- Homo hominis lupus
- 1956an kaleratu zuen Allen Ginsbergek Howl poema. Mende erdia bete den honetan, hainbat poema irakurraldi egin dira Beat mugimenduko poema enblematikoena izan zena gogoratzeko.
- Berria, 2006-06-25 # Jon Benito
44 orri zituen liburuxka bat zen, eta orduko askori liburu garrantzitsua izateko gorputza falta zitzaiola iruditu zitzaien. Dena arazo eta oztopo zen, eta autoritateek moralgabea zela esan zuten.
Baina mila aleko tirada txikia eta 44 orri besterik ez izan arren, garaiko jendarte amerikarra aztoratu zuen bere hizkera eta indar kritikoarekin. Hain zen ezberdina, hain zen gordina, lizunkeriagatik kondenatu zutela. Baina kondena zama astun baino, zabalkundean laguntzeko promozio ezin hobea bilakatu zen: inkonformismoaren, esperimentazioaren eta espiritu askatasunaren ikono bihurtu zen Howl poema. Belaunaldi oso baten itxaropen faltsu eta promesa hautsien ulua izan zen.
Liburua bigarrenez inprimatu zutenean, Lawrence Ferlinghetti, Beat mugimenduko idazlea eta lanaren banaketaz arduratu zen City Lights liburu dendako jabea atxilotu egin zuten. Liburua 75 zentimotan saltzen zutela esaten dute. Tirada berriko 520 ale bahitu eta lizunkeriak argitaratu eta saltzeagatik karguak jarri zizkioten Ferlinghettiri. Hilabete batzuk geroago artxibatu zuten kasua, baina bitarte horretan Ferlinghettiren liburu dendak ez zion liburua saltzeari utzi. Gerora liburuak izango zuen onespenaren erdia liburu saltzaile eta argitaratzaileari zor zaio beraz.
Handik aurrera liburuak berez egin zuen bidea. Indar handia zuen liburuak, indar handiagoa hartuko zuen irakurriarekin. Liburuak hartu zuen indarraren adibide, honako detailea: Allen Ginsbergek liburuan eta Howl poemaren irakurraldietan helarazten zituen «ideia libertario eta sistemaren aurkakoek», FBIren arreta erakarri zuten, Ginsberg eta Howl liburua segurtasunaren aurkako mehatxu gisa hartzeraino. Ez zebiltzan guztiz oker: Howl indarra zen, aldaketa nahia ordezkatzen zuen.
Zentsuratzaileen jarduna, kontratatuta ere lortuko ez luketen publizitatea izan zen. Berrogeita hamar urte pasatu dira liburua kaleratu zenetik, eta liburuaren milioi bat kopia baino gehiago saldu dira urte horietan guztietan.
- 'Beat': kolpea, suntsitua
1948an egin zuten, lehen aldiz, gerora mitikoak bihurtuko ziren bidaia horietako bat. Kerouac-ek On the road hartan jaso zuen bidaia hura, hirukote hartara bildu zen Neal Cassidy Dean Moriartyz mozorrotu zuelarik. Bidaia aurkikuntza zen, bidaia bizitza zen. Baina ez zuten bidean zehar bakarrik bidaiatzen, benzendrina, psilozibina, kokaina, marihuana, morfina eta meskalinak bestelako barne bidaiak egiten laguntzen zuen.
Ez zen bidaia bakarrik, ez zen laguntasuna bakarrik, ez zen kolpea bakarrik. Literatura ere bazegoen. Hasierako asmoetan ez bazegoen ere, gero bazegoen literaturarik. Nola ez zen egongo, Beat mugimendua bizitzaren aldeko mugimendua izanik, eta bizitza literatura bazen, eta alderantziz.
Beat jendearen literaturak ezberdina izan behar zuen. Eta izan zen. Proposatzen zuten ereduaren eta orduan zegoen literaturaren arteko aldea hain zen nabarmena, talka hain handia izan zen, hitzaren zentzu hertsian izan zela beat eurena: kolpea, apurketa. Eurek aldarrikatzen zuten hierarkiaren eta intelektualen aurkako jarrera poetikoak, ordura arte literaturan zeuden formalismo eta begirunezko jarrerak jo zituen. Eurek ez zituzten natura, gertakariak, pertsonak kontrolatu nahi. Bazekiten mundua suntsitzera zihoala eta erantzun berriak eskaini behar zirela uste zuten. Erantzun berrien bila, pertzepzioaren mugak areagotzeko edonolako bitartekoak onartu zituzten.
Beat kolpea zen, baina aditzak adiera gehiago ere bazituen izan, eta be beatten-ek kolpatua edo suntsitua edo jota egotea esan nahi zuen.
1948an The New York Times-eko artikulu batean aipatu zen lehen aldiz beat kontzeptua, John Clellon Holmes kazetariak «This is the beat generation» titulua eraman zuenean paperera. Kolpea eman zutenena, baina suntsituen belaunaldia ziren.
Kolpatutako belaunaldiak kolpea eman nahi zuen erantzun berrien bila. Howl poema nolabaiteko askatasun printza, askatasun sentipena izan zen gerra osteko Amerikako Estatu Batuetan. Askatasun sentipen horretatik idazten zuten Beat mugimendukoek. Hitz egiten den bezala idatzi, pentsatzen den bezala, arnas hartzen den bezala. Esperientzia zen baloratzen zena. Esperientzia: bizitza eta literatura eskutik zihoazen. Bidaiak: kanpo bidaiak eta barne bidaiak. Ikusitakoak, sentitutakoak: horrek balio zuen.
On the road-en, Neal Cassidyk, liburuan Dean Moriarty pertsonaia denak esaten zuen: «Hainbeste gauza daude egiteko, hainbeste idazteko! Nola hasi guztia hor jartzen, inhibizio literario, beldur gramatikalik gabe...».
- Ulua lehen aldiz
Eztanda nuklearraren eta kontserbadoreak boterera igo ziren garaian, belaunaldi baten ahotsa bezala altxatu zen Ginsberg-n ulua. Poesiari jazzaren askatasuna eman zion, rockak ekarriko zuen oihu elektrikoa aurreratu zuen, hippyen askatasun nahiari argia eman zion eta Walt Whitmanen oinordeko moderno bihurtu zen.
Hori guztia poema bakar batean.
Tripetatik, odolusten ari denak bezala edo kaka egiten duenak bezala edo goitika egiten duenak bezala irakurri eta idatzitako lerroak ziren. Titulutik bertatik Ginsbergek ahozkotasuna berreskuratu zuen, hitzaren indarra, ahozkotasunaren bat-batekotasuna: «Hitz egiten den bezala eta hitz egiten denaz idaztea, mihia aske eta belarriak beti zabalik» izatea zuen asmoa. Poetak ez du idazten ideia baten oinarriak betetzeko, itsu- itsuan abiatzen da, esaldiak mozten ditu barruak eskatu bezala. Howl-ekin ez da AEBetako literaturaren garai berri bat bakarrik hasten, konposatzeko modu berri bati ere hasiera ematen zaio. Jack Kerouacentzat bezala, Ginsbergentzat, helburua buruko pentsamendu eta ideiak dauden bezala paperera ekartzea da. Helburu horretarako lehen pentsamendua da pentsamendu onena. Beat mugimenduaren etika ere horrexetan oinarritzen zen: poetikoa edo poetikoki hitzak, egiaz, ezabatu beharrekoak dira. Zehatzena da poetikoena. Detaile zehatza behar da brodaturik gabe. Buruan dagoena, dagoen moduan, halaxe.
Belaunaldi oso bat markatu zuen Ginsbergen Howl hark. Egunotan, liburua argitaratu zela 50 urte betetzen direnean, Chicago, Belfast, New York, Londres eta San Frantziskon ekitaldi ugari egin dira uluak, oztopo, salaketa, aztoramen guztien gainetik argitaratu zela gogoratzeko.
======================================================
- «Ni Mishkin naiz!»
XX. mendeko poema epiko garrantzitsuenetakoa idatzi zuen. Nahiz eta Ameriketako gazte tribuez ari zen, ez zen gazte amerikarrez bakarrik ari. Eta hor du bere indarra. Horrek eman zion himno izaera poemari.
Militarismoak eta diktadurek zapaldu eta aspertutako gazteez ari zen. Baztertutako artistez ari zen, mistikoez, zoroez, homosexualez, lehertutako lagunez, bidaia haluzinagarrietan galdutakoez, guda inperialetan bere buruaz beste egindakoez, maniatiko sexualez, anarkistez, bakezaleez, santuez eta bestela iraun zutenez. Garaiko baztertuak zituen protagonista, pertsonaia eta pertsona: jendarte eredugarriaren ifrentzua.
Carl Solomoni eskainia dago poema. Ginsbergen ama New Yorkeko Rockland-eko eroetxean zegoen eta hara egindako bidaia batean ezagutu zuen Carl Solomon. Elektroshocketatik bere onera itzultzen ari zela, Solomonek Ginsberg ikusi zuen aulkian eserita, amaren zain. Oihu egin omen zion: «Kirilov naiz!», eta poetak erantzun, «Ni Mishkin naiz!». Eta Dostoievskiri buruz hitz egiten hasi omen ziren. Solomonen inteligentziak eman omen zion Howl-i gero izango zuen tonu elegiazkoa.
Howl-ek irakurtzeko baino gehiago entzuteko poema dirudi. Otso baten uluaren antzekoa. Hatsa iristen deneraino bezain luzeak ditu lerroak. Kolpatu egiten zaitu, errepikatu egiten ditu leloak, nabarmendu egiten ditu, hel egiten du, eskatu egiten du hozkadaka bezala.
Gizotsoaren ulua da Howl.
======================================================
- Ginsberg euskaraz
- Kolpeka eginiko poesia
Allen Ginsbergen Howl poema liburua euskaraz ere irakur daiteke. Harkaitz Canok itzuli zuen eta http://www.armiarma.com/emailuak/mizka/ginsberg.htm dago irakurgai. Hona hemen pasarte bat.
- Howl
«Nire belaunaldiko buru argienak ikusi ditut suntsituta
eromenez, gosez akabatzen, histeriaz biluzik,
arrastaka beltzen karriketan barrena ordu txikietan
orratz-ziztada amorragarriaren xerka,
aingeru-buru jakitunak behialako lotura zerutiarragatik sutan
gaueko tresneriaren dinamo izartsurantz,
txiro eta zarpail eta begi-zuloekin eta hordi, zutik pipatzen
ur-hotzeko apartamentuetako iluntasun naturaz kanpokoan
hirietako gailur garaietan gaindi airean igeri
jazzari arreta jarrita,
garun-mamiak Zeruari eskaini zizkiotenak metroko zubipean,
aingeru Islamdarrak ikusi zituztenak
eraikinetako teilatu argiztatuetan zalantza-balantza,
unibertsitateak zeharkatu zituztenak begi distirant bozkarioz-
koez haluzinatzen Arkansas eta Blake-n gisako
ikuspen tragikoekin gerra-adituen artean,
akademietatik egotzi zituztenak, zoroak zirelako eta oda
lizunak argitaratu zituztelako burezurreko leihoetan,
gela narratsetan ezkutaturik azpi-arropen ia biluzian
euren dirua zabor-saskietan erre eta
hormaz bestaldean Izua entzuten zutenak,
bizar pubikoetatik arrastaka ostikada jaso zutenak
Laredotik bueltan, New Yorkera
marihuana gerriko bana soinean zeramatela,
hotel merkeetan sua irensten zutenak, eta turpentina edaten
Paradise Alleyn, heriotzaren zama edo purgatorioko
zigorra ezarriz euren bizkarrei gauetik gauera
drogekin, ametsekin, esnai egindako lokamutsekin, alkoho-
larekin eta zakilekin eta etengabeko potroekin,
kalezulo paregabeak eta laino dardaratiak eta tximistak
adimenean, Kanada eta Patersongo poloetarantz
jauzika, bitarteko Denboraren mundu zirkingabea
argiztatzen,
(...)»
No comments:
Post a Comment