gazteontzat eredu izan behar dugula uste dut». Bestalde, agintariek gay eta lesbianen alde egin dutela aitortu arren, kalean onarpena lortzeko lan egin beharko dutela azpimarratu zuen. Jaionek bat egin zuen Oierren adierazpenekin. «Beharrezkoa da kalera irtetea, beti ezkutatuta ezin garelako egon», azaldu zuen. Era berean, gay edo lesbiana sentitzen direnei euren izaera jendaurrean agertzeko gonbita egin zieten, «hori eginda, gizarteak berak gu onartzea lortuko dugulako».

  • Mila lagunetik gora Iruñean
Iruñean milatik gora lagun bildu ziren EHGAMek eta Lumatzak antolatutako elkarretaratzean. Jai giroan egin zuten Iruñean bildutakoek autobus geltokitik udaletxeko plazarainoko ibilbidea. Sexu askatasunaren aldeko oihuekin batera, UPNren aurkakoak entzun ziren gehien. Alderdi horren «jarrera atzerakoia» behin eta berriz salatu zuten Nafarroako hiriburuko elkarretaratzean.

Nafarroan oraindik lan asko egin beharko dela uste dute EHGAMek eta Lumatzak, eta iritzi bera plazaratu ziguten Aliciak eta Mari Marrek. Pegatinak banatzen zituzten bitartean, «koherentziaren garrantzia» azpimarratu zuten biek. Izatezko bikote dira Alicia eta Mari Mar, eta, horregatik, egin duten hautuarekin koherente izan nahi zutelako egon ziren atzo Iruñean. «Nahiago genuke horrelako ekitaldien beharrik ez izatea; niri, finean, ez zait gustatzen nire sexualitateaz jendaurrean hitz egitea. Baina, tamalez, oraingoz, beharrezkoa da», azpimarratu zuen Aliciak.

Mari Marrek gaineratu zuen egoera gizonezkoentzat baino zailagoa dela emakumezkoentzat. «Eta ez du hobera eginen orain arte hedatu diren estereotipoak apurtzen ez baditugu».
Albertok ere, manifestazioan zen beste iruindar batek, koherentzia aipatu zuen. «Norbere buruarekin errespetua». Elkarretaratzeak «euren sexualitatea oraindik ezkutuan bizi dutenak laguntzeko» balio duela gaineratu zuen. Manifestazioa amaituta, gaztetxean afaria eta Nizan besta egin zuten.

No comments: