2006/07/04

> Berria: Indarkeria > EMAKUME BAT HIL DUTE AIZTOZ BASAURIN, ETA HAREN BIKOTEKIDEA ATXILOTU DU ERTZAINTZAK

  • Emakume bat hil dute aiztoz Basaurin, eta haren bikotekidea atxilotu du Ertzaintzak
  • Ustezko erasotzaileak zauri larriak zituen eta Gurutzetako ospitalean daukate, atxilotuta
  • Berria, 2006-07-04 # Erredakzioa, Donostia
Ertzaintzak 27 urteko P.C.N. gizonezkoa atxilotu zuen atzo Basaurin (Bizkaia), ustez bere bikotekidea hiltzeagatik. Emakumea aizto batekin egindako zaurien ondorioz hil zen.
Atzo arratsaldean, seiak aldera, Ertzaintzak Basauriko Kareaga Behekoa kalean gertatutako eraso baten berri jaso zuen. Bertako etxe batera joan eta barruan hilda zegoen emakume bat aurkitu zuten, lurrean.


Etxean bertan zegoen hildako emakumearen bikotekidea, 27 urteko P.C.N. gizonezkoa. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, gizonak aizto batek eragindako zauri larriak zituen gorputzean, eta Gurutzetako ospitalera (Barakaldo, Bizkaia) eraman behar izan zuten. Gizona ospitalean dago, atxilotuta.

Ertzaintzak ustez emakumea hiltzeko erabili zen aiztoa aurkitu zuen bikotearen etxean bertan. Medikuek baieztatu dutenez, emakumea aizto batek eragindako zauri ugarien ondorioz hil zen.
Emakumearen gorpua Bilboko auzitegiko patologia zerbitzura eraman zuten. Ertzaintzak jakinarazi du hilketa argitzeko ikerketa zabalik dagoela.

No comments: