- Sexu bereko gurasoen haurrak babesteko, Magala sortu dute
- Bikote homosexualen arteko familiek sortu dute elkartea, gizarteari aurreiritziak gainditzen laguntzeko
- Berria, 2006-01-29 # Iñigo Bilbao, Bilbo
Izena hartu dute orain. Familia homoparentalak dira, ezaugarri bereziak ez ezik, berariazko arazoak eta premiak dituztenak. Horiek guztiak asetzeko elkartea sortu dute orain. Magala du izena, Gipuzkoan sortu dute, eta bere baitan ia hogei familia batu dira dagoeneko.Sexu bereko gurasoak dituzten umeei topagune bat eskaini nahi die elkarteak, etxean dutena beste nonbaiten ikus dezaten. Marijo Mendieta buru-belarri sartuta egon da elkartearen sorreran. Haren izena ezaguna egin zen Aitorrek bi ama ditu ipuin liburua kaleratu zuenean. «Psikologoek argi esan digute gure seme-alabek euren egoera berean bizi diren umeak ezagutu behar dituztela, desberdinak edo bitxiak ez direla jabetu daitezen. Ondo dakigu desberdina dena, ezagutzen ez dena ez dela hain erraz aintzat hartzen».Mendietak eta haren neska-lagunak bezala umeak dituzten bikote homosexualek bizi izan duten esperientzia eskaini nahi diete bide beretik abiatu nahi duten bikoteei. Hori da, umeei eredua ezagutaraztez gain, elkartearen helburua: haurra izan nahi duten bikote homosexualei informazioa ematea, eta zein aukera dituzten jakinaraztea; esperientzien trukea egiteko topaketak, tailerrak, berbaldiak eta gisakoak egitea; eta gizartearen baitan kontzientziazio lana egitea, dauden aurreiritziak gainditzeko.
- Betikoak, gutxienak gaur
«Jendeak ezkonduta dauden aita-amek eta haien seme-alabek osatutako familiak dauzka buruan, eta ez dira ohartzen gurean, Euskal Herrian, horiek gutxienak direla gaur egun». Hori esaterakoan banatutako gurasoak, ama ezkongabeak, adopzioaren bidez osatutako familiak edo sexu bereko gurasoen familiak ditu buruan. Eta horiek Euskal Herrian familien %52 dira gaur egun.
Magala oraintsu legeztatu badute ere, aspaldi hasi ziren elkartzen, Gasteizko Legebiltzarrak Izatezko Bikoteen Legea onartu eta adopzio eskubidea aitortu zienean, hain justu. Umea bikotearen barruan, intseminazio artifizialaren bidez egin arren, legeak ama biologikoa baino ez zuen aintzat hartzen: «Beste kideak legez kanpokoak ginen, inolako eskubiderik gabekoak». Prozedurarekin hasi zirenean, baina, Alderdi Popularrak errekurtsoa ipini zion legeari, eta bertan behera geratu ziren adopzio eskaera guztiak. Latzak izan ziren hilabete horiek bikote askorentzat. Espainian gobernu aldaketa izan eta agintari berriek Kode Zibila aldatuko zuen legea iragartzearekin batera helegitea atzera bota zutenean, amaitu ziren askoren estualdiak. «Jendeak uste du lege berriarekin dena konpondu dela, eta ez da hala, beldur handia dago oraindik, gizarteak besterik adierazi arren, ez duelako aintzat hartzen oraindik homosexualitatea».
Eskolan hutsune nabarmena sumatu dute, ikasleei gutxiena den eredua berezkoa, ohikoa eta nagusi balitz bezala erakusten dietelako oraindik. «Indarrak batu nahi ditugu Hezkuntza Sailaren aurrean presioa egiteko».Hori izango da elkartearen xedeetako bat, laster. Orain egoitza lortu nahian dabiltza. Zarauzko Udalari txoko bat uzteko eskatu diote, baina erantzunaren zain daude oraindik. Elkartea Gipuzkoan sortu badute ere, sexu bereko gurasoen familiak nonahi aurki daitezke. Horietako gehienak emakume bikoteak dira.
- Bestelako esperientziak
Bizkaian, Aldarte izeneko arreta zerbitzuan, aspaldi sortu zuten Ama lesbianak izeneko gogoeta taldea. Magala barruan garatu nahi dituzten ekimenak egiten dituzte bertan, eta Familia ereduak eta gizarte aldaketak: Homosexualen gurasotasuna eztabaidagai izeneko liburuxka kaleratu dute berriki gaiaren inguruko gogoeta sustatzeko.
Amparo Villar ari da Aldarte barruan taldea koordinatzen. «Gehienak intseminazio artifizialaren bidez sortutako umeak dira eta, beraz, oraingoz taldea, batez ere, amei eta haiek bezala ama izan nahi duten emakumeei dago zuzenduta».
Hilean behin elkartzen dira elkartearen egoitzan. «Amatasuna zelan bizi izan duten azaltzen diote elkarri, eta bide beretik joan nahi dutenei aukerak zeintzuk diren ere bai. Zailtasunak ahaztu barik, noski: intseminazio artifiziala zelakoa den, non eta zelan egiten den, zenbat balio duen, gorputzean zelako eragina duen, hori guztia etxekoei azaltzeko zein arazo izan dituzten...».
Aztergai ere bihurtu dira taldeko ama horiek, unibertsitateetan gaiari buruzko ikerketak egin nahi izan dituztenean, haiei egokitu baitzaie aurpegia ematea.Halako familiak Araban eta Nafarroan badira. Baina Gasteizko Enfasis zerbitzuan eta Iruñeko Kattalingorri elkartean batzen hasi direnik ez dakite, oraindik ez dute horren berri izan.
No comments:
Post a Comment