- Gay eta lesbianek umeak adoptatzeko eskubidea eskatuko dute Donostian
- PP izan ezik, beste guztiek bat egin dute gay mugimenduko taldeek biharko antolatu duten manifestazioarekin
- Berria, 2003-10-17 # Erredakzioa, Donostia
Deia Euskal Herriko gay mugimenduko ia talde guztiek egin dute: EHGAM, Gehitu, Hegoak, Gaytasuna, Aldarte, Bizigay eta Gaztelesgayk. Hitzordua Bulebarrean ipini dute, 18:00etan. Atzo, Kontseiluko kideekin egon ostean, orduari eustea erabaki zuten. Aurreratu dute, hori bai, beranduago abiatuko direla, euskararen aldeko ekimenean izango direnek ere eurekin bat egiteko aukera izan dezaten.
- Alderdi Popularraren «homofobia» salatuko dute
Alderdi gehienek bat egin dute asmo horrekin PP bakar-bakarrik geratu da, sindikatuek eta kultura eta komunikabideetako eragileek. Agiria sinatu dutenen artean, nabarmenak dira euskal kulturari lotutako izenak: J.M. Irigoien, Anjel Lertxundi, Bernardo Atxaga, Laura Mintegi, Eneko Olasagasti, Fermin Muguruza, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Mikel Urdangarin eta Mikel Markez, besteak beste.
Kazetarien artean Gara eta Berriako zuzendariez gainera, David Barberok, Julio Ibarrak eta Arantxa Iturbek ere bat egin dute deiarekin, bai eta Pedro Olea, Eloy de la Iglesia, Daniel Kalparsoro eta Julio Medem zinema zuzendariek ere.
Europako Parlamentuak onartutako ebazpenaren ildotik, antolatzaileek eskaera zuzena egiten diete Espainiako agintariei: bikote homosexualei «aitor diezaietela oztopo eta atzerapen gehiagorik gabe, bikote heterosexualen tratu bera jasotzeko eskubidea», azpimarratu dute.
- «PPkoek berdintasuna eta justizia ukatzen dute»
David Montero Gehitukoak, bestalde, «hausnarketa egiteko» eskatu die PPkoei, «ohar daitezen eurak direla fundamentalismoaren oinarrietara makurtuta dagoen alderdi bakarra».
Mikel Martin EHGAMeko kidea, bestalde, honela mintzatu da: «Gogorra izan dela gay eta lesbianon berdintasunaren alde urteetan eta urteetan egin dugun borroka, baina horri esker lortu dugun onespen sozialak segida izango du laster, oraindik indarrean dauden lege baztertzaileak indargabetzen ditugunean».
No comments:
Post a Comment