- Irati Jimenezek irabazi du Augustin Zubikarai saria
- Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai nobela laburren lehiaketa Irati Jimenez idazle mundakarrak irabazi du bosgarren deialdian. Bere lana, «Bat, bi, Manchester» izenburukoa, bi gizonen arteko ezinezko maitasun baten kontaketa da. Jimenezek 4.500 euroko saria jaso du, eta urrian kaleratuko dute eleberria.
- Gara, 2006-05-05
Manchesterrera joan zen gizonezko gazte euskaldun bat da kontalaria. Homosexual aitortua, itzultzailea da lanbidez eta idazle izan nahi du. Beste mutil euskaldun batekin banatuko du apartamendua. Adiskidetasun estu bat sortuko da bien artean, baina desira bete ezinaren itzala sumatuko da uneoro. Atzoko prentsaurrekoan, Miren Agur Meabek esan zuen Jimezen eleberria asko gustatu zitzaiola hasieratik. «Harreman baten istorioa da eta harreman horren bilakaera oso ondo azalduta dago. Ezinezko amodioa, homosexualaren eta heterosexualaren artekoa, ez da zeharo inposiblea sentimenduak aldakorrak direlako», esan zuen.
Izan ere, nobela horrek izaeraz oso ezberdinak diren bi pertsonak «elkarrekin egiten duten prozesua» agertzen du. «Nobela afektuen mosaiko baten moduan ikusten dut», esan zuen Meabek. Esaldi laburrak nagusitzen dira eleberri horretan. «Lehen pertsonako narratzailea idazlea da, edo idazteko bidean dago. Horregatik, batzuetan idazteko ezintasuna oso presente dago, baina ardatz probisionala da», esan zuen epaimahaikideak. Irati Jimenezek baieztatu zuen ideia hori. «Protagonista idazle izateko gogoarekin bizi da, baina bere buruari jartzen dizkio hainbat traba, konfiantza faltagatik agian aipatu zuen. Beraz, nobela hau idazteak nire mamuak uxatzeko balio izan dit. Izan ere, neuk ere idatzi nahi izan dut, eta idatzi dut luzaroan, baina inoiz bukatzen ez ziren istorioak. Protagonistaren bidez niretzat oso intimoak ziren gauza horiek kontatu ditut». Azken batean, egilearentzat, “Bat, bi Manchester” batetik, «maitasun inposiblearen istorioa» da eta, bestetik, «sormen posiblearen istorioa». Nobelak ezer esaten badu, agian batzuetan geure buruari jartzen dioguna oztopoa delako izango dela azaldu zuen.
======================================================
- Eleberri laburraren abantailak
Ez dira asko, baina antolatzaileak konforme daude zenbakiarekin. Izan ere, eleberri laburra oso gutxitan erabiltzen den formatu bat da. «Irakurtzeko, eleberri laburra oso genero polita da. Baina idazleek ez dute gehiegi lantzen. Ipuinak badu tradizio bat, nobelak ere bai, baina erdi bideko horrek ez handiegia; nahiz eta oso gauza politak idatzi diren euskaraz eleberri laburretan», aipatu zuen Xabier Mendigurenek, Elkarreko argitaratzaileak. Dena den, Irati Jimenezek idazle berriak nobela laburrak idazte- ra animatzen ditu.
Izan ere, harentzat, ezustekoa izan da. «Ipuin laburrak idatzi ditudanean zailtasun handiagoak aurkitu ditut. Eleberri laburra idazterakoan, oso gustura sumatu dut neure burua. Hasieran ematen du ipuinak errazagoak direla, baina ez da horrela: zehaztasuna eska- tzen du, biribiltasuna eta maisutasuna». Eleberri laburrak, ordea, idazten zuen bitartean ikertu eta arakatzeko denbora utzi dio. «Nik baneukan istorio abiapuntu bat. Beste guztia horren harira etorri da».
No comments:
Post a Comment