2006/06/27

> Erreportajea. Ekainak 27 > AURRERA, BAINA EZ NAHI BESTE

  • Aurrera, baina ez nahi beste
  • Berdintasun legala lortu arren, berdintasun soziala lortzeko asko geratzen dela diote gay eta lesbianek
  • Berria, 2006-06-27 # Asier Iturriagaetxebarria, Bilbo

Urtebete pasatu da Espainiako Parlamentuak sexu bereko bikoteei ezkontzeko eskubidea eman zienetik. Urtebete horretan aurrera egin dela aitortzen dute Hego Euskal Herriko gay eta lesbianen elkarteek, baina oraindik gauza asko daudela egiteke azpimarratu dute. «Berdintasun legala lortu da, eta hori izan da gay eta lesbianen aspaldiko aldarrikapen bat, baina oraindik berdintasun soziala lortzea falta zaigu». Hegoak elkarteko Txema Gonzalok egindako adierazpenak dira, baina horixe da elkarteen ustea, zehaztasunak egon badauden arren.

Hauteskunde kanpainan hartutako konpromisoa betez, Espainiako Kode Zibila aldatu, eta sexu bereko bikoteei bikote heterosexualek dituzten eskubide berberak eman zizkien Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak. Horretarako, baina, Espainiako Parlamentuaren adostasuna behar zuen. Iazko ekainaren 30ean egindako bozketan lortu zuen. PP eta CiU alderdi politikoetako diputatuak izan ezik, beste guztiak Kode Zibila aldatzearen alde agertu ziren.

Orduz geroztik, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako sexu bereko bikoteek ezkontzeko eskubidea dute, eta, nahi izanez gero, umeak adoptatzeko eskubidea ere badute. Hau da, beste edozein bikotek dituen eskubide berberak dituzte.

Bihar ospatuko dute Gay eta Lesbianen Nazioarteko Eguna, eta, horrekin batera, ezkontzeko eskubidea badutela ere ospatu ahal izango dute. Hala ere, hori ez dela nahikoa nabarmenuko dute, EHGAMeko Imanol Alvarezek esan duen legez: «Berdintasun soziala berditasun legaletik haratago doa. Hori lortzeko, izugarrizko lana daukagu egiteko; gure helburua benetako berdintasuna da».

Antzeko bidetik jo du Sejo Carrascosa gay mugimenduko kideak. Azpimarratu duenez, Kode Zibila aldatzeko asmoak agerian utzi zuen orain urtebete homofobia gure gizarteko zenbait sektoretan ondo barneratuta dagoela oraindik. Dena den, sexu bereko kideak ezkontzeak borroka horri lagundu diola azaldu du. «Homosexualitatea gizartean ikusarazteko balio du. Esaterako, Grande-Marlaska epailea bezalako pertsonaia ezagun batek komunikabide batean esatea homosexuala dela eta ezkonduta dagoela, ondo dago».

  • Adoptatzea, zail

Berdintasun sozial hori lortzeko bidean nondik nora jo behar den argi daukate Alvarezek eta Carrascosak: hezkuntzan aragin behar da. Carrascosak aipatu duenez, ikastetxeak adibide onak dira gizartean barneratuta dagoen homofobia ikusteko. Hala, bertan gehiago eragiteko eskatu du. «Bullying kasuren bat egon dela entzutean, beti pentsatzen dut posible dela ume hori maritxua izatea. Maritxuok oso ondo dakigu zer den ikastetxe batean jazarpena bizi behar izatea».

Sexu bereko bikote ezkonduek umeak adoptatzeko eskubidea dute orain -Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2003. urtetik dute, Izatezko Bikoteen Legearen bitartez-, baina zailtasunak dituzte. Izan ere, Espainian adoptatzeko umerik ez dagoenez, kanpora joan behar dute. «Kanpoan oztopo askorekin egiten dute topo. Txinan, esaterako, zinpean esan behar duzu zu homosexuala ez zarela, hara norbanako bezala adoptatzera joan nahi izanez gero. Dena den, ezagutzen ditut gezurra esan eta umea ekarritakoak», dio Alvarezek.

======================================================

  • Zenbakia > 89

Hego Euskal Herrian 89 ezkontza homosexual egin ziren 2005. urteko ekainaren 30etik abenduaren 30era; 69 ezkontza gizonen artekoak izan ziren, eta 20 emakumezkoen artekoak.

Araba. 11 ezkontza. 7 gizonen artean eta 4 emakumeen artean.
Bizkaia. 37 ezkontza. 31 gizonen artean eta 6 emakumeen artean.
Gipuzkoa. 29 ezkontza. 21 gizonen artean eta 8 emakumeen artean.
Nafarroa. 12 ezkontza. 10 gizonen artean eta 2 emakumeen artean.

======================================================

  • «Praktikotasunagatik egin dugu»
  • Izatezko bikote izanda ez dituzten eskubide legalak lortzeko erabakitzen dute ezkontzea bikote homosexual askok.
  • Berria, 2006-06-27 # A. Iturriagaetxebarria, Bilbo

Ezkondu zirenetik euren bizitza ez dela aldatu nabarmendu arren, ezkonduta egoteak «abantaila legal» batzuk badituela aitortu du Pedro Matxok. Matxo eta bere bikotekidea joan zen irailaren 29an ezkondu ziren. «Hego Euskal Herriko lehenengoetarikoak izan ginen». Izan ere, uztailean hasi ziren ezkondu aurreko tramitazioarekin, eta irailaren amaierarako eman zieten data.

«Guk 15 urte daramatzagu elkarrekin. Izatezko bikotea ere baginen, baina konturatu ginen eskubide batzuk ezerezean gelditzen zirela. Testamentuen eta jarauntsi kontuetan, adibidez, izatezko bikoteek eta ezkonduek ez dituzte eskubide berak». Inguruko beste izatezko bikote batzuekin testamentuekin zer gertatu zen ikusita, ezkontzea eta berehala testamentua egitea erabaki zuten Matxok eta bere bikotekideak. «Praktikotasunagatik ezkondu ginen». Era berean, bai bera eta bai bere bikotekidea «ezkontza heterosexual eta patriarkalaren kontra» luzaro borrokatutakoak direla gogoratu du.

Matxo eta bere bikotekidea bezala, legediaren hutsuneak estali asmoz erabaki zuten ezkontzea Cristina Alvarez Esparzak eta Nerea Garcia Lopezek. Joan zen urteko urrian ezkondu ziren. 11 urte dira bikotea osatzen dutenetik, eta izatezko bikotea ere baziren. Baina 2004ko abenduaren 29an, Afrika beren alaba jaio zen. «Nerea haurdun geratu zenean, bikote homosexualen ezkontzei buruzko legearen gaia atera zen, eta orduan erabaki genuen gauzarik onena ezkontzea izango zela», azaldu du Alvarez Esparzak. «Ez hori bakarrik, ogasun arloan edo jarauspen kontuetan ez da gauza bera izatezko bikotea izatea edo ezkonduta egotea», gaineratu du Garcia Lopezek.

  • Familia liburuan aldaketak

Ezkondu eta berehala, lehenengo aldaketak igarri zituzten. Ordu arte, Garcia Lopezen alaba zen Afrika, eta bere bikotekideak ez zeukan zerikusirik. Harrezkero, biak dira Afrikaren guraso, eta hala jasotzen da familia liburuan. «Gure familia liburua izango da hori jasotzen duen lehenengoetako bat». Hala ere, familia liburuan aldaketa hori jaso ahal izateko, Alvarez Esparzak adopzio eskaera bat egin behar izan zuen. «Emaitza zein izan den ikusita, nik ezkontzera animatuko nituzke bikote homosexualak. Jai handia egin ez izanaren damu naiz orain!», dio Alvarez Esparzak.

======================================================

  • «Izatezko bikotea ere baginen, baina ezkonduen aldean eskubide batzuk ezerezean gelditzen ziren» · Pedro Matxo · gay ezkondua
  • «Gure alabarengatik erabaki genuen ezkontzea, biok umearen guraso gisa agertzeko familia liburuan» · Cristina Alvarez Esparza · lesbiana ezkondua

======================================================

  • «Gizartea hipokrisian gordetzen da, eta ez ikusiarena egiten du»
  • Philippe Lacoste Miarritzeko LGP elkarteko lehendakaria
  • Gay eta lesbianen eguna dagoeneko iragan da Ipar Euskal Herrian. Usaian bezala, nazioarteko eguna baino astebete lehenago ospatu dute Miarritzen.
  • Berria, 2006-06-27 # Aitor Renteria, Baiona

Sexu bereko pertsonen ezkontza eta haurren adopzioa aztertzeko prest dagoela iragarri du Nicolas Sarkozy Frantziako Barne ministroak. Segolene Royal PSFko kideak, Frantziako presidente izateko hautagai hau ere, eskubidea arautzearen alde dagoela iragarri du, orain arteko jarrera aldatuz.

Berdintasuna izan da aurtengo leloa Miarritzen egin duzuen harrotasun egunean. Zeri begira hautatu duzue lelo hori?

Berdintasuna, askatasuna eta anaitasuna dira Frantziako Errepublikako ikur edo lelo nagusia. Alta, legeari so eginez, argi dago legeak ez diela bermatzen berdintasuna sexu bereko pertsonei. Printzipioz aitortzen da berdintasuna, baina legeak ez du hori bermatzen. Horregatik, horri begira jarri ditugu aurten bitartekoak.

Zer adierazi nahi duzu horrekin?

Datorren urtean Frantziako presidentetzarako hauteskundeak izango dira eta karia horretara nahi dugu alderdi guztietako hautagaiek jarrera argia har dezaten, engaiamendu sendoa. Ezkontza, adopzioa, homofobiaren aurkako legeak... halako neurriak indarrean ezartzea nahi dugu. Funtsean bertzeek bezala izan nahi dugu, eguneroko bizia normaltasun osoz burutzea.

Zubi batek bereizten ditu Hendaia eta Irun, Lapurdi eta Gipuzkoa. Nola ikusten duzue legearekiko ezberdintasuna?

Ez du ez zangorik, ez bururik. Europarrak gara guztiak, baina zubi baten alde batera sexu bereko bi pertsona ezkondu daitezke eta hemen ez. Eskubidea bada, denetan egotea nahi eta eskatzen dugu. Zer egin behar dugu, hara joan, ezkondu eta hona itzuli? Eskubidea delako, legeak berma dezan eskatzen dugu. Ez dugu onartzen ibiltzea beti saihesbideen bila. Eskaria argia da eta agintarien erantzunak ere argia izan behar du. Prest daude berdintasuna bermatzeko, edo diskriminazioa, bazterketa bultzatzen segitu nahi dute.

Harrotasun egunak ikusgarritasuna aldarrikatzen du. Badago norberaren sexualiatea gordetzeko arrazoirik?

Legearen aitzinean ez dugu eraso zuzenik pairatzen. Baina lege faltak argi uzten du bizi dugun egoera ez dela normala, ez garela berdinak. Ez dugu lotsatzeko arrazoirik eta hori erakutsi behar diogu mundu zabalari eta gizarteari. Baina funtsean egunerokoan hainbat eraso edo bazterketa pairatzen ditugu.

Zein dira eremu zailenak normaltasun hori lortzeko?

Lege mailako aitormen eza froga nabarmena da. Horrez gain bertze bi eremu daude, familia eta lana. Urratsa hurbilekoengan ematea da zailena eta horregatik uste dugu funtsezkoa, halabeharrezkoa dela normaltasunez bizitzeko. Eta zirkulu horietan ematen ez bada urratsa, adierazgarria da. Jendeen artean egiten dugu bizia eta sexu mailan egin dugun hautua naturaltasunez erakutsi behar dugu. Batetik ingurukoen erreakzioaren beldurra dago baina horrek bertze zerbait islatzen du. Gizartearen ohituretan bazterketa da oraindik nagusi eta ongi pentsatzen du urratsa eman aitzin. Urrats hori funtsezkoa da gainerako guztiak emateko.

Familia osatzeko adopzioaren traba dago. Zein egoeratan zaudete orain adoptatu ahal izateko?

Bakarrik haur bat adoptatzeko arazorik ez dut, baina bikotean banago ezin dut. Presioa egin behar dugu, argitara azaldu. Ez dugu gezurretan ibili nahi eskubidez dagokiguna lortzeko. Aski da. Gizartea hipokrisian gordetzen da, ez ikusiarena egin eta ikusten ez duena existituko ez balitz bezala. Ataka hori gainditu behar dugu.

Zein da elkartetik bultzatzen duzuen lana?

Lehen-lehenik bilgune bat osatzea, ditugun kezka, gogoak, helburuak eta eginkizunak aipatzeko. Urtero Euskal Herria Zuzenean festibalean parte hartzen dugu. Lapurdi kostaldean errazagoa da sexualiatea azaltzea. Jende gehiago bizi da eta txikiagoa da presio soziala. Horregatik informazioa gune horietan zabaldu nahi dugu, presioa eta aurreiritziak handienak diren tokietan. Ildo berean parte hartzen dugu Euskal Herriko gizarte foroan. Bestalde, informazio lana bultzatzen dugu, eskoletan eta harreman guneetan. Adibidez, Xibertako (Lapurdi) oihanean eta hondartzetan kafea eskaintzen diegu hurbildu nahi dutenei. Informazioa zabaldu eta konfiantza sarea osatzen da.

======================================================

  • Deialdiak
  • Ekainaren 28an, asteazkena, Askapen Gay eta Lesbianoaren Nazioarteko Eguna ospatuko da. Manifestazioak izango dira eguneko ekitaldi nagusia.
  • Bilbo. 20:00 Plaza Eliptikotik manifestazioa. Ondoren, EHGAMen ikuskizun-jaia Kafe Antzokian.
  • Donostia. 20:00 Boulebarretik manifestazioa.
  • Gasteiz. 20:00. Andre Mari Zuritik manifestazioa.
  • Iruñea. 20:00. Bus Geltokitik manifestazioa. Gero, Gaypiriña festa Navarrerian.
  • Arrasate. 19:30. Elkarretaratzea udaletxeko plazan.

No comments: