2006/05/08

> Elkarrizketa: IRATI JIMENEZ > "BAT, BI, MANCHESTER"

  • Irati Jimenez : “Nire ahotsa aurkitzeko ibilbide bat topatu dut eleberri laburrean”
  • Nontzeberri, 2006-05-08

Urrian argitaratuko du bere lehen nobela: Bat, bi, Manchester. Irati Jimenez kazetari eta idazleak, Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak urtero antolatzen duten Agustin Zubikarai nobela laburren lehiaketa irabazi berri du. Miren Agur Meabe epaimahaikideak hauxe esan du liburuari buruz: “Irakurtzen amaitu nuenean, eskua pasatu nion orijinalari, azaleratutako sentsazioei eta sentimenduei agur esateko penarekin”.

Zer kontatzen du nobelak?
Mutil euskaldun bik elkar ezagutzen dute Manchester-en eta berez komunean ez daukate gauza handirik, baina etxetik kanpo daude eta beste egoera batean daude. Beste egoera batean agian ez litzateke lagunak izango baina hor bai. Bata heterosexuala da eta bestea homosexuala, aitortua. Homosexuala amodiozko sentimenduak izaten hasten denean amodio hori ezinezkoa dela uste du. Hori da azalean idatzi dudana. Baina bigarren maila bat ere bada: narratzaile eta, aldi berean, protagonistak, idazle izateko gogoarekin bizi denak, bere buruari hainbat traba jartzen dizkio eta badu agian, konfiantza falta eta beti borrokaldi batean ari da bere buruarekin. Eta istorioa hori ere bada.

Manchesterren paratu dituzu protagonista biak. Zer dela-eta?
Batetik pertsonaiak bata bestearengana hurbil zitezen. Etxean baleude, ez lirateke lagun egingo, ezer ez daukate eta komunean. Baina etxetik kanpo, bi euskaldun Manchesterren, ezinbestean hitz egiten hasten dira, esan dudanez. Hortik adiskidetasuna eta gerokoak. Bestetik, Manchester ezagutu nuen aspaldi. Hiri arrotza iruditu zitzaidan baina oso hurbila. Bilbo ia-ia. Baina eraberritu gabe. Noraezean oraindik. Hogeita piku urte batzuk ditugunon antzera, beharbada. Hiriak maite ditut eta nobela honetarako Manchester aukeratu.

“Ezinezko amodioa ez da zeharo harreman inposiblea”, esan zuen lehengo egunean zure testua komentatzen ari zela Miren Agur Meabe idazle eta lehiaketaren epaimahaikideak
Nobelak zerbait esaten badu amaieran, agian esango du batzuetan oztopoa edo inposible hitza dela gure buruari jartzen diogun oztopoa, azkenean aurrera ez egiteko, ez naiz saiatuko eta hori kenduko bagenu, lortuko genituzke uste ditugunak baino askoz gauza hobeak eta handiagoak.

Sormenaren jiran ere aritu zara nobelan
Pertsonaien bidez niretzat oso intimoak ziren gauzak kontatu ditut. Azken batean, batetik maitasun inpos¡ble baten istorioa da eta beste aldetik sormen inposiblearen istorioa. Balio izan ditut hauek nire mamuak uxatzeko neurri batean nahi gabe, neuk ere luzaroan nahi izan dut idatzi eta luzaroan idazti ditut bukatzen ez ziren istorioak.

Formatu laburra aukeratu duzu nobelari heltzeko...
Nobela laburra da benetan. Batzuetan idatzi izan ditut ipuin laburrak. Lehiaketaren berri izan eta ez nuen pentsatu nobela labur bat idazteko gai nintzenik. Baina istorioa sortu zen. Ez dakit hasiera batean istorioak zelan sortzen diren, baina formatu horretan oso ondo aurkitu nuen nire burua. Ipuin laburrek hasieran errazago ematen dute, orri gutxiago dute, baina ez da erraza niretzat, biribiltasun bat eskatzen dutelako edo jakin behar duzun ipuinarekin zer esan behar duzun eta nobelak ematen dizu denbora arakatzeko, eta pentsatzeko zer esan nahi duzun. Nik deskubritu dut gehiago idazten ari nintzela zer esan nahi dudan eta ez hainbeste aurrez pentsatu eta “beno hauxe idaztiko dut”. Hasieran pentsatu nuen gizon homosexual maitemintzen dela heretosexualarekin eta kitto, eta beste guztia horren harira etorri da.

Beraz errepikatzeko moduko formatua...
Nire ahotsa aurkitzeko ibilbide bat topatu dut formatu honetan, luzeegia ez dena. Gustura egon naiz eta animatuko nituzke beste idazleak formatu honetan aritzera. Ezuste handia izan baita niretzat.

Atalik gabeko kontakizuna planteatu duzu...
Oso atal laburrak dira eta bada hitz bat edo beste atalak lotzen dituena. Ez dakit kazetaritzan aritzen naizelako edota nire buruarekin borrokak ditudalako, beti pentsatzen dut nola egin ahal diren gauzak ahalik eta irakurterrazen eta erakargarrien. Atal bat irakurtzeak ez du ahalegin handirik eskatzen eta bi hitz horiek lotzen dute hurrengo atala eta horrela bazoaz irakurtzen modu naturalean eta, ondo eginda badago, konturatu baino lehen bukaeran zaude. Atal bakoitzaren amaierak errematatzen du hurrengo atalaren hasieran topatuko dugun hitza.

Liburua, Miren Agur Meabek azaldu zuen bezala, “in progress” dago idatzita. Zergatik aukeratu duzu narratzeko modu hau? Gustura horrela narratzen?
Idaztera eseri nintzenean erabaki gabe neukan zehatz zer kontatu eta jakina nola kontatu baina lehen esaldia lehen pertsonan eta protagonistaren ikuspuntutik etorri zen. Laster harritu ninduen jakiteak protagonista norbaiti hitz egiten ari zela. Baina horrela etorri zen, berez. Bidea egiterakoan jakin dugu biok, protagonistak eta neuk zertan ari ginen. Biok geure berben bila. Agian “in progress” idatzi dut, “in progress” nabilelako, neure kontakizunen bila. Idazten, zer idatzi nahi dudan jakiteko.

Zure ustez nolakoa izan behar da nobela labur bat? Zein ezaugarri izan behar du?
Bakarra idatzi dut eta ez dakit inor ote naizen nolakoa izan behar duen esateko. Autoreak nahi duen halakoa, ezta? Mila kolore, mila aurpegi izan ditzake nobela laburrak, beste edozein generok bezala. Eta politak dira, pertsonaiek bizitzaren zatitxo bat erakusten dutelako eta gero badoaz konturatu baino lehen.

Iaz Euskadi Saria eman zioten Harkaitz Canori “Belarraren ahoa” eleberri laburrengatik. Hala ere, ez dirudi gure literaturan arrakasta handirik duenik genero honek. Zergatik? Besterik merezi du?
Formatu ederra da nire ustez, irakurtzeko denbora gutxi eskatzen baitu eta denboraz beti estu gabiltza. Hondartza goizean, tren bidaian irakurtzeko nobelak maite ditut. Baina idazle hasi berri asko ipuinekin hasten dira, eta normala da. Tradizio handia du eta maisulan ugari. Eta badirudi ematekoan saltoa nobelara eman behar dela. Edo bata edo bestea. Neuri ere ez zitzaidan burutik pasa baina hara, lehiaketa ikusi eta nobela laburra idatzi dut. Oso gustura.

Kanpoan maisuak badaude, hala nola Alessandro Baricco edo Maxence Fermine. Baten bat nabarmenduko zenuke zuk zeuk?
Nik inoiz irakurri dudan gauza harrigarrienetakoa bat, formatu txikiko nobela da. Steinbecken The Pearl (Altxorra). Halako abesti luze baten modukoa da, baina abestia hala ere, eta ez sinfonia. Hitzekin barik, bihotz taupadekin idatzia ematen du. Zoragarria.

Lehendik beste lan batzuk ere badituzu. Batetik, “Malcom X” (Txalaparta) haurrentzako biografia eta antzezlan bi. Zeintzuk dira lan horiek?
Antzerki-munduan erosoago mugitzen zara? Spok izeneko antzezlana idatzi nuen eta zuzentzen lagundu, nire lagunek daukaten “DOX” teatro taldearentzat. Eta orain bakarrizketa batekin ari naiz, DOX taldeko Maria Dondiz aktorearekin. Antzerkia gustatzen zait, irratia ere bai. Formatua berdin, kontalari, kontatzaile izatea maite dut. Eta momentuz edozer idazteak pozten nau. Egunen baten jakingo dut hobeto agian non nagoen gusturago. Momentuz jarraitzen dut, neure ahotsaren bila. Hasi berria naiz.

Kazetaria zara ogibidez. Kazetaritza eta literatura. Elkarri eragiten diote zure jardunean?
Baietz esango nuke. Kazetaritza nolabait ariketa fisikoa da, idazteko ohitura eman dit eta komunikatzearen grina. Ez dut besterik nahi, irakurlearengana iristea baino. Horren bila ari naiz. Irratian entzulearen bila ari naizen bezala.

Liburua urrian argitaratuko da. Orain, baduzu besterik esku artean?
Aipatutako bakarrizketa horrekin ari naiz. Eta beste hainbat kontakizunekin daukat burua berotuta. Nahiko nuke idatzi, neure buruari gehiegi galdetu gabe zertarako edo zergatik. Eta ikusiko dugu. Barruan istoriorik ote dudan ari naiz jakin nahian, ehizan. Ikusiko dugu.

No comments: