- Non ote daude?
- Argia, 2005-12-25, 2021 zbk. # Imanol Alvarez · Irakaslea
Ezaguna da elizgizonen -eta emakumeen, paradoxikoa gerta badaiteke ere- misoginia, hala nola beraien sexufobia. Hegoaldeko bikote legeak eta Madrilen umeak adoptatu zein ezkontzeko eskubidea onartzearen ondorioz, eliza katolikoak egin duen burrunbak nahiko agerian utzi du eliza ofizialaren homofobia ere norainokoa den.
Kontu horiek guztiak, zenbaiti beste denbora batekoak eta barregarri iruditu arren, duda barik txiki gelditu dira azken boutadearen berri izan eta gero: eliza katolikoak, beraren marka guztiak hautsiz, gay direnak apaiztegietan ez onartzea erabaki berri du.
Egia esan, horren argi eta ozenki esatera ausartuko ez zirela uste banuen ere, ez nau gehiegi harritu, ondo baino hobeto ezagutzen bainuen Ratzingerren pentsamoldea, besteak beste, Fedearen Dotrinarako Kongregazioko -antzinako Inkisizioaren gaur egungo izena- buru izan den urte mordoan erakutsitakoagatik. Erakunde hori temati ibili da beti gayon kontra. Adibidez, "homosexualok" ez genukeela irakasle edota kirol monitore izan behar esan zuela gogoratzea baino ez dugu.
Haien gutxi gorabeherako esanetan, sexu aferetarako gizonezkoak nahiago dituen gizonak ez dauzka bi sexuetako lagunekin aritzeko beharrezkoak diren heldutasun eta oreka emozionala. Nire galdera da, emakumezkoak nahiago dituenak ba al ditu bi sexuetako lagunekin aritzeko beharrezko diren heldutasun eta oreka horiek? Are gehiago, ustez inolako esperientzia sexualik ez omen daukanak heldutasun eta oreka horiek edukitzea posible al da?
Beste zalantza bat ere badaukat, ustez batere sexualitaterik ez daukana, nola jakingo ote dute gay den ala ez?
Ageriko zentzugabekeria hori lau haizetara eta harro esateko zertan oinarritzen diren jakin gura nuke. Gainera, boutadea ez da hor amaitzen. Geroago komentatzen dute, infinituki miserikordiosoak direnez-edo, ustezko gayak apaiztegian onartuak izan daitezkeela, beti ere ondoko hiru baldintzok betez gero.
1. Ezin dute homosexualitatea praktikatu eta "arazoa" gaindituta eduki behar dute gutxienez hiru urte lehenagotik -heterosexualitatea praktika al dezakete?-.
2. Ezin dute izan sakonean erroturiko joera homosexualik -zer ote da hori? Lumaz ari badira, zozoak beleari ipurbeltz, gona eta pamela horiekin!-.
3. Ezin diote gay kultura delakoari lagundu (?).
Edozelan ere, norbere aukera sexualaz galdetze hutsa debekatzen da indarrean dagoen legerian eta, areago, horren arabera inor diskriminatzea. Berriz ere, enegarren aldiz, elizak legea hausten du eta, dirudienez, fiskal nagusiak ez dauka inolako asmorik auzipean jartzeko.
Astakeria nolabait justifikatu nahian plazaratutako testuan pertsona homosexualak begirunez eta sentiberatasunez onartu behar direla esaten dute eta diskriminazio injustu oro saihestu behar direla. Hor dago gakoa: diskriminazio batzuk, antza, justuak izan daitezke. Haiek dira, noski, zeintzuk bai eta zeintzuk ez erabakitzen dutenak. Bai azal lodia, gero!
Aitortu beharrean gaude, halere, honela dena askoz hobeto ulertzen dela. Azken batean, Katiximak argi baino argiago esaten baldin badu gerra eta heriotza-zigorra onargarriak izan daitezkeela kasu batzuetan, nola ez da izango zilegi, bada, diskriminazio ñimiño bat. Azken batean diskriminazioz ez da inor hiltzen, kalte kolateralez ez bada, jakina.
Hasieran aipatu bezala, esan gabe doa eliza beti ibili dela garaiz kanpo, garaian baino dezente atzerago esan nahi dut, aurrerapen zientifiko zein sozial guztien kontra ekin duelarik. Zeruarekin eta infernuarekin batera beraiek asmaturiko linboa, egunetako hausnarketa sakonen ondorioz, dagoeneko ez dela existitzen erabaki dutelako izango ez balitz, lasai eta erraz asko amaituko nuke nire artikulutxoa elizgizonak linboan daudela esanez. Orain ezin.
Hau frustrazioa! Hau kezka transzendentala! Nora joango ote dira hemendik aurrera inolako errurik gabe bataiatu barik hiltzen diren umeak? Non ote daude gure elizgizonak bezala ezer gutxiz enteratzen ez direnak?
No comments:
Post a Comment