- Legez kanporatzeak gainditzeko eskatu diote ehunka lagunek PSOEri
- Eskubide zibil eta politikoak aldarrikatuz elkarretaratzeak egin dituzte PSE eta PSNren egoitzen aurrean, hainbat eragileren deiari jarraituz
- Berria, 2005-07-01 # Aitziber Laskibar, Bilbo
Espainiako Auzitegi Nazionalak Haika-Segi auziari buruz emandako epaiak Espainian sortu dituen kritikek eta euskal gizartean eragin duen pozak, gertaera larri bat ezkutatu du: Jarrai, Haika eta Segi gazte erakundeak legez kanporatu egin dituztela. Hausnarketa hori egiten du Ibon Meñika auzipetuak. Eta ez Meñikak bakarrik. Euskal Herriko hainbat gizarte eragilek irakurketa bera egin dute, legez kanporatzeen bidea gainditu behar dela esateko. Auzipetuei eta gazte erakundeei babesa eman dieten hamabost bat eragilek deituta, elkarretaratzeak egin zituzten atzo arratsaldean ehunka lagunek PSE-EEren eta PSNren egoitzen aurrean, PSOEri legez kanporatzeak alboratu eta eskubide zibil eta politikoak errespeta ditzala eskatzeko.
Iruñeko protestak bildu zuen jende gehien, ordu erdiz: 150 lagun. Bilboko eta Donostiako elkarretaratzeetan, laurogeina lagun elkartu ziren, Eskubide zibil eta politikoen defentsan, ilegalizaziorik ez zioten pankarten atzean, ertzainez inguraturik.Segi gazte erakundeak azken asteetan egindako interlokuzio dinamikaren ondorio izan ziren atzoko protestak. Hamabost bat erakundek Jarrai, Haika eta Segiren aurkako «makroepaiketa politikoa» salatu, eta halako erasoak gainditzeko «neurri politikoak» aldarrikatzen zituen idazkiari atxikimendua eman zien, bai eta atzoko elkarretaratzeak babestu ere.Gazte erakundeei babesa eman eta legez kanporatzeak gainditu beharra aldarrikatzeko idazkia sinatu zuten taldeen artean aipagarriak dira Batasuna, EGI, EILAS, LAB, Duina, Askatasuna, Gurasoak, Etxerat, Bilgune Feminista, Euskal Herrian Euskaraz, Gaztesarea, EHGAM, AHTren aurkako taldea, Gazte Asanbladak, Donostiako Piratak eta Bilboko Okupazio Mugimendua.Horiek guzti horiek salatu zuten «motibazio politikoz jositako eta juridikoki sostengarria ez den epaiketa» . Guztiek aldarrikatu zuten euskal gazteriak antolatzeko duen eskubidea.
- Gainerako auziak bertan behera uzteko eskaera
Baina ez Haika-Segi auzia soilik. Meñikaren ustez, «Estatuak ezarritako bide errepresiboaren» lehen urratsa besterik ez da izan gazte erakundeen aurkakoa. Atzetik etorriko dira ondorengoak. Hartara, datozen makrosumarioak ere arrazoi politiko hutsetan oinarritzen direla ziurtzat izanik, horiek guztiak bertan behera uzteko eskatu zion Meñikak PSOEri, «Espainiako Gobernuan egonik berak dituelako errepresioaren bidetik jarraitzeko edo konponbiderako urratsak egiteko baliabideak». Hala, Alderdi Sozialistak «hitzez adierazten duen borondatea aurrerapausoekin gauzatzeko eta errepresio eskema zaharrak alboratzeko» eskatu zion.
Gizarteari ere deia egin zion Meñikak: Gazte erakundeei erakutsitako babes eta atxikimendua gainerako auzietan areagotzeko. Izan ere, zigortuaren ustez, «euskal gizartearen erantzunak eman du etekina» eta, hartara, bide hori indartu beharra dagoela deritzo.
No comments:
Post a Comment