2006/06/27

> Berria: Ekitaldiak > EHGAMEN 30 URTEKO IBILBIDEA ARGAZKITAN IKUS DAITEKE USURBEN

  • EHGAMen 30 urteko ibilbidea argazkitan ikus daiteke Usurben
  • Atzo inauguratu zuten 'Borroka baten koloreak' izeneko erakusketa, eta uztailaren 2ra arte egongo da irekita
  • Goierriko HITZA, 2006-06-27 # Uxua Barandiaran

Euskal Herriko Gay Askapenerako Mugimendua (EHGAM) sortu zela 30 urte bete dira, eta horren harira Euskal Herriko gay eta lesbianen mugimenduak erakusketa jarri du Beasainen. Borroka baten koloreak izenburupean «gay, lesbiana, transexual eta gutxiengo sexualen garapenean eragina izan duten momentu ugari bildu nahi izan ditugu argazkitan», azaldu dute antolatzaileek. Besteak beste, martxoaren 8an ospatzen den emakumeen nazioarteko eguna, maiatzaren 17an izaten den homofobia, lesbofobia eta transfobiaren kontrako nazioarteko eguna edota bihar ospatuko den gay, lesbiana eta transexualen askapenerako nazioarteko egunaren irudiak jaso dituzte. Urteetako ibilbidea «luzea eta zaila» izan dela diote, eta horren berri ere eman nahi izan dute erakusketan.

Atzo ireki zuten erakusketa Usurbe Antzokiko erakusketa aretoan, eta uztailaren 2ra arte egongo da aukera ikusteko. Lanegunetan 19:00etatik 21:00etara. Jaiegunetan ordutegi zabalagoa izango du, 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara.

1976. urte bukaeran, Durangoko azokan, eman zituen lehenengo pausoak EHGAMek. Hurrengo urteetan hasi ziren aldarrikapenak azaleratzen. Mugimendua legezko bihurtzeko mozioak udaletan edota Francisco Vicente Vadillo trabestiaren hilketaren ondotik homosexualen aldeko mugimenduak indartu ziren, besteak beste. Horrela, 1979. urteko ekainaren 28an kalera atera eta lehen manifestazioa egin zuten Donostian.

  • Gizartearen erantzuna
Homosexualen aurrean «gogor» azaldu da behin baino gehiagotan gizartea. Are gehiago, askoren ustez gaixotasun baten parekoa da sexu bereko pertsonak maitatzea. Denboraren joanean itzalduz joan da pentsakera hori. Horren adibide da, 1990. urtean Osasunerako Mundu Erakundeak gaixotasunen zerrendatik kendu izana. Hala ere, «elizak, beste erlijioetako hierarkiek eta erakunde integrista edo kontserbadoreek euren jarrerarekin jarraitzen dute».

Ezkontzeko eta umeak adoptatzeko orduan legearen aurrean homosexualek berdintasuna lortzeko iaz arte itxaron behar izan zen.

Urte hauetan aurrerapauso asko eman diren arren, gizartean homofobia, lesbofobia eta transfobiaren eragina nabaria dela diote EHGAMeko kideek. «Horregatik, lan asko dugu oraindik egiteko. Komunikabideetan, instituzioetan...».

No comments: