2006/01/29

> Berria: Familia > BIDE MALDATSUA: FAMILIA BERRIEN ESPERIENTZIAK

  • Bide maldatsua: familia berrien esperientziak
  • Adoptatzeko eskubidea onartu zaien arren, sendia osatzeko bide korapilatsua daukate oraindik bikote homosexualek
  • Berria, 2006-01-29 # Iñigo Bilbao, Bilbo
Bere homosexualitatea ukatzera derrigortuta egon da gizon asko umea adoptatu ahal izateko. Txinan, esate baterako, eta han jaioak dira adoptatutako ume dezente haurra hartzen duten gizon ezkongabeek agiria sinatu behar izaten dute homosexualak ez direla zin eginez. Arazoa, gainera, ez da haurra etxean dutenean amaitzen, umearen sorterriko agintariek hainbat urtez jarraipena egiten baitiote prozesuari.

Ekialdeko beste herrialde batzuetan ez da halako agiririk sinatu behar izaten, baina umeak 18 urte bete artean, urtero eskolaren eta medikuaren agiria eta umearen argazkia bidali behar dute herrialdeak Madrilen daukan enbaxadara.Horrek guztiak beldur handia eragiten die familia osatzeko nazioarteko adopzioa baliatu duten gizonei; ikusezin bihurtzen ditu. Bikote bakarra sartu da Magala elkarte berrian. Beste batzuk ausartu ere ez dira egiten oraingoz, umea kenduko dieten beldur direlako.Gezurra esan zuten, beste aukerarik izan ez zutelako. Hego Euskal Herrian eta Espainiako araudien eraginaren pean diren gainerako herrialdeetan baino ezin dute legez adoptatu, eta hor ez dago umerik.Hainbat lekutan bada amak alokatzeko modua, edo mutil bikote bat neska bikote batekin adostu eta ernalketa baliatzeko aukera. Euskal Herrian, baina, galarazita daude halako bideak.
  • Salbuespenezko familiak
Salbuespen bezala hartu badaitezke ere, badira lehenago emakume batekin egindako familia gero gizon batekin osatutako familiara eraman duten gutxi batzuk. Bilbon, adibidez, Iñakik eta Albertok, eta lehenengoaren alaba biek osatzen dute sendi homoparental horietako bat. Familiari Albertoren semea gehitzen zaio, gainera, mutikoari aitarekin egotea egokitzen zaion asteburuetan.

«Geuk, emakumeok, gizonezkoek baino errazago daukagu familia egitea, ez bakarrik biologikoki zailtasunik ez daukagulako, baita adoptatzeko edo etxean daukagun errealitatea araupetzeko traba gutxiago jartzen dizkigutelako ere». Marijo Mendietak ondo daki hori. Horrek ez du esan nahi, baina, bide erraza izan dutenik berak eta Rosa neska-lagunak. «Umea jaio eta izena ematera Erregistro Zibilera joan ginenean, nahitaez aitaren izena jartzeko eskatzen ziguten. Ondo zekiten, legez, intseminazio artifiziala egiten denean debekatuta dagoela hazi-emailea nor izan den ezagutaraztea; lesbianak ginela eta Izatezko Bikoteen Erroldan geundela bazekiten eta, hala ere, aitaren izena eskatzen ziguten. Ez sinestekoa izan zen han gertatu zena».Baina ez ziren hor bukatu Marijo eta Rosaren buruhausteak. Urte eta erdi geroago, epaileak bien amatasuna aitortu zienean, Familia Liburuaren bila joan zirenean, trabak besterik ez zizkieten ipini. «Bi egun eduki gintuzten Familia Liburuaren zain, nahiz eta epaitegiko ebazpenarekin joan eta epaileak agirian argi eta garbi esan biok ginela umearen amak eta bion abizenak hartu behar zituela mutikoak».Bizkaian, Nereak eta Kristinak ere ezagutarazi dute Kristina alabatxoak beren bizitzan zer eragin izan duen: «Gure kasuan, administrazio tramite askotan lehenak izatea izan dugu berritasunik handiena: ezkondu, adoptatu, Familia Liburua aldatu eta, zenbaitzuetan, inprimaki zaharkituak nola bete ez dakien funtzionarioarekin topo egitea».

Bikote homosexualen aitatasun edo amatasun gaitasuna ukatzen dutenek umeak jarri ohi dituzte aitzakia bezala euren arrazoiak nabarmentzeko. Iratik 29 urte ditu, eta ume txikia zela gurasoak banatu zirenetik, aitaren eta amaren etxeetan bizitzea egokitu zitzaion; bietan, biekin eta biek hartutako bikotekide berriekin. Emakumezkoak biak. «Etxe bietan maitasuna izan zen lehentasuna eta, beraz, guraso genituenen generoari ez, pertsonari eman diogu beti garrantzia. Bai aitarekin, bai amarekin, eta beren neska-lagunekin oso harreman ona, orekatua eta komunikazio handikoa izan dugu beti».

Irakasle dabil egun eskola batean. «Izugarria da, ikasgelan eredu oso desberdinetako familietako umeak ditugun arren, liburuetan eta ikasgaietan oraindik betiko eredu zaharkitua agertzen da, bakarra balitz bezala».

No comments: